KRITIKA. Artea

Zintzotasun erostezina

Emilie Hallarden hainbat argazki, Bilboko Bizkaia aretoan jarri duten erakusketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Emilie Hallard. 'Les corps incorruptibles'

Non: EHUko Bizkaia aretoan, Bilbon. Noiz arte: Martxoaren 10era arte.

Hauxe irakur dezakegu Blboko Bizkaia aretoko lehen solairuan: «2023, eta gure gorputzek politikoak izaten jarraitzen dute». Esaldi irmo horri XXI. mendean mantentzen diren edertasun kanon estugarri eta estereotipatuak zalantzan jartzen dituen testuak ematen dio jarraipena: «Zaurgarritasunetik zein gogotik, arauari uko egitea aukeratzea da, erostezina, leiala».

Hitzok ez daude bakarrik; Emilie Hallard argazkilariaren Les corps incorruptibles mostraren parte dira. Hain zuzen, aurkeztuko zaiguna arauak gainditzen dituzten gorputzen erretratuak dira, haien presentzia aldarrikatuz horri lehia egiten diotenak.

Hallardek biluzia abiapuntu hartu, eta genero identitateari, arrazakeriari, aniztasun funtzionalei... lotutako auzien itzulpen estetikoa egiten du. Ederra denaren eta ez denaren, edota onartua dagoenaren eta ez dagoenaren arteko tirabirak deseraikitzen ditu artistak. Horretarako, kanon estetiko heteronormatiboak zalantzan jartzen dituzten 70 erretratuko seriea egituratu du artistak Les corps incorruptibles proiektuan.

Mostra espazio bakarrean egituratzen da, eta 70 erretratuek ingerada bat sortzen dute aretoan. Espazioa osatzen duten lau hormek biltzen duten heinean, bata bestearen ondoan daude kokatuta irudiak. Baina erakusketa ez da adierazpen bisualera mugatzen, irudien artean argazkilariak erabilitako hainbat teorialariren aipuak agertzen baitira: Virginie Despentes, Daria Marx, Niccole Seck, Judith Butler... eta horrek irudiak ulertzeko irizpideak markatzen dizkigu.

Incorruptibles terminoak euskaraz ustelezin, zintzo zein erostezin hitzei egin diezaieke erreferentzia. Erakusketa espazioa inguratzen duten gorputz biluzien kristalizazioa horren adierazle da, Hallarden argazkiek gorputzak momentu zehatz horretan hartzen dituztelako. Argazkiek gorputzak ustelezin bihurtzen dituzte, aldaezin, baita ikusgai ere. Gorputzak inguratzen dituzten espazioek intimotasun zintzoa aurkezten dute, eta ezer ezkutatzen ez duten biluziekin bat egiten duen zaurgarritasunetik abiatzen den goxotasuna igorri.

Erretratuen aura goxo eta intimoa begirada zuzenen kutsu erreal eta gordinak zeharkatzen du. Hala, argazkien bitartez elkarrizketa bat sortzen da aldaezin bihurtu den pertsonaren eta irudiari begiratzen dionaren artean. Halaber, kontraste horretan, intimoa eta publikoa denaren arteko mugak lausotzen dira nolabait. Izan ere, eraikin publiko batean gauden heinean, publikotasun horri lotutako kanonetara mugatzen dugu gure gorputzaren ikusgarritasuna.

Kontrara, artistaren kamerak klikatutako argazkien biluztasunak publikotasunak zehaztutako araudi soziala urratzen du. Urratze hori ez da biluztasunera mugatzen, baizik eta biluzik dauden gorputzen ezaugarrietara hedatzen da. Alegia, argazkiei begiratzean, pertsonen begirada zuzenarekin konektatzen dugu, eta zintzotasun uholde batek harrapatzen gaitu. Izan ere, erretratu bakoitzak bere identitate gorpuztua zintzoki ikusarazten du.

Halaber, piezak bata bestearen ondoan kokatua daudenez, identitate gorpuztu horien arteko loturak ere ehuntzen dira; eta aniztasuna aldarrikatzen du ehuntze horrek. Nolabait intimotasun hori pertsonala dela adierazten dute argazkiek, eta, aldarri feministak dioen moduan, «pertsonala politikoa da». Onartuak ez diren gorputzen bazterketak ez dio gorputz bakar bati eragiten, kanon estetiko hegemonikoen parametroetara mugatzen ez direnei baizik.

Biltzen gaituen gizarte heteronormatiboak uzkurtzen eta ezkutatzen dituen identitateei existentzia estetiko bat eskaintzen die Hallarden proiektuak. Eta, era berean, irudiekin uztartzen diren testuek existentzia horiek jasandako estigmatizazioak zalantzan jartzen dituzte, estigma uzkurtzaileak desegiteko pautak eskaintzen dizkigute. Izan ere, mostraren instalazio xumearen barruan, irudiek eta mezuek harrapatzen gaituzte. Hallardek ikusezina dena ikusgarri bihurtzen baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.