Kritika. Musika

Zizelkaririk handiena

Arkaitz Mendoza.
2012ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
'Accademia Bizantina'

Zuzendaria: Ottavio Dantone. Biolina: Viktoria Mullova. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 30.

Eduardo Txillidak 1990.urtean honako adierazpen hau egin zuen elkarrizketa batean: «Historian izan den zizelkaririk handiena Johann Sebastian Bach da». Herenegungo kontzertuak adierazgarritasun osoz hornitzen du Txillidaren baieztapena. Arkitekturarik sendoena, eskulturarik abstraktuena, pinturarik biziena eta musikarik pilpiragarriena da Bach handiak eraikitzen duena. Musikaren ibilbidean izan den musikagilerik perfektuena izan da, akatsik gabekoa, oro bere lekuan zital ipinita eta argituta. Ottavio Dantone klabezin jotzaileak omenaldi bero bat eskaini nahi izan dio Bachi, nahiz eta asmatutako musika moldaketek hobezintasunari urrezko balioa kendu.

Johann Sebastian Bachen Biolin Kontzertuak interpretatzeko abilezia txukuneko bakarlari bat behar da, eta esparru horretan Viktoria Mullova fin aritu zen. Bachek planteatzen dituen zorabio pasarte amaiezinak dotore gainditu zituen, soinu ziztrin, hedakor eta distiratsu batez lagunduta. Hala ere, makineria hotz bat nabaritu nuen errusiarraren barne taupadan, aske, ameslari edota hegalari sentitu beharrean, konpas bakoitzeko barra bertikalari gehiegi lotu zen. BWV1041 KontzertuanAllegro assai dantzagarria landu zuen Accademia Bizantina hari taldeak, erritmo handikoa, askotan arrapalada eroan, baina betiere onartu daitekeen abiadura alaian. Bi biolinentzat edota biolin eta oboearentzat moldatu izan da BWV1060 Kontzertua, baina sekula ez biolin eta klabearentzat; hortaz, Dantoneren moldaketek zinezkotasuna guztiz galdu zuten, bi bakarlarien arteko elkarrizketa jolasak bitxiegi sentituz.

Harizko instrumentuez osatutako talde italiarrak intentsitate zolia mantendu zuen errezitaldi osoan zehar, kontzertinoaren alaitasun kutsakorrari segika, Mullovari errespetu handiz bakarlariaren batuta eskainiz, eta Dantoneren teklatuak loreztatzen zituen apaindura guztiei amaierako begiztarekin edertuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.