Alicia Alonso nabarmentzen da aurten Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia bisitatuko duten artista ezagunen artean. Dantzaria eta koreografoa Kubako Ballet Nazionaleko zuzendaria da, eta konpainia horren eskutik parte hartuko du Gasteizko 36. Nazioarteko Antzerki Jaialdian. Egitarauaren indargune nagusia da konpainia, eta azaroaren 11n igoko da Principal antzokiko oholtza gainera.
Urriaren 6an hasiko da jaialdia, eta azaroaren 27an jaitsiko du teloia. 32 lan taularatuko dira, lau agertokitan banatuta: Principal, Federico Garcia Lorca eta Jesus Ibañez de Matauko antzokietan eta La Florida parkeko Txoroleku espazioan. Lanen artean, EAEko zortzi egongo dira, baina bi soilik izango dira euskaraz: Kabia konpainiaren Euria esan eta euriaerortzea izango da bata, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Nazioarteko lanei dagokienez, Marta Monfort antzoki sarearen udal arduradunak Europa iparraldeko lanak nabarmendu ditu: alde batetik, Suediako Ballet Errealeko Bakarlariak konpainia, munduko ballet konpainiarik antzinakoenen artean dagoena, eta, bestetik, Norvegiako Jo Stromgren. Ballet horren The Society obrarekin hasiko da jaialdia urriaren 6an. Litle Jesus lana ere aipatu du Monfortek, urriaren 19an antzeztuko dute, eta «arrakasta segurua» izango da, udal ordezkariaren ustetan.
Txartelak merkeago
Berrikuntzen artean, bonuak zortzi euro merkatu dituztela adierazi dute antolatzaileek, «ikusleentzat eskuragarriagoak izan daitezen». Gainera, antzerki tertuliak egingo dituzte lehen aldiz: La Zaranda eta Veraneantes lanen ondoren, ikusleak aktoreekin elkartzeko aukera izango dute. Horrez gain, bisita gidatuen ekimena berreskuratuko du aurten jaialdiak. Ikusleak agertokiaren atzeko gorabeherak ezagutu ahal izatea da bisiten helburua.
Bestalde, aurten ere Antzerkia Zabaltzen ekimenak egitarau nagusia osatuko du. Arte eszenikoak bultzatzeko asmoz, hainbat jarduera egingo dira.
Kubako Ballet Nazionala ariko da Gasteizko 36. Antzerki Jaialdian
Guztira 32 lan taularatuko dira, urriaren 6tik azaroaren 27ra, horien artean bi izango dira euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu