Musika

Kubako kantuen oihartzuna

Joseba Sarrionandia abestiez eta herriez aritu da Kanterri ikastaroan, Oiartzunen: nazioek ibilitako bidearen musikaz, oin bat Kuban eta beste bat Euskal Herrian.

Joseba Sarrionandia, 'Abestiak eta herriak' izeneko hitzaldian, gaur goizean, Kanterri jardunaldietan, Oiartzunen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Andoni Imaz.
2023ko uztailaren 10a
20:16
Entzun

Musika nazionalen historiak nazio horien historia darama bere barnean. Joseba Sarrionandiak Kubaren eta Euskal Herriaren arteko bidaia «arraro» bat egin du, musikatik abiatuta, Abestiak eta herriak izeneko hitzaldian, kontatzeko nazioek zer bide egin duten XIX. mendearen erdialdeaz geroztik, eta musikak zer toki izan duen bide horretako mugarri batzuetan. Kanterri ikastaroan parte hartu zuen atzo, Oiartzunen (Gipuzkoa), Jokin Azpiazuren ondoren eta Maite Larbururen aurretik. Oiartzungo Udalak, herriko Kantagiltza elkarteak eta Ahotseneak antolatu dute ikastaroa, bigarren urtez, kantagintza aztertzeko asmoz.

XIX. mendearen erditik XX. mendearen bigarren partera arte begiratu die nazionalismoaren ezaugarriei, nahiz eta atzerago ere jo duen, haien iruditeria osatzeko: «Kubako nazioaren historia areitoekin hasten da, indigenen dantzekin. Arraroa da, populazio hori esterminatu egin zutelako, arrastorik utzi gabe. Espainiak Nafarroa konkistatu zuen urte berean erre zuten Hatuey [kolonizatzaileei aurre egin zien lider indigena]».

Sarrionandiak azaldu duenez, Kubako independentzia gerran, independentziaren bultzatzaileek, «burgesen kreoleek», ez zuten identitaterik: independentzia lortu eta gero sortu zen nazio izaera. Eta, harekin, kantutegi berri bat, haren imajinarioa osatuko zuena. «Kuban bi nazio daude: zuriak eta beltzak. Derrepente, beltzak integratzen dira gizarte horretan, eta hasten da kultura nazionala sortzen, gune mestizoetatik». Horiek ez zeuden hirietan, mendialdean baizik; De dónde son los cantantes abestiaren bidez azaldu du: «Menditik hirira jaitsi ziren abestera, Orientetik Habanara. Eta euskara ere menditik jaitsi zen. Hori izan da musika nazional guztien bidaia».

Ibilbide hori bera egin zuen Guajira Guantanamera ezagunak ere. «Kantua hiritartu egin zen, eta, teknologiarekin, repentismo forma bat bihurtu. Lehen gauza arkeologiko kanpesino bat zen; gero, irratian erabiltzen zen, gertaera tragikoak komentatzeko; eta Joseito Fernandezek abesti bihurtu zuen». Garai hartan sortutako kultura «erabakigarria» izan zen iraultza sozialista egiteko, Sarrionandiaren hitzetan: «Kultura popular txoro eta ganorabako hori. Horrek bota zuen Batista, eta hankaz gora jarri sistema politikoa».

Iraultza sozialistaren garaia «troba berriaren» garaia izan zen: Silvio Rodriguezena, Pablo Milanesena, salsarena. «Salsak dantzan jarri zituen 1970etik aurrera, eta jendea dantzara joaten zen, lanera joan ordez. Dantzak askoz ere inportantzia handiagoa dauka lanak baino». Eta «troba zaharrak», nazioa sortu zuten sasoiko musika popularrak, beste bizitza bat izan zuen, Buena Vista Social Cluben bidez. «Arrakasta itzela izan zuen kanpoan, eta jendeak horrekin identifikatzen du Kuba. Fenomeno arraroak gertatzen dira».

Jesus Orta Ruiz repentistaren esaldi bat erabili du Kubaren eta Euskal Herriaren arteko paralelismoa hasteko zubitzat: «Sin música seríamos un pueblo sin alas» (Musikarik gabe, hegorik gabeko herri bat ginateke). «Eta egia da: musikak eta dantzak eman dizkio herri horri hegalak». Sarrionandiak Txoria txori-rekin lotu du irudi hori, eta atzera egin du hortik, Kubako musikaz aritzean ibilitako bidea Euskal Herrian errepikatzeko.

Kuban Hatueyz ari direnean, «historiatik desagertutako» zerbaitez ari dira, eta desagerpen baten kontakizun bat da Milia Lasturkoaren eresia, XV. mendekoa hori ere: «Haren lehen kopla euskal literaturako irudirik fuerteena da».

Ozeanoa ispilu

Lotura gehiago ere badira. 1851koa da La Bayamesa, Kubako ereserkia; urte horretan bertan antolatu zituzten Lore Jokoak lehenbizikoz; Jose Maria Iparragirrek 1853an kantatu zuen Gernikako arbola. «Hor ikusten da badagoela mitologia bat, imajinario bat». Handik mende batera, «troba berriaren» garaian, Ez Dok Amairu zebilen Euskal Herrian —eta erreferentzia komun batzuk bueltaka: Bob Dylan, Victor Jara...—. «Esaten dute globalizazioa oraingoa dela, baina ez da hala. Inork ez du funtzionatu bakarrik, denok aritu gara olatu berberekin».

Musikaren bidez egindako bidaian, nazioen kontzeptuan sakontzeko, galdera bat bota du Sarrionandiak: «Kubak, hain gizarte arraroa izanda, jendearen erdia esklaboa zenean, zelan lortu zuen independentzia? Euskaldunek mugimendu kultural bat planteatu zuten gutxi gorabehera, baina zergatik izan zen politikoki frakaso bat?». Karlistaldietan topatu du erantzuna. Haren esanetan, gerrek dena «distortsionatu» zuten, eta planteamendu errepublikanoek ez zuten indarrik izan haien ondoren.

Sabino Aranak proiektu nazional bat zuen, baina haren mundu ikuspegia «kontraesankorra» zen, Sarrionandiaren ustez: «Harentzat, inportanteena jainkoa da, probidentzia, goitik behera datorrena; gizarte antolaketa errepublikanoa behetik gora egiten da. Jose Martik jakin zuen hori ulertzen». Horregatik parekatu ditu bi bertso: «Si Sabino viviría,/ otro gallo cantaría» eta «Si Martí no hubiera muerto,/ otro gallo cantaría».

Idazleak hitzaldiaren amaiera aldera itxuratu du nazioaren definizioa: «Psikologia sozialaren aldetik, gutasun imajinarioa da nazioa, norbera identifikatzen den espazioa». Eta hori komunikazioak egiten du, haren esanetan. Horregatik arduratzen du inguruan «komunikazio esparru espainola» ikusteak nonahi. «Euskaldun moduan nahiko nuke eraiki zerbait, ez dakit zer. Estatu independente sozialista? Hori ezin dut imajinatu. Gure arazoa ez da konstituientea: destituientea da. Ez dugu merezi sufritzen dugun estatuaren botere guztia. Gero eraikiko dugu jendeak esaten duena, baina hori kendu behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.