Frank Delgado. Kantaria

«Kubako trobadoreok gauza asko bistaratu ditugu»

Euskal Herrian da Frank Delgado abeslari kubatarra, gaur hasiko baitu bertan egitekoa duen «ziklo berria». Gaur iluntzean Balmasedan izango da, eta igandean, berriz, Ondarroan.

KALOIAN.
Markel Onaindia Txabarri
Balmaseda
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Kuban erritmo beroa dute musikarako, baina bizimodua bareago daramate. Lasaitasun horrekin erantzun ditu galderak Frank Delgadok (Consolacion del Sur, Kuba, 1960). Habanan, irlako eta Euskal Herriko kultura uztartzen dituen La Casa de la Bombilla Verde aretoaren bidez etorri da Euskal Herrira. Balmasedako Klaret antzokian (Bizkaia) egongo da gaur, eta igandean, berriz, Ondarroako Beikozinin (Bizkaia), Keu Agirretxearekin. Aurrerago, Usurbilen (Gipuzkoa), Errenterian (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia), Zarautzen (Gipuzkoa) eta Bilbon ere izango da, besteak beste.

Zer espero duzu bira honetaz?

Horrelako bira batek nire konfort gunetik ateratzen nau. Interakzioa, bidaia, lekualdaketa... gustuko dut hori guztia. Ez da Euskal Herrira natorren lehen aldia, 1995ean ere egon bainintzen biran. Orain ziklo berri bat beteko dut.

1990eko hamarkadan Silvio Rodriguezekin ere etorri zinen emanaldi pare batera. Zelan gogoratzen dituzu?

[Luis Eduardo] Auterekin Las Ventasen [Madril] jotzetik nentorren. Niretzat zerbait desberdina zen, kausa abertzalearen jakitun nintzen arren. Tentsio handiko garaiak ziren: aldiro-aldiro borroka egun batera deitzen zuten, Lasa eta Zabalaren gorpuzkiak agertu ziren orduan, kaleetan margoketak zeuden...

Lehen aldian Casillako pabiloian jo nuen. Maixa eta Ixiar egon ziren gure aurretik. Ikaragarria izan zen. Handik urtebetera, Silviok Anoetako belodromora ere eroan ninduen. «Hegoak ebaki banizkio…» dioen abestia kantatzera ausartu nintzen. Une hunkigarriak izan ziren, eta ondo zaindu ninduten.

Kubako troba berriaren bigarren belaunaldikoa zara.

Beti esaten dut troba kubatarraren parte naizela. Kontzeptu musikal bat gara, eta senidearte bat ere bai. Trobadorea, bere kantuak pertsonalitatez sortu eta gitarra baten laguntzaz abesten dituena da. Musikaren arloko triatloilaria da: instrumentua jotzen du, abestu egiten du, eta poeta da. Eta ez da ona hiruretako ezertan ere [barrez]. Orain gazteek ez dute bat egiten trobadoreen izpiritu horrekin, ez dakit kontra egiteagatik edo mugatuta sentitzeagatik den, eta musikari edo kantautore lez izendatzen dira.

Zuk gai sozialak lantzen dituzu batez ere. Kubako gizartearen kronikari bat zara.

Gure posizio soziala argi dugu. Iraultzaren aurretik ere, Carlos Pueblak, Teresita Fernandezek, Jose Antonio Mendez eta abarrek gai sozialak landu zituzten. Baina iraultzaren soinu banda 1967 eta 1968 bitartean hasitako trobadoreek egin zuten. Nire belaunaldia, 70eko hamarkada amaieran abesten hasi zena, sozialismoan jaioa zen, jadanik blokeo egoeran. Gazteria komunistak bultzatuta ekin genion kantuari. Baina ez genuen konparaziorako ikuspegirik, eta gustuko ez genituen gauzei buruz kantuan hasi ginen, kontzientzia kritiko batekin.

Esaterako, hoteletan kubatarrentzako apartheida zegoen garai hartan. Migrazioei buruz eta turismoak eragiten zuen prostituzioari buruz ere kantatzen genuen. Su piztaileak ginen, suhiltzaileak baino gehiago. Horregatik, ez geunden oso ondo ikusiak, eta denbora batez lurrazpiko mugimendua izan ginen. Trobadoreok gauza asko bistaratu ditugu, baita horietaz hitz egitea normalizatu ere. Trobadorea solidarioa da; bide zail batetik zoaz, baina ni zurekin batera noa hori kontatuz.

Habanan, La Casa de la Bombilla Verde aretoan jotzen duzu. Gustura zaude han?

Habanak behar zuen horrelako leku bat. Hantxe egoten naiz ia ostiralero, eta ondo doakit. Etortzen den jendea gustuko dut, publiko oso ona da. Abangoardiako leku bat da gaur egun ere, trobadore askorentzat ateak zabalikdituena, izan ezagunak edo hasiberriak. Artista kubatarrak, euskaldunak, argentinarrak, andaluziarrak, kanariarrak… askotariko lekutako jendea pasatu da.

Kuban reggaetoi asko entzuten da gazteen bozgorailuetan zein taxi kolektiboetan.

Kuban, musikarik arrakastatsuena da egun. Ez da subkultura bat, kultura da. Gu gara arraroak [barrez]. Reggaetoia sare sozialen bidez barneratuz joan da, eta bestelako estiloak desplazatu ditu.Kuban zenbaitek saltsarekin fusionatu dute, eta tinbatoia sort; horrek badu balio musikala, nik uste. Trobadore batzuek ere txertatu dute euren musikan. Reggaetoia arrakastarekin, diruaren kultuarekin doa lotuta. Baina bertakotu da, eta ezin da debekatu, ezin da arautu. Elkarrekin bizi beharko dugu. Hori bai, hizkuntza pornografikoaren lokatzetik atera beharko litzatekeela uste dut. Politika kultural bat beharko genuke, komertzialak ez diren generoak sustatzeko.

2016koa da zure azken argitalpena: Más.

Kolaborazio ugariko diskoa izan zen. Pablo Milanes, Pancho Cespedes, Ray Fernandez, David Torrens, Buena Fe, Los Van Van... Disko ona atera zen, baina zuzenekoetan defendaezina, ezinezkoa baita denok elkartzea. Horren ostean beste hiru disko egin ditut: Archivos descalcificados, La amistad es un mal de amor eta El feliciano izenekoak.

Zuzenean abesten dituzu?

Bai. Kanta berrietako hainbat jotzen ari naiz zuzenean.

Pablo Milanesen kolaborazioa berezia izango zen zuretzat.

Bai, oso berezia izan zen. Errespetu handia nion. Boleros de Vitrola abestia idatzi nuenean, Pabloren ahotsean entzuten nuen. HAren alaba bat laguna dut ,eta haren bitartez egin nion proposamena; grabazioaren bila joan nintzenean, Pablok esan zidan kantua gustatu zitzaiola. Sorpresa polita izan zen. Duela egun batzuk Nancyrekin [Perez] topatu nintzen, Pabloren alargunarekin, eta proposatu zidan Pablori azaroaren 22an Madrilen egingo zaion omenaldian parte hartzea. Pozik joango naiz, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.