Kubismoaren osteko kubismoa

Kubismoaren bigarren aroari eskainitako bilduma jarri dute ikusgai Bilboko Arte Eder museoan

Inigo Astiz
Bilbo
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Handia izan zen etena. Irudiak ikusi bezala irudikatu ondoren, pentsatu bezala irudikatzen hasi ziren artistak kubismoarekin. Garuna sartu zuten koadroan, eta eskua zabaldu zien horrek sortzaileei. Abangoardia zen. Pablo Picasso eta Georges Braque izan ziren ildo haren sortzaile nagusiak, eta eragin handia lortu zuen asmakuntzak. Cezanni hartu zioten ideia, eta garatu egin zuten haren ideia: «Landu natura zilindro, esfera eta konoaren bidez». Eta jarraitzaile andana jaso zituen espazioa ulertzeko modu berri hark. Bilboko Arte Eder museoan batu dute horren lagin bat. 1913tik 1933ra arteko 39 koadro kubista bildu dituzte Telefonicaren Bilduma Kubista erakusketan. Kubismoaren bigarren arokoak denak. Joaquin Torres Garcia, Jean Metzinger, Louis Marcoussis eta Andre Lhoteren margolanek osatzen dute bilduma, besteak beste, baina Juan Gris artistaren lana da erakusketako ardatza. Otsailaren 16ra arte izango da zabalik.

Kronologikoki antolatu dute ibilbidea. Juan Grisek 1913an margotutako Verres, journal et bouteille de vin (Edalontziak, egunkaria eta botila bat ardo) margolanarekin hasi, eta Joaquin Torres-Garcia uruguaitarraren 1933ko pieza eskematikoarekin amaitu. Bi hamarkada bete kubo eta prisma. Badira ñabardurak. Perspektibari uko egin, eta paleta soila baliatu zuten hasieran kubistek, baina aldatuz joan zen hori denborarekin. Eta aldaketa sasoi horri eskaini diote erakusketa, hain zuzen ere. Picassok eta Braquek 1909 inguruan abiatutako mugimenduaren osteko aroari. Adituek «kubismo analitikoa» deitutako lehen aroaren ondorengoari. «Kubismo sintetikoari». Biziagoak dira koloreak horregatik, eta geometria ere leunagoa da.

Baina urrunago ere heltzen da bilduma. Kubismoa hil osteko kubismoa ere jarri dute ikusgai. Izan ere, 1920a da, aditu gehienen ustez, kubismoaren arorik kanonikoenaren amaiera urtea. Baina iraun egin zuen joerak, eta horren erakusgarri ere bada Bilboko bilduma. Kubistek utzitako ondarea berriz irakurri eta eraldatzen saiatzen dira Daniel Vazquez Diaz, Louis Marcoussis eta George Valmier, esaterako. Eta horiei eskaini diete azken aretoa.

Azken uneko erabakia

Azken uneko kontua izan da erakusketarena. Urteko egitaraua itxi xamar zuten Arte Eder museoko arduradunek, baina kubismoari eskainitako bilduma hartzeko aukera azaldu, eta onartu egin dute. Azkar batean antolatu behar izan dute horregatik dena, baina pozik daude halere emaitzarekin. Javier Viar museoko zuzendariaren hitzetan, «erabat fina» da erakusketa, eta urrunago ere jo du. Dioenez, «osagarriak» dira museoko erakusketa iraunkorra eta behin-behineko bilduma. Laura Fernandez bilduma kudeatzen duen enpresako ordezkariak ere hala uste du: «Gure bilduman ez daude Picasso eta Braque, eta museoan badaude, beraz, osatu egiten dute elkar».

Arte garaikideari eskainitako aretoan jarri dute bilduma ikusgai, eta horma bakar batek bereizten ditu bilduma iraunkorra eta behin-behinekoa. Picasso, Braque eta Leger daude erakusketa iraunkorraren aldean; Gris, Maria Blanchard eta Auguste Herbin bestean. Kubismoaren bi aurpegiak, paretaren alde banatara.

2005ean aurkeztu zuten lehenengoz Madrilen Telefonicaren bilduma, eta Katalunian, Galizian, Espainian, Txilen, Argentinan eta beste hamaika txokotan izan ostean heldu da Bilbora.

Erakusketaren bideoa ikusteko, jo gure orrira:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.