Kudeaketaren bidez eragiten

Mexiko Hiriko Casa Galeria arte espazioko zuzendaria da Gorka Larrañaga margolari azkoitiarra. Erakusketak antolatzen ditu, kontzertuak eta antzezlanak programatu, eta hainbat diziplinatako ikastaroei ere lekua egiten die besteak beste, betiere 'zuk zeuk egin' espirituari jarraikiz.

Gorka Larrañagak sei urte daramatza Casa Galeria kudeatzen. IGOR SUSAETA.
Igor Susaeta.
Mexiko Hiria
2016ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Kasualitatea izan dela esan daiteke, inoiz ez baitzuen pentsatu tokatu zaion egoeran egongo zenik, baina bere jaioterri Azkoitiko Matadeixe proiektuan ikasi eta barneratutakoa Mexiko Hiriko Casa Galeria arte espazioan aplikatzen ari da Gorka Larrañaga margolaria (1974). Arte garaikidea, «aktuala» kudeatzeko, ekoizteko eta erakusteko 4.800 metro koadroko gune «ireki bat» zuzentzen du duela sei urtetik. Heldutasunaren eta gaztetasunaren arteko oreka eta esperimentazioaren, produkzioaren eta negozioaren arteko nahasketa sustatzen ditu, zuk zeuk egin filosofiaren printzipioak betez bere eskaintzan. Erakusketak, kontzertuak, errezitalak, antzerki emanaldiak, ikastaroak eta beste programatzen ditu, eta iruditzen zaio espazioak egina duela bere tokia hirian, nahiz eta erdiguneko arte galerietatik urrun dagoen fisikoki.«Underground-tzat jotzen da, baina komunikabide indartsuenetan ematen dute gure ekintzen berri. Xelebrea da…». Margotzeko denbora kentzen dio etxea kudeatzeak. «Halere, niretzat oso inportantea da hau. Artea egiteko beste modu bat da; beste era bateko koadro bat margotzea bezala, azken finean». Kudeaketatik ere gizartean eta arte sisteman eragin daitekeelakoan dago Larrañaga.

Naturak goitik behera blaitzen duen eremu batean dago Casa Galeria, sumendi harrien gainean eraikia. Espazioa, berez, Osvaldo Muñoz Mariño (1923) arkitekto eta akuarelista ekuadortarrarena da —«1970eko hamarkadan alde egin zuen hemendik, eta noizbehinka baino ez da bueltatzen»—, eta hiru zatitan banatuta dago. Batetik, etxebizitza eta galeria; bestetik, zelaigunea; eta hirugarrenik, bukatu gabeko bi eraikin, obra beltzeko espazioak deitutakoak, esku hartze artistikoetarako erabiltzen dituztenak. Ia une oro aditu daiteke txoriren baten kantua edo auskalo zein animaliak ahoratutako soinua. «Oasi bat da hiriko toki oso zatar batean. Lekua ikaragarri polita da, magikoa, oso-oso berezia». Santa Ursula Coapa auzoan dago, Mexiko Hiriaren hegoaldean, Azteca estadio mitikoaren ondoan.

Muñoz Mariñok 1959an bukatutako etxebizitzan bizi da Larrañaga. Mexikora iritsi eta San Carlos akademian graduondoko bat egiten ari zela, Xavier Leon Borja artista ezagutu zuen, eta haren eskutik egun Casa Galeria den gunea. «Muñoz Mariño maisuaren dizipulua zen». Leon Borjak berak eta orduko bere neskalagunak sortu zuten galeria egitasmoa. Sasoi hartan, 2007 edo 2008aren bueltan, tartean-tartean baino ez zituzten antolatzen erakusketak. «Baina Leon Borja neska-lagunarengandik banandu zen, nik ere apartamentu batetik alde egin behar izan nuen kontratua amaitu zelako, eta Casa Galeriako etxebizitza libre geratu zenez…». 2009tik bizi da Larrañaga bertan. «'Toki hau aprobetxatu beharra dago', pentsatu nuen orduan».

Bizimodu nahiko «ezohikoa, xelebrea eta surrealista» daramala irizten dio. «Zure indar guztiak arterako erabiltzea eta horrekin bizimodua ateratzea… Ez dago heldulekurik, ez ordutegirik. Aberasgarria bezain gogorra da; fede ariketa bat, azken finean. Artetik bizi direnek badakite ondo. Hemen, gainera, nire lantokia nire bizilekua da». Badu hiru pertsonaz osatutako lantalde bat, «nire familia dena, nolabait», eta etxean antolatutako ikastaroetatik, saldutako obratik eta programatutako ekintzetan ordaintzen duten sarrera «sinbolikotik» ateratzen dute etxearen gastuei aurre egiteko zein langile horiei ordaintzeko beharrezko dirua. «Oso organikoa da dena, oso situazionista».

Kokapena buruhauste

Urteen joanean, Larrañagak frogatu ahal izan du jendearen «mapa mentalean» txertatuta dagoela Casa Galeria. «Horrek izugarri betetzen nau. Sinbolikoki inoiz baino hobeto dago proiektua». Oraindik ez da ekonomikoki eramangarria, ordea. Elkarte kulturalaren estatusa badauka guneak, eta hori baliatu nahiko luke beste bide batzuetatik laguntzak lortzeko. «Hau guztia dirurik gabe lortu baldin badugu, diruarekin gauza mordoa egin daiteke». Laguntza ekonomiko «ofizialik» ez du jaso etxeak. «Hemen daude mezenas batzuk: artea erosten dutenak edo Gorka Larrañaga irakasle eta artista moduan ezagutzen dutenak». Hamar urte daramatza Mexiko Hirian, eta gunea kudeatzeaz eta bere obra propioa sortzeaz gain, eskolak ematen ditu hango Iberoamerikako Unibertsitatean.

Ezaguna da auzoan. Etxetik atera eta «Vasco!» oihu egin dio morroi batek auto batetik. «Auzoan txertatuta dago egitasmoa. Komunitatearentzako proiektu jakin batzuk egin izan ditugu urte hauetan guztietan».Etxearen kokapenak sortzen dizkio, dena den, buruhauste handienak. «Fama txarra dauka auzoak. 1980ko hamarkadan banden arteko borrokak-eta gertatzen ziren». Gainera, urrun dago Polanco, Condesa eta Roma auzoetatik, hau da, galerien kokagune nagusietatik. «Ahalmen ekonomiko txikiko jendea bizi da hemen. Artea kontsumi dezakeenari kosta egiten zaio hona etortzea». Baina behin joanda, guneko zuzendariak uste du sortzen dela esperientzia artistiko berezi bat. «Hemendik ez duzu alde egiten galeria konbentzional batean eduki dezakezun sentipen berarekin».

Azken urteotan, gainera, beste zailtasun bati aurre egin behar izan diote Casa Galerian: Muñoz Mariñoren semeak beti daude espazioa, etxea saltzear. «Mehatxu etengabe hori dela eta, ezin duzu etorkizunera begiratu. Baina horrek eramaten zaitu espazioan gerta daitekeen orori irekita egotera». Eta gertatzen dira gauzak. «Ez da zaila kalitatezko agenda bat osatzea». Heldu da momentu bat non espazioak berak erakartzen duen jendea, «eta egunero, astero, bidaltzen dizkigute proiektuak». Jaioterriko Matadeixetik Mexiko Hiriko Casa Galeriara, «eta gaztetxe bat inoiz izango ez den arren gaztetxe izaerari eutsiz», Larrañagaren iritziz artista bat kudeatzailea ere izan daiteke egun, eta horren bidez eragin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.