Iazko uztaila eta iraila bitartean bi brigada joan ziren Euskal Herritik Palestinara, elkartasuna «ohikoa ez den moldean» erakustera. «Esparru desberdinetako jendea joan ginen, kazetariak, idazleak, musikariak, bertsolariak, zinemagileak, pailazoak… bi txandatan banaturik, eta elkartasun esparrua kulturarena izatea nahi genuen», azaldu du Axier Lopez Argia aldizkariko kazetari eta Biladi Hadi brigadako kideak. Lehen brigadan hogei lagun izan ziren, eta dozena bat bigarrenean, pare bat astez bakoitza. Palestinako errealitatea bertatik bertara ezagutu, bertako jende eta eragileekin harremanak izan —batez ere ezkerreko alderdi politikoekin bildu ziren, Al-Fatah, Hamas…— eta itzulerakoan nork bere alorrean ekarpena egitea izan zuen helburu Biladi Hadik.
Itzuli ziren Palestinatik maletak eta garunak esperientziaz eta ideiaz beteta. Baina elkartasun bidaia ez zen itzulerarekin amaitu. Elkarteak liburu bat ondu du, bidaia hartan ateratako argazkietatik abiatuta, testuez lagunduta, eta 11 kantuko CD batez osatuta. «Palestinaren inguruan informazio asko topa dezakezu, liburutan, sarean eta abarretan. Asko dago idatzia, eta oso material ona topa liteke. Horregatik, guk ez genuen beste informazio liburu bat egin nahi. Han ikusitakoa nolabait zabaltzea zen gure asmoa, nazioartean Israeli boikota egiteko dagoen ideiarekin bat eginez».
Bi brigadek bizi izandakoa, besteak beste, argazkitan jasota ekarri zuten bueltan. Argazki horiek izan dira Biladi Hadi. Haimaka begirada Palestinari, Euskal Herritik liburuaren abiapuntu. Argazki bana (60 orotara) eman diete bai brigadatan aritu zirenetako batzuei, baita Palestinako errealitatearekiko sentiberatasuna azaldu duten beste hamaika «pertsona erreferentziali» ere, haiek gogoan izanik, molde bateko edo besteko testuak idazteko. 50 lagunek baino gehiagok parte hartu dute liburuan. Tartean dira idazleak (Pako Aristi, Alfonso Sastre, Gotzon Barandiaran…), kazetariak (Martxelo Otamendi, Arantxa Iturbe, Imanol Murua, Ainara Gorostitzu, Gari Berasaluze, Xabier Euskitze, Irune Berro, Axier Lopez…), musikariak (Gari, Harkaitz Martinez San Vicente, Jon Mantzisidor Mantxi, Mikel Kazalis Anestesia, Xabi Solano…), bertsolariak (Amets Arzallus, Miren Artetxe, Sustrai Colina…).
Liburuko argazki guztiak Biladi Hadi brigadako kideek ateratakoak dira. Argazki gehienak Axier Lopezek eta Irantzu Pastor kazetari eta argazkilariak egindakoak dira, baina gainerako kideen alerik ere badago.
Hainbat herri eta txoko ezagutu zituzten, eta leku bakoitzean errealitate desberdin bat. «Jerusalemen palestinarrak herritik kanporatu nahian ari dira aspaldian, adibidez. Calquilia, bestalde, harresi batek inguratuta bizi da guztiz; bakarrik irteera eta sarrera bat dauzka, eta, horrela, herri eta ingurune bakoitzak bere errealitatea dauka», dio Lopezek. Gazan sartzeko aukerarik ez zuten izan. «Munduan dagoen presondegi handiena da Gaza. Israelek berak eman behar dizu baimen berezi bat bertan sartzeko, eta sekulako paper lan mordoa egin behar da. Ez genuen modurik izan, eta Zisjordanian ibili ginen, baita gaur egun ere Israelgo Estatuaren pean dauden beste zenbait herritan ere, Haifan, esaterako».
Palestinarren ahotsa eta CDa
Liburuaren parte bat argazkiek eta haiei egokituriko testuek osatzen dute. Ez da, ordea, liburuaren zati bakarra. Palestinan lagun egin zituzten hainbat pertsonari ere bertatik bertarako begirada eskaintzeko testuak eskatu zizkieten brigadako kideek. Raeda Taha idazle eta poeta palestinarrak (Jasser Arafaten alaba) idatzitakoa da Metro bakar bat izenekoa, adibidez. Joseba Sarrionandiari eman zioten testua itzul zezan gero, eta hark egindako itzulpena da liburuak dakarrena. Ahmed Jasalwa Palestinako Askapenerako Herri Frontearen gazteen adarreko kideak, Mahmoud Darwix poeta palestinarrak, Liliana Cordova Kaczerginski International Jewish Antizionist Network taldeko kideak eta Jamal Juma Stop the Wall kanpainako koordinatzaileak ere testu bana idatzi dute. «Gure asmoa ez zen Palestinan gertatzen ari dena hitzez hitz kontatzea, baina nolabait azaldu behar zen hango egoera nolakoa den, eta, horretarako, saiatu gara palestinarrek berek euren hitzetan azal dezaten», zehaztu du Lopezek.
Liburua 11 kantuz osaturiko CD batek borobiltzen du. Arramazka taldeak eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Palestinan bertan sortu zituzten euren kantuak. Arramazkak Rim Banna eta Dam hango hip hop taldeekin grabatu zuten estudio batean Gure hitzak kantua, eta Pirritx, Porrotx eta Mari MototsekPalestinatik, Maite zaitut kantua grabatu zuten Palestinako hainbat musikarirekin.
Beste zenbaitek, Skatuk eta Maldan Behera taldeek, behin Euskal Herrira itzulita osatu zituzten kantuak: Askatasun egarriz Skatuk, eta Mohamed Maldan Beherak.
Beste musika talde batzuei elkarteko kideek berek eskatu zieten kantu bat egiteko edo aurrez egindako kantu bat CDan sartzeko baimena, jakinik lehenago ere Palestinarekiko kezka eta elkartasuna adierazia zutela. Horrela, Esne Beltzak Free Palestine kantua sortu du propio Biladi Hadi bildumarako, eta Berri Txarrak-en Arren Darwish eta Fermin Muguruzaren Yalah, Yalah, Ramallah! kantuak (lehenagotik plazaratuak) ere badakartza CDak. Eratu (Nablus ilun), Napar-K (Eguneroko goizak feat Aro Arramazka), Madeleine (Hartza) eta Jon Aranbururenak (31. eskubidea) dira beste lau musika ekarpenak.
ERAKUSKETAK:
Liburuan bildutako hainbat argazki hautatu ondoren, erakusketa ibiltaria ere abiarazi du Biladi Hadi elkarteak euskal herrietan barrena. Honako hau da orain arteko egutegia:
Azpeitia: urtarrilaren 9tik 21era, San Agustin kultur gunean.
Errenteria: urtarrilaren 23tik otsailaren 6ra, Mikelazulo aretoan. Igorre: otsailaren 13tik 27ra. Donostia: martxoaren 1etik 15era, Alboka tabernan. Oiartzun: martxoaren 16tik 31ra, Makutxo tabernan.
Kultur haizea paretari
Biladi Hadi elkarteak argazkiz, testuz eta musikaz osatu du Palestinaren begirada, 60 lagun baino gehiagoren ekarpenekinIazko udan bi kultur brigadek Palestinara egindako bidaian dago egitasmoaren muina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu