Kultura politikak ez badu funtzionatzen, edo ondo ez badabil, garai okerragoak egon zirela gogoratu behar dugu». Artea eta politika publikoak mintegian eztabaidatu dituzten zenbait gai laburbiltzen ditu Guadalupe Echevarria Bordeleko (Frantzia) Arte Ederretako Eskolako zuzendariaren gogoetak. Hain zuzen ere, artearen gaur egungo egoeraren hausnarketa egin, bizitako egoeretatik ondorioak atera, eta testuinguru artistiko berriak eratzeko ildo berriak aztertu dituzte Eremuak programak Artiumen antolatutako mintegian.
Egungo krisi egoeratik ateratzeko lan eta sormen testuinguru berriak bilatzearen garrantzia nabarmendu du Pedro G. Romero artista eta Eremuak programako batzorde teknikoko kideak; aurreko bizipen eta egitasmoetatik ikasteko beharra dagoela ere nabarmendu du. «Eraiki nahi dugun eredu berriaz kezkatuko nintzateke, eta hori egiteko baliagarria zer den».
Bide batez, kultur azpiegiturak desegiten ari direla ekimenik ez egotea nabarmendu dute hizlari gehienek. «Gogorra da ikustea Montehermoso moduko egitasmo bat desegiten ari direla ikustea, eta liskarrik eragiten ez duela», nabarmendu du Romerok. «Boxeolariaren sindromea izan daiteke; kolpea hain izan da gogorra, non ez garen gai ezer egiteko», azaldu du Dani Castillejok, Artiumeko zuzendariak.
Azken urteetan kulturak politikan eta ekonomian eragiteko izan duen gaitasunaz hitz egin du Carles Guerra MACBAko kontserbatzaile nagusiak eta Arte Ederretako doktoreak. Arteak gainbalioa sortzeko duen gaitasuna nabarmendu du, eta Bartzelonako zenbait adibide jarri ditu hori arrazoitzeko. Sonar Musika Aurreratuko jaialdiak sortu dituen zerbitzuak eta gainbalioa gogorarazi du, eta Pobleneuko artista komunitatearen eta bizilagunen ekimenek kultura politiketan eragindako aldaketa ere gogorarazi du.
Gainbalioaren giltzak bilatu
Instituzioek kultur ekimenak tresna bihurtzeko gaitasun hori kritikatu duen arren, nabarmendu du azkenaldian kultura politikek hori ere ez dutela egiten. Hori dela eta, aurrera egin ahal izateko, bide berriei ekiteko proposamena egin du, kultur ekimenak gainbalioa sortzeko gaitasun hori baliatzeko: «Desoreka dago egiten den ekarpenaren eta jasotzen denaren artean; orain arte ez dugu asmatu gainbalioa sortzen duen horretaz baliatzen: konpromisoa, lana...».
Guadalupe Echevarriakheziketaren ikuspuntutik heldu dio gaiari, bertan egiten dituzten ekimenen bitartez. Dena den, eskolaren beraren bilakaeraren zertzeladak ere eman ditu; lehen Bordeleko Udalari lotuta zegoen, baina Bolognako prozesuaren ondorioz, instituzio autonomoa da orain. «Deigarria da, baina udalaren menpe geundenean askatasun handia genuen, eta Bolognarekin apenas dugun askatasunik: emaitzak, balantzeak...».
Bolognako prozesuak eragindako estatutu aldaketak egitasmo handiak zaildu arren, beste proiektu txiki batzuei lekua utzi diela gogorarazi du Echevarriak; proiektu autonomoak, baina ikastetxearen itzalpean sortzen direnak. Egitasmo guztiek ardatz bertsua dutela azaldu du: ikasleek errealitatetik gertu egon daitezen tresnak dira, eta, aldi berean, ikasketak bukatzean topatuko duten horretara prestatzeko balio dutenak.
Kultur sare berriak josteko, esperientzia
Arteak eta kultur ekimenek gizartean eragiten duten gainbalioa gogorarazi du Carles Guerrak 'Artea eta politika publikoak' mintegian, eta gainbalioa sortzen duen hori baliatzeko proposamena egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu