benat sarasola
Lauhazka

Kultura engaiatua

2024ko apirilaren 28a
05:10
Entzun

Berriki, hitzaldi bat ematea egokitu zitzaidan, zeinetan gai zentraletako bat Hiroshimaren kontra jaurtiriko bonba atomikoa zen. II. Mundu Gerran zeharreko Frantziaren nazien okupazioa ere ageri zen, eta Holokaustoa ere aipatu nuen momentu batean. Gauzak horrela, oso deserosoa egiten zitzaidan, gai eta aipu horiek tarteko, aurrera jarraitzea Israelgo estatua palestinar herriaren kontra kometitzen ari den genozidioa aipatu gabe. Halaxe egin nuen, hala moduz, izerdi hotza kopetatik behera sentitzen nuela.

Izan ere, aski alergikoa naiz kulturgileek auzi politikoen inguruan iritzia emateko sarri izaten dugun moduekiko. Momentuan tokatzen den auziarekiko publikoki iritzi eman beharra, eta batez ere, leku aparteko batetik, Sartrek bere garaian irudikatutako intelektualaren figura nire ustez patetikoaren antzeko batetik, nolabait. Kulturgilearena, intelektualarena, beste inorena baino ahots goratuagokoa balitz bezala, zorutik zenbait zentimetro gora flotatzen.

Horregatik, tentu handiz neurtzen ditut halakoak, beti esaten baitiot nire buruari: aber, txikito, nor haiz hi ba halakoaz eta beste horretaz bozgorailua profitatuta hitz egiteko? Hik uste jendeari axola zaiola hire iritzia? Ez al duk usteko zerbait dela hire kapital sinbolikoñoñoño hori? Eta okerragoa, zerbait izanik ere, haizu al duk hori baliatzea publikoaren iritzian (ustez) eragiteko?

Horregatik, tentu handiz neurtzen ditut halakoak, beti esaten baitiot nire buruari: aber, txikito, nor haiz hi ba halakoaz eta beste horretaz bozgorailua profitatuta hitz egiteko?

Gero, jakina, sinadura debaldekoa (orain pare bat klikeko kontua izaten da) ematen bukatzen dut ez gutxitan, nahi baino gehiagotan, ziur aski. Nire buruarekin egindako badaezpadako paktua honakoa da, gutxi asko: soilik nire jardunarekin edo eguneroko bizitzarekin zuzenki loturiko auzietan aitortzen diot nire buruari zerbait publikoki (tribuna pribilegiatu batetik, sare sozialak aparte doaz, edonoren eskura izaki…) esateko zilegitasuna. Esan gabe doa, itoginak ugariak dira nire sabai etiko horretan, baina tira, sabairik ez edukitzea baino hobe izango ahal da. Egia esan, esango nuke inoiz ez naizela beteago sentitzen atxikimendu bati ukoa eman eta delako protesta-manifa-kontzentra-lipdubera hezur eta azal joaten naizenetan baino.

Atxikimenduak ez baitira gutxi gure Euskal Herri honetako orografian: sinadura batean, minutu eskaseko autobideoa (horietaz eskapo egitea lortu dut, momentuz) hurrengoan, selfiea, gerritik gorako argazkia, zuk aukeratutako profila, ea irribarretxo hori, ur azpian dantza…

Akaso mesfidatiegia naiz eta arazoa nirea da, iruditzen zaidalako halako interbentzio politikoek, askotan debaldeko eta hutsalak izateaz gain, gehiago esaten dutela atxikimendua ematen duen pajaruaz salatzen ari den auzi politikoaz baino. Abertzaleak bai, baina igual agerzaleak garela gehiago. Eta aukeran, nahiago dut mila aldiz isilik egon, behin bakarrean hitz egin eta tragedia politiko bat nire luzimendurako erabiltzea baino.

Batzuetan pentsatzen dut nire mesfida honek zerikusia izan dezakeela 1990etako bukaeran eta 2000etako hasieran euskal rock kontzertu batera joan eta, gehiegitan tragatu behar izan genituen proklama errabiatu, erritual, erronkari, errutinario, erruzkoekin, ustez politikoki erradikal baina, sakonean, aski kontserbadoreak (eta etxotik, bueltan bueltan, apolitikoak) begitantzen zitzaizkidanak. Oxala (edo ez) engaiamendu politikoa izatea eduki prefabrikatu bati atxikitzea (supermerkatuko eskaintza bat apaletik hartzen den modu bertsuan) bezain gauza sinplea balitz!

Ez iezadazue gaizki ulertu. Duela aste gutxi, SOS Manteo plataformako lagunek atxikimendua eskatu zidaten, Donostian Basque Culinary Center-en bigarren egoitzaren eraikuntzaren kontra. Proiektuaren lotsagarrikeria handia da, eta ustez nire sabai etikoarekin bat etorrita, atxikimendua ematea deliberatu nuen. Baina orain, hortxe ikusten dut nire aurpegia, nire hezur gabeko azala, orrialde erdia hartuz, eta esaten diot nire buruari: aber, txikito, nor haiz hi ba halakoaz bozgorailua profitatuta hitz egiteko? Ez ote haiz ari hire luzimendurako beste ezertarako bainoago?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.