Zentsura sorkuntzan

KULTURA ISILTZEKO KULTURA

Rap abeslari espetxeratuak, artelan estaliak, liburu bahituak... Azken asteetako albisteek lehen lerrora ekarri dute berriz ere zentsuraren gaia, eta nork bere sasoian zentsura gertutik ezagutu duten hiru sortzaile batu ditu BERRIAk: Arantxa Urretabizkaia, Gorka Urbizu eta If Matxikote.

Inigo Astiz
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Ondare nazionalaren aurka egindako atentatutzat har daiteke zentsura, desegin duenagatik eta jaiotzen utzi ez duenagatik». Ondorio horretara heltzen da Juan Mari Torrealdai ikerlaria Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura liburuko azken kapituluan. Euskal liburuek frankismoko zentsurarekin izandako arazoak aztertzen ditu lanak, baina oihartzun egiten jarraitzen dute haren hitzek oraindik ere. Kantatzen duenagatik, Valtonic rap abeslari mallorcarrak hiru urte eta sei hilabete eman beharko ditu kartzelan, eta berdin Pablo Hasel rap abeslari kataluniarrak ere, Espainiako justiziak bost urteko kartzela zigorra ezarri baitio bere kantengatik eta Interneten egindako adierazpen batzuengatik. «Terrorismoa goratzea» da bi kasuetan egotzi zaizkien delituetariko bat. Baina ez dira izan azkenaldiko debeku bakarrak, eta lehen lerrora bueltatu da berriz ere adierazpen askatasunaren eta zentsuraren gaia. Isilarazi nahi izan dituzten hiru euskal sortzaile batu ditu horregatik orain BERRIA egunkariak. Arantxa Urretabizkaia idazleak 70eko hamarkadan ezagutu zuen zentsura frankista; Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizu musikaria 2000. urtearen bueltan hasi zen deskubritzen haien aurkako boikot kanpaina mediatikoaren ondorioak; eta If Matxikote marrazkilariari arte erakusketa bat itxiarazi zioten 2011ko abenduan, Baionan. Aldatu egiten dira mekanismoak sasoiz sasoi eta kasuz kasu, baina, halere, berdin-berdina da hirurei ezarri nahi izan zaien isiltasuna.

«Ni oso harrituta gelditu nintzen jakin nuenean bazegoela euskaldunik Francori zentsura lana egingo zionik, baina baziren». 1970ean argitaratu zuen Lur editorialak Franz Fannon psikologo eta pentsalari antikolonialistaren Afrikar iraultzaren alde liburua. Eta Urretabizkaia izan zen itzultzailea, Ibon Sarasolarekin batera. Txosten negatiboa egin zion zentsurak lanari, baina, debeku formalik heldu ez zenez, aurrera egin zuten publikazioarekin. Sasoi hartan hasi zen Urretabizkaia zentsuraren makineria ezagutzen, eta orduan ohartu zen euskaldunek ere bazutela bere partea hartan. «Prozedura beti bera izaten zen. Behin liburua eskuetan izanda, ale batzuk eramaten ziren, ez dakit zenbat, leku batera, eta hor zentsurak epe jakin bat zeukan erantzuteko. Epe hori pasatzen bazen eta erantzunik ez bazegoen, isiltasun administratiboa esaten zitzaion horri, eta horrek esan nahi zuen atera zitekeela liburua».

Urretabizkaiak badu kezka gaur egungo debekuekin ere, baina ez du uste parekatzekoak direnik sasoi batean eta bestean bizitakoak. «Modu arinegian esaten da orain bizi dena frankismo garaian bizi dena bezalakoa dela. Alderatu litezke bi gauzak, alderatu gabe ezin delako desberdintasuna igarri, baina parekatu ez. Oraingo zentsura, garai hartako sistemarekin konparatuta, kobazuloa eta eguzkiaren argia da. Orain ere badago. Bahitu berri dute [Galiziako narkotrafikoari buruzko] Fariña ikerketa liburua, eta oraindik ere badago zirrikitu bat. Baina gauza bat da zirrikitu bat, eta beste bat da autopista».

Zeharkako zentsura

Elkartasun mugimendu handia piztu du Valtonic rap abeslaria espetxeratzeko aginduak, eta Berri Txarrak taldeak ere egin du bat harekin. Ezagun dute haiek ere gaur egungo zentsura. 2003. urte inguruan hasi zen taldearen aurkako boikot kanpaina, eta, horren ondorioz, behin baino gehiagotan gelditu zaizkie bertan behera jadanik hitzartutako emanaldiak. Gorka Urbizu abeslariaren hitzetan, ordea, izozmendiaren punta baino ez da hori. «Zentsura zuzena dago, eta badago zeharkako zentsura ere. Eta hori ez da ikusten. Guri ez dakit zenbat kontzertu kendu dizkiguten honen ondorioz. Ez da kontzertuak bertan behera geratzea bezain ikusgarria, baina askotan esan digute kontratatu nahiko gintuzketela eta ez dutela hala egiten badakitelako udalak ez diela baimenik emango aretoa erabiltzeko. Horrelakoak, zientoka; pilo bat. Noski, hori ez da publiko egiten».

Musika egiten jarraitzea izan da beti Berri Txarrak taldearen helburua, eta ez dira sekula izan gaiari foku gehiegi eskaini zaleak. «Nik nahi dut jendeak hitz egin dezala taldeari buruz, bere kantuengatik eta musikagatik, eta ez halako gauzengatik». Argitaratu izan dituzte komunikatuak hitzartua zuten kontzerturen bat bertan behera utzi dietenean, baina ez askoz gehiago. «Estigmatizatu egiten zaituzte halako kanpainek, ezerosoak dira, zure kontroletik kanpo daudelako, eta beti justifikatzen aritu beharra dakarte. Gu saiatu gara oihartzunik ez ematen horri. Hori nahi dutelako, hori batetik, eta, bestetik, gure aurkako jazarpena bazelako jazarpen globalago baten beste atal bat bezala».

Musikari dagokionez, Fermin Muguruzak eta Su Ta Gar eta Soziedad Alkoholika taldeek ere jasan zituzten boikot kanpainak sasoi hartan, eta hitzartuak zituzten hainbat kontzertu galdu zituzten horren ondorioz haiek ere. Auzitegi Nazionalera ere deitu zituzten S.A. taldeko kideak, beren hitzetan terrorismoa goratzea leporatuta. Absolbitu egin zituzten azkenean, baina giro estu orokor horretan kokatzen du Urbizuk bere taldearen aurkako kanpaina ere. «Hura aurrez aurreko eraso bat izan zen Euskal Herritik kanpo jotzera animatzen ginen taldeen aurka. Foku politiko eta mediatikoa hor jartzea komeni zen orduan, eta La Razón eta halako medioetan sekulako egurra eman ziguten. Horrelakoen ondorioz, Madrilen segurtasun neurriekin jo behar izan genuen, adibidez, eta eskuin muturreko mugimenduek manifestazioetara deitu zuten gure kontzertuetan. Aro nahiko nahasia izan zen».

Eta nola jarraitzen da sortzen halako kanpaina baten ostean? Urbizu: «Autozentsuraren gaiari aurre egin behar zaio. Nire asmoa beti izan da jokatzea hau gertatu izan ez balitz bezala; hori posible ez dela jakinagatik, horretan saiatzea». Zentsurak ez dio eragiten soilik sortzaileari, ordea, musikariaren hitzetan. «Molestatzen dit estatuaren eta justiziaren gurasokeriak, eta uste dut bat datorrela musikari eta kulturari ematen zaion trataerarekin. Azken urteetan, joera da akritikotasun hori bultzatzea musikarekin, eta, azken finean, entzulea gutxiesteko modu bat da».

Biluztasuna arazo

Erakusketaren irekiera zena itxiera ekitaldi bilakatu zitzaion kolpean If Matxikote marrazkilariari. Gizonezkoen biluztasuna ardatz zuen margolan sorta bat jarri zuen ikusgai Baionako Kalostrape jatetxean 2011. urte amaiera aldera, eta, nahiz eta jatetxeko jabeek hasieran esan «sekulakoak» iruditu zitzaizkiela irudiak, pixkanaka ozpinduz joan zen giroa, jatetxeko bezero batzuk irudiengatik kexatu ostean. Hedabideetan atera zen gaia, zalaparta sortu zen berehala, eta irekiera ekitaldi ofizialean jaso zuen marrazkilariak, azkenean, hurrengo goizean marrazkiak hormetatik kendu behar zituen agindua. Eta esanguratsua da erakusketaren amaiera, hain justu ere, gizonen arteko atrakzioa oraindik ere gaizki ikusia dela erakustea baitzen Matxikoteren asmoetariko bat. «Erakutsi nahi nuen gizarte honek nola ez duen soportatzen gizonen biluztasuna; jakinez beste muturreraino eramaten duela emakumeen biluztasuna».

Erdi jatetxe eta erdi artegune da Kalostrape, baina Matxikotek uste du tentsio une hartan argi ikusi zela bietako zeinek zeukan garrantzia. «Hor heldu da galdera, ze leku hori kultur leku bat da, arte leku bat izan nahi duena, eta denbora berean ostatua eta jatetxe lana ere egiten du, eta, azkenean, ikusten dugu non dagoen koska». Balio izan zuen kasuak zabaldu nahi izan zuen mezua zabaltzeko, eta horregatik dio artistak gozo puntu bat izan zuela. Baina, era berean, ezin ukatu gazia ere izan zela esperientzia. «Balizko leku libre horietan ere ikusten da badirela mugak, eta betikoek erabakitzen dutela».

Probokaziotzat sailkatu zuten haren lana zenbaitek, eta horrekin ere ez dago eroso sortzailea. «Nik nire sentimenduak ematen ditut. Nik gordinki azaltzen ditut gauzak, nire izaera baita, eta, hori egiten dudalarik, gogoeta emateko eta eztabaidak garatzeko da. Batzuek nahi dute hori mugatu esanez probokazio bat dela, eta esanez ez egiteko kasu gehiegi, baina ez da hori».

Autozentsura

J. M. Coetzee idazle hegoafrikarrak saiakera bilduma oso bat eskainia dio zentsurari. Zentsuraren aurka. Isilarazteko pasioari buruzko saiakerak. 2003. urtean jaso zuen Literatur Nobel Saria, baina, gaztaroan, berak ere zentsuraren itzalpean idatzi behar izan zuen, eta liburuan labur azaltzen du zentsuraren azken helburua. «Zentsurak ilusioz itxaroten du idazleek beren burua zentsuratu eta zentsoreak erretiroa hartu ahalko duen eguna».

Urretabizkaiak ere aitortu du zentsura instituzionalak «baldintzatu» egiten duela kulturgintza, baina bere sorkuntza propioren kasuan ez zuen aparteko arazorik izan inoiz. Autozentsurarik ez, bere kasuan. Ez orduan, behintzat. «Nik idatzitakoak ez zeukan inongo kutsu politikorik, eta hor zegoen arriskua. Moralean ere bai, baina gehiago politikoan. Eta ez zait gertatu pentsatu behar izana hau edo hura ezin nuela jarri. Hori gehiago gertatu zait orain. Autozentsura gehiago baztertu behar izan dut orain duela 40 urte baino. Bai, dezente gehiago».

Hondarribiko alardeari buruz idatzitako Bidean ikasia liburua du mintzagai Urretabizkaiak. «Hor, autozentsuraren aurka borroka egin behar izan dut», aitortu du. Eta azaldu du zergatik. «Banekien gauza batzuk esatea hainbati ez zitzaiola gustatuko. Alardearen kontua eusko labela duen arazo bat da. Ez estatuak, ez zentsoreak, ez erregeak, ez ezerk ez dute zerikusirik hemen, eusko label hutsa da hau, eta idazten ari nintzenean banekien gauza batzuk ez zitzaizkiola gustatuko politikari honi edo alderdi hari, baina, idatzi ahala, neure buruari mila aldiz esan diot idazle batek eskubidea duela gauza desatseginak ere aipatzeko».

Badira zentsura ofizialaz aparteko zentsurak ere, Urretabizkaiak kontatzen duenez. Gogoan du, esate baterako, nola ukatu zieten sarrera Durangoko Azokako arduradunek. Euskara batuan aritzeagatik kaleratu zituzten kasu hartan. Ezetz esan zien antolakuntzak, baina bere mahaiaren zati bat utzi zien Xabier Gereño idazle eta euskaltzaleak. «Ez nuen zentsurarekin lotua, ez, baina hori hala gertatu zen, bai. Gertatzen da garai hartako gauzak ez daudela kontatuta eta ez direla kontatzen, eta nik ulertzen dut hori, zeren eta bukaerako argazkian ezin guapoago ateratzen gara denak, baina ibilbidean ez da hori gertatzen, eta ez da oso atsegina horri bueltaka ibiltzea. Oso garai gogorrak izan ziren, gauzak diren bezala. Nik gehiago sufritu dut zuzenean hori, Francoren zentsura baino. Ni bi lanetatik bota ninduten batua zela eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.