Kultura sustatzeko zerga-pizgarri berriak izango ditu Gipuzkoak

Pizgarriak ikus-entzunezkoei eta arte eszeniko eta musikalei aplikatuko zaizkie batik bat. Euskarazko produkzioei dagokienez, %70ekoa ere izan daiteke kenkaria.

'Agur Etxebeste' pelikularen filmaketa, Bergaran. LUIS JAUREGIALTZO
'Agur Etxebeste' pelikularen filmaketa, Bergaran. LUIS JAUREGIALTZO
garbine ubeda goikoetxea
2024ko maiatzaren 8a
16:35
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusiek kenkarien araubidea eguneratzeko eta hobetzeko neurriak onartu ditu, kulturaren sektoreari bultzada emateko helburuz. Pizgarri fiskal berriek zinemari, ikus-entzunezkoei, arte eszeniko eta musikalei eta liburuen edizioari eragingo diete, eta 2024ko urtarrilaren 1etik aplikatuko dira, atzerako eraginez.

Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu Jokin Peronak azaldu duenez, lurraldeko ikus-entzunezkoen eta kulturaren sektorea sendotzea eta lehiakortasuna bermatzea litzateke foru arau berriaren helburua: «Sektore horren balio kate osoa indartu nahi da, eta, era berean, Gipuzkoa aukera lurralde bihurtu, esparru horretan jardun nahi duen pertsona ororentzat».

Foru arau berrian ikus-entzunezko ekoizpenetarako jasotako kenkariak %50etik %60ra bitartekoak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako gastuaren arabera betiere. Euskarazko lanetan, izaera orokorreko obretan baino %10 gehiago desgrabatuko litzateke, eta, hortaz, %70ekoa ere izan liteke kenkaria. Edozein egoeratan aplikatu ahal izango den gehienezko kenkaria 10 milioi eurokoa izango da film bakoitzeko, eta 3 milioi eurokoa atal bakoitzeko, serieen kasuan.

Bizkaiko etsenplua

Arte eszeniko eta musikalak ere kontuan hartu ditu Gipuzkoako Foru Ogasuneko araudi berriak. Zuzeneko ikuskariek %30eko kenkaria izango dute, eta euskarazko ekoizpenek %10 gehiagokoa, hau da, %40koa. Horretarako, zuzeneko kostu artistiko zein teknikoek eta sustapen gastuek osatutako oinarria hartuko dute kontuan. Zergadun bakoitzari, bestalde, ez zaio milioi bateko kenkaria baino handiagorik onartuko, eta obra horien irabazien %50 gutxienez zuzeneko ikuskizun berrietan berrinbertitzeko erabili beharko dira, lau urteko epean.

Araudi berriari esker, Gipuzkoako Ogasunak Bizkaikoari jarraituko dio lorratza; izan ere, antzeko neurriak aplikatzen ditu 2023ko urtarrilaz geroztik. Neurriek dakarten onuraren froga gisa, Bizkaia Film Comission zerbitzuak aditzera eman du iaz ikus-entzunezkoen industriak 58,5 milioi euro mugitu zituela Bizkaian, hau da, 2021ean baino lau aldiz gehiago, eta Gipuzkoan mugitutakoa baino 11 aldiz gehiago.

Arabako Ogasunak ere ekainean beste horrenbeste egingo duela aurreikusten da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.