Durangoko 58. Azoka

Kulturaren bilakaeraren ispilu

Hogeigarren urteurrenaren karietara, '(Kultura bat) Zutabeka Durangoko Azokatik' liburua aurkeztu du Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendariak, Kultura saileko Iñigo Astiz eta Itziar Ugarte kazetariek eta Andoni Ollokiegi musikariak lagunduta.

(Kultura bat) Zutabeka Durangoko Azokatik
Iñigo Astiz, Itziar Ugarte eta Andoni Ollokiegi, '(Kultura bat) Zutabeka Durangoko Azokatik' liburuaren aurkezpenean, gaur. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
2023ko abenduaren 9a
16:05
Entzun

BERRIA sortu zenetik hasi eta gaurdaino joan diren hogei urteetan Durangoko Azokatik eta Durangoko Azokaz idatziriko 64 iritzi artikulu batzen ditu (Kultura bat) Zutabeka Durangoko Azokatik liburuak, eta, nagusiki, Kultura sailean aritutako sei kazetari dira horien guztien egileak: Iñigo Astiz, Irune Berro, Ainara Gorostizu, Andoni Imaz, Itziar Ugarte eta Juan Luis Zabala. Hitzaurrea, berriz, Maialen Akizuk idatzi du.

Zazpi idazleon luma eta idazmoldea erakusteaz harago, euskal kulturaren azken bi hamarkadetako minak, ezinak eta pozak ispilatzen ditu liburuak. Bilakaeraren lekuko izan da.

Astizek eta Ugartek aldiko zutabe bana irakurriz eta Ollokiegik gitarraren laguntzaz kantatutako abesti ikonikoekin tartekatuz, azken bi hamarkadetako denbora bidaia eskaini dute gaur eguerdian Durangoko Azokan bertan, ia ordubete iraun duen saioan. Ollokiegik, besteak beste, Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori, Zea Maysen Negua joan da eta, eta Gariren Esperantzara kondenatua kantatzera eta txaloka erritmoa eramatera akuilatu ditu ikusleak.

Mujika 15 urteko alabarekin izandako solasaz mintzatu da ekitaldiaren hastapenean. Euskara zer den galdegin zion bezperan. Hark, «ama, etxea, gustura sentitzen zaren tokia», erantzun. Jarraian, kultura esanda zer ulertzen ote duen, eta alabak, «familia, laguntzeko prest dagoen jendea; aukerak, etorkizuna», esan. Mujikak azaldu duenez, horrek zer pentsa eman zion, «euskara eta kultura babesarekin lotzen dituelako alabak». Kezkaren bat ere piztu zitzaion, hain zuzen, «plaza ez ote duen beste hizkuntza eta kulturekin lotzen». Alabak «etorkizuna» eta «aukerak» aipatu izanak, bestalde, galderarik ere sorrarazi zion BERRIAko zuzendariari, esate baterako, «izango ote den Durangoko Azoka bezalakorik alabaren munduaren elikagai eta hauspo».

Jarraian Euskaldunon Egunkaria-ren lehen azala ekarri du gogora, eta, bereziki, 1990eko abenduaren 6ko hartan letra handiz zekarren titulua: Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak. Geroztik joan diren 33 urteetan, Euskaldunon Egunkaria-k bezala BERRIAk ere, azokaren bilakaera eta kulturgintzan izan diren eztabaidak nahiz joerak «bertatik eta gertutik» jorratu dituela esan du Mujikak, eta, hain zuzen, «hausnarketarako makulu bat eskaintzeko asmoz» plazaratu duela liburua. «Egunkari batek bere komunitatearen ispilu, bozgorailu eta plaza izan behar duela sinesten dugulako». Hizkuntza eta kultura «komunitatearen babesleku eta gazteentzat bizileku aberatsa» izango den desioa azalduz amaitu du hitzaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.