Kulturaren urteroko pazkoa

Gaur goizean irekiko ditu ateak Durangoko 44. Euskal Liburu eta Disko Azokak; kultura katalana da aurtengo ekitaldiko gonbidatua

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2009ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Azkenean heldu da eguna. Gaur zabalduko ditu ateak Durangoko 44. Euskal Liburu eta Disko Azokak. Liburuak eta diskoak burutzeko izan da garizuma luzea, baina heldu da pazkoa ere, hilabete luzez egindako lana jendaurrean erakusteko eta zabaltzeko aldia. Gaur hasiko da bost eguneko erakustaldia, iaz baino luzeagoa. Astegunez zabaldu nahi baitzuten azoka, eskola umeek eta ez hain umeek izan dezaten aukera osteratxoa egiteko.

Izango da nahiko zalaparta eta jendetza gaur goizetik aurrera Durangoko Landako gunean (Bizkaia). Ikastetxeetako taldeek hartuko dute azoka lehen egunean, asteguna izaki haiek izango baitute azokara hurbiltzeko aukera. Goizean goizetik, gazteen zalapartaz josiko da ingurua, baina irekiera ekitaldia iluntzean, 19:00etan, izango da. Han izango dira Gerediaga elkarte antolatzaileko ordezkariak eta erakundeetako arduradunak. Landako elkartegian, azoka gunearen ondoan, izango da hasiera ekitaldia. Andreu Carranza idazle katalanak egingo du sarrera hitzaldia, Catalunya bressel de la virtualitat izenburupean(Katalunia, birtualtasunaren sorterri).

Kultura katalana izango baita aurtengo gonbidatua, Kataluniako hainbat idazle eta musikari izango dira datozen egunetan Durangon. Hitzaldiak, kontzertuak eta gisakoak emango dituzte. Besteak beste, poesia saioa emango du Joan Margaritek, euskal musikaren eta katalanaren historiari errepasoa Marc Bioscac eta Joseba Martinek, eta berriketaldia Albert Sanchez Piñolek eta Kirmen Uribek. Bestelako mahai-inguru gehiagotan ere arituko dira Kataluniatik etorritako adituak. Besteak beste, liburu digitalei buruzko eztabaidan, eta PuntuEus eta Puntcat proiektuei buruzkoan.

Kultura katalanarekin batera, leku berezia izango dute aurtengo azokan lehenbiziko ikastoletako andereñoek. Argizaiola saria jasoko dute, bihar, 20:30ean, San Agustin kulturgunean. «Hasierako iluntasunean, euren lana, esfortzua eta kemena euskalduntzeari eskaintzeagatik» sarituko ditu Gerediaga elkarteak. Haien guztien izenean jasoko dute saria Izaskun Arruek (Arabatik), Libe Goñik (Ipar Euskal Herritik), Izaskun Gastesik (Nafarroatik), Karmele Esnalek (Gipuzkoatik) eta Begoña Arangurenek (Bizkaitik).

Kontuan izatekoak

Krisia gorabehera, iaz baino parte-hartzaile gehiago izango dira aurten: 14 eskari berri jaso dituzte, eta 156 parte-hartzaile izango dira. Denera, 292 erakusmahai. Ordea, produktu kopurua txikiagoa izango da: 459, iaz baino 45 gutxiago. Liburu kopurua jaitsi da -345etik 308ra-; diskoak gehiago izango dira -65etik 69ra-.

Liburuen artean, han izango dira Unai Elorriagaren Londres kartoizkoa da (Elkar), Anjel Lertxundiren Eskarmentuaren paperak (Alberdania), Itxaro Bordaren Ezer gabe hobe (Susa), Karmele Jaioren Musika airean (Elkar), Edorta Gimenezen Stock 13 (Txalaparta), Xabier Amurizaren Olatu bat kuartelen gainetik (Lanku) eta Igor Estankonaren Iratzeen Esporak (Susa). Horiekin guztiekin batera, hala ere, beste makina bat liburu izango dira erosgai.

Haien artean, itzulpenak franko izango dira aurten. Alberdania argitaletxeak, adibidez, dozenatik gora itzulpen jarriko ditu erakusmahaian; besteak beste, Suzanne Collinsen Gose jokoak eta Nancy Hustonen Jaiotze markak. Erein argitaletxeak, berriz, dozena erdi bat itzulpen lan eramango ditu; haien artean, Haruki Murakamiren Gauaren sakonenean eta Henning Mankellen Aurpegirik gabeko hiltzaileak.

Alberdania argitaletxea, gainera, berritasunekin joango da azokara. Liburu digitalak salgai jarriko ditu gaurtik aurrera argitaletxeak, www.alberdania.net webgunean eta Leer-e enpresaren denda birtualean. Guztira 35 liburu izango dira eskura, paperean baino merkeago. Durangoko Azokak berak ere bere egingo du aurten liburu digitalen gaia, eta horri buruzko mahai-ingurua izango da astelehenean.

Ordea, guztia ez dira liburuak izango. Diskoak ere izango dira, eta iaz baino gehiago. Beste hainbaten artean, han bertan izango dira Ruper Ordorikaren Haizea garizumakoa (Elkar), Anariren Irla izan (Bidehuts), Jabier Muguruzaren Taxirik ez (Resistencia) eta Berri Txarrak-en Payola (Roadrunner Records).

Salerosketa baino gehiago

Liburu eta diskoen salerosketa baino gehiago da, ordea, Durangoko Azoka. Liburu aurkezpenak, sinatzeak eta bestelakoak izango dira bost egunetan; baita hitzaldiak ere. Azoka egiten duteneko gunearen ondoan, beste batzuk ere izango dira urtero legez. Besteak beste, prest izango da haurrentzako txokoa; irakurtaldiak, tailerrak eta beste egingo dituzte han. Bihartik aurrera, berriz, Ahotsenea gunea zabalduko dute. Sortzaileak eta hartzaileak harremanetan jartzea du helburu gune horrek. Astelehenean itxiko dute.

Landakotik ere aterako da Durangoko Euskal Liburu eta DiskoAzoka. San Agustin kulturgunean izango dira ekitaldi batzuk-Argizaiola sariak han banatuko dituzte, adibidez-, baita Andra Mari parrokiako elizpean ere, antzina azoka egiten zuten lekuan. Muga fisikoak gaindituta, Facebook eta Twitter sare sozialetan zabalduko dute Durangoko 44. Azokari buruzko berri, lehenbiziko aldiz.

Azokaren karietara beste hainbat ekimen ere izango dira hurrengo egunetan Durangon. Besteak beste,Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako auzia salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur eguerdian. Igande eguerdian ere, Egunkaria-k 19 urte beteko lituzkeen egunean, izango da protesta.



Egitaraua

GAUR, ABENDUAK 4

10:30. Ateak zabaltzea.

19:00. Inaugurazio ekitaldia. Andreu Carranza idazle katalanaren hitzaldia. Elkartegian.

21:30. Mirant al cel-en emanaldia, San Agustin kulturgunean. Han izango dira Jesus Garay zuzendaria eta Fermin Muguruza musikaren egilea.

BIHAR, ABENDUAK 5

10:30. Ahotsenearen hasiera ekitaldia.

12:30. Jason Epstein editore estatubatuarraren hitzaldia.

18:30. Poesia saioa Joan Margaritek, Itxaro Bordak eta Leire Bilbaok. Elkartegian.

20:30. Gauean argi ekitaldia, San Agustin kulturgunean. Argizaiola saria jasoko dute lehen ikastoletako andereñoek.

ETZI, ABENDUAK 6

18:30. Euskal musikaren eta musika katalanaren errepaso historikoa, Marc Bioscak eta Joseba Martinek. Elkartegian.

ASTELEHENA, ABENDUAK 7

11:00. Azkue fundazioaren aurkezpen ekitaldia. Aurkezpen aretoan.

12:30. Liburu digitalari buruzko hitzaldi sorta: Joan Mari Torrealdai, Andoni Sagarna, Jorge Gimenez eta Enric Faura.

18:30. Kirmen Uriberen eta Albert Sanchez Piñolen arteko berriketaldia. Elkartegian.

21:00. Gerard Quintanaren eta Jabier Muguruzaren kontzertua, San Agustinen.

ASTEARTEA, ABENDUAK 8

11:00. PuntuEus eta Puntocat proiektuei buruzko eztabaida. Elkartegian.

11:00. Tokikom tokiko hedabideen marka bateratuaren aurkezpena. Aurkezpen aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.