SOS Kultura plataformak atzo elkarretaratzeak egin zituen Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, eta gaur, Kupla plataformak protestari segida eman dio Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean. Plataformako kideek «hilzorian» ikusten dute kulturgintza, eta hori bera irudikatu dute goizeko ekintzan: kulturaren heriotza antzeztu dute beltzez jantzitako zenbait lagunek, erakundeei eskatzeko neurriak har ditzatela sektorearen egoerak ez dezan okerrera egin. Auto karabana bat ere egin dute.
Teknikariak, enpresak zein artistak, sektorea osatzen duten kide guztiak batzeko asmoz sortu dute taldea asteotan, eta manifestu baten bidez jakinarazi dituzte euren eskaerak. «Immobilismoa» egozten diete erakundeei, eta, diotenez, ezer egin ezean, hilabete batzuen buruan «gaindiezina» izango da «hondamendia». Horregatik, beren burua eskaini diete erakundeei kulturaren berezitasunak kontuan hartuko dituzten neurriak planifikatzeko.
Hiru eskari jakin ere biltzen ditu manifestuak. Bat: zuzeneko ekitaldietarako segurtasun eta higiene protokolo zehatz bat sortzea. Bi: aurreikusitako jarduerak bideragarri egiten saiatzea. Eta hiru: sektore osoa hartuko duten salbuespeneko laguntzak martxan jartzea, «beste industria sektore batzuekin gertatzen den bezala».