KULTURA

Kutxaren kultur proposamenek beteko dute Tabakaleraren ia hirugarren solairu osoa

Fundazioak 5.600 metroko koadro izango ditu erabilgarri eraikin osoan. Solairu nagusiko 900 metroko koadroko erakusketa aretoan, erakusketa handi bat zabalduko dute udazkenean. "Gure bildumako pieza hautatuenak jarriko ditugu ikusgai".

Mendarte, Ruiz eta Beloki Kutxako ordezkariak gaur goizean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Igor Susaeta.
2015eko otsailaren 25a
15:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Kutxaren gizarte ekintzaren ekoizpen kulturalen egoitza nagusia izango da Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. "Gune ikusgarria eta identifikarria izango da", nabarmendu du Kutxa Fundazioaren zuzendari nagusi Carlos Ruizek, gaur goizean egindako agerraldian. Ruizek gogoratu du eraikinaren zaharberritze obren aurrekontuaren %23a Kutxak finantzatzen duela. "13 bat milioi euro, gutxi gorabehera". Aurten 4,1 milioi euro bideratuko dituzte horretara.

Baina ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, kultur ekarpena ere egin nahi du Kutxak, Ruizen esanetan. "Gure proposamenaren bidez sustatu nahi dugu, batetik, elkarbizitza. Bestetik, bultzatuko ditugu eragile kulturalentzako eta etorkizuna daukaten artista amateurrentzako plataformak".

Den den, Tabakaleran Kutxak izango duen erakusketa aretoan, "artista garaikide kontsagratuen" obrak jarriko dituzte ikusgai, Cristina Beloki Kutxa Fundazioko erakusketa aretoen zuzendariak jakinarazi duenez. Areto handi horien ondoan, Kutxa Kultur Klub izeneko 150 metroko koadroko erabilera anitzeko espazioa atonduko dute. 100-300 pertsonarentzako tokia edukiko du, eta musika, antzerki eta moda ikuskizunak eskainiko dira.

Hirugarren solairuan lau gune kudeatuko ditu Kutxak. Batetik, han garatuko da Kutxa Gelak programa . "Orain arte probintzia osoan zeuden barreituta". Musika, moda, informatika, sukaldaritza, eta besteri buruzko tailerrak, hitzaldiak eta ikastaroak eskainiko dira. Musika eta moda programaren barruan, bestetik, urte beteko egonaldiak egin ahal izango dira. Horretan parte hartzen dutenei, gainera, aholkularitza, sustapen eta zabalpen zerbitzuak ahalbidetuko zaizkie. K2A guneak 40 postu eskainiko dizkie ekintzaileei, elkarteei, start-up-ei eta besteri. "Joeren behatoki bat izango da. Emango dizkigu Kutxaren gizarte ekintza norabidetzeko behar ditugun klabeak", azaldu du MIkel Mendarte Kutxa Fundazioko kultura saileko zuzendariak. Fototeka-Kutxateka guneak Kutxaren 34 argazki-funtsak bilduko ditu —1.500.000 irudi guztira—. Horiek zaintzeko gunea izango da, eta, gainera, kontsultatu eta ikertzeko aukera ere egongo da. Azkenik, fundazioak Tabakaleran beteko duen espazioaren erdigunea izango da Kutxa Kultur Plaza. "Agora moduko bat", zehaztu du, Mendartek. Hor, gainera, erakusketak, hitzaldiak, aurkezpenak, kontzertu txikiak eta beste antolatuko dituzte. Ekimen horiek guztiak aurtengo udazkena eta hurrengo urteko ekaina artean abiaraziko dituzte, "mailaka".

Ruizek adierazi du, aipatutako 13 milioi euro horiez gain, beste 1,2 milioi euro gastatuko dituela Kutxak, gune horiek guztiak egokitzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.