Astebete baino ez da igaro Errenteriako (Gipuzkoa) Aitzbitarte IV kobazuloan aurkikuntza garrantzitsua egin zutela jakinarazi zutenetik: Goi Paleolitoko hainbat behe erliebe eta grabatu aurkitu zituzten espeleologoek leize horretan. Bada, Debako (Gipuzkoa) Arbil V kobazuloan garai bereko beste hainbat grabatu agertu direla jakinarazi dute gaur Antxieta Jakintza Elkarteko kideek, EHUko aditu talde batek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Oraindik haiek aztertzen ari dira, baina ziurtzat dute Goi Paleolitokoak direla, Madeleine aldikoak; lehen kalkuluen arabera, duela 15.000 eta 10.000 urte inguru egindakoak.
Bi animaliaren irudiak agertu dira kobazuloaren hormetako batean. Orein eme baten irudia osorik agertu da, baita elur orein ar bat izan daitekeen beste figura bat ere, adarrak, burua eta bularraldea ageri dituena. Beste hainbat grabaturen aztarnak ere agertu dira horma berean, baina oraindik ez dituzte identifikatu.
Joan den martxoaren 26an egin zuten aurkikuntza Antxieta Jakintza Elkarteko kideek. Ondoren, EHUko adituek —Paleolitoan eta garaiko artean espezialistak— baieztatu egin zuten aurkikuntzaren garrantzia. Ikerketarekin aurrera jarraitzen dutela jakinarazi dute.