Laboa, Xenpelar eta Bilintx gehitu dituzte Bidegileak bildumara

Euskararen alde arituriko beste hamabi pertsonaren biografia lanek osatzen dituzte hiru sorta berriak

Erredakzioa
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Bidegileakbildumako 59, 60 eta 61. sortak osatu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Atzo aurkeztu zituzten sorta berri horiek Donostiako Miramar jauregian, ehun idazle eta eragilerekin batera.

Euskararen alorrean bidegile izan diren hamabi euskal pertsonaren bizitzaren eta lanaren inguruko informazioa jasotzen da bilduma horretan. Martin Olazar apaiza (Gamiz, Bizkaia, 1927-Bilbo, 2008), Mikel Atxaga apaiz ohi eta kazetaria (Urnieta, Gipuzkoa, 1932-Donostia, 2009), Jose Maria San Sebastian Latxaga apaiz eta idazlea(Donostia, 1933-2008), eta Mikel Laboa kantaria (Donostia, 1934-2008) dira 59. sortan landu dituzten pertsonaiak. Jose Manuel Etxeberriak idatzi du Olazarri dagokiona, Elixabete Garmendiak Atxagari buruzkoa, Felix Ibargutxik Latxagaren gainekoa, eta Jerardo Elortzak Laboarena.

Frantzisko Inazio Lardizabal apaiz eta kontalaria (Zaldibia, Gipuzkoa, 1806-1855), Jean Pierre Duvoisin idazle eta itzultzailea (Ainhoa, Lapurdi, 1810-Ziburu, lapurdi, 1891), Emile Larre apaiz eta kazetaria (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1926) eta Maria Pilar Lasarte euskaltzain urgazlea (Leitza, Nafarroa, 1937) dira 60. sortako protagonistak. Arantzazu Muñoak, Elena Touyaoruk, Eneko Bidegainek eta Elixabete Garmendiak idatzi dituzte lan horiek, hurrenez hurren.

Sorta bat, bertsolariei

Bertsolariek eta bertsoaren inguruko pertsonaiek osatzen dute 61. sorta. Antton Aranburuk egin du Indalezio Bizkarrondo Bilintx-i (Donostia, 1821-1876) buruzkoa; Elixabete Perezek ondu du Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar-i (Errenteria, 1835-1869) dagokiona; Xabier Euzkitze arduratu da Pedro Mari Otañoren (Zizurkil, Gipuzkoa, 1857-Rosario, Argentina, 1910) biografia idazteaz, eta Joxe Mari Iriondo Antonio Zabalaren (Tolosa, Gipuzkoa, 1928-Iruñea, 2009) gainekoa idazteaz.

Hamabi liburuxka horietako bakoitzetik 2.300 ale inprimatu dituzte, eta, paperean plazaratzeaz gain, www.euskara.euskadi.net helbidean ere jarriko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.