Laboaren ispilu jokoa

'Gernika Lemoizen' dantza emanaldia eskainiko du gaur Donostian EHUko Mikel Laboa katedrak

Irati Gorostidi, Manuela Carretta eta Juan Gorostidi, Gernikatik Lemoara-ren egileak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Flamenkoa, Mikel Laboaren musika eta Franz Kafka idazlearen testuak biltzen ditu Gernika Lemoizen lanak, EHUko Mikel Laboa katedrak sortutako dantza emanaldiak. Gernikako bonbardaketaren 77. urteurrena gogoratzeko helburuarekin sortu dute ikuskizuna, eta, hala, Lemoizko zentral nuklearrean film laburra egin du Irati Gorostidik, Laboaren Gernika obraren koreografiarekin. Manuela Carretta flamenko garaikideko dantzariak (Vizenza, Italia, 1965) sortu du koreografia, eta gaur aurkeztuko du Lemoizen grabatutako lana,20:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Emanaldian Haika mutil, Baga biga higa eta Itsasoa eta lehorra abestiak erabiliko dituzte, eta baita Ramon Lopezen El quinto regimiento musika ere, Imanol Uriberen Haika mutil filmeko irudiekin batera. Gaurko emanaldian, gainera, Franz Kafkaren Legearen aurrean testua izango da ikuskizunaren haria. Testua Xabier Kintanak itzuli du, eta Itxaro Bordak Uztaritzeko Gure Irratia estudioan egindako irakurketaren grabaketa erabiliko dute. Larunbatean Gernikako Astra fabrikan eskainiko dute emanaldia.

Carrettaren eta Laboaren arteko lotura berezia izan dela azaldu du Juan Gorostidik, proiektuaren ekoizleak. «Laboaren abestiak aukeratu, eta Carrettari erakutsi genizkion. Dantzariaren eta musikaren arteko harremana zuzena izan da, dantzariak soilik musika landu eta interpretatu baitu, horren atzean egon daitekeen sentipenik gabe». Emaitza ispilu jokoen antzekoa izan da, Gorostidirentzat: «Gernika Laboaren obra garrantzitsuena dela esango nuke. Carrettak Laboaren izpiritua ederki barneratu du, eta, Kafkaren testuarekin batera, antzerkia eta musika biltzen dituen dramatizazio lana lortu dugu».

Lemoizen bideoa egiteko dudak izan zituzten, Mikel Laboa katedraren zuzendari Juan Kruz Igerabideren esanetan. «Proposamena polita baina nahiko zoroa zela iruditu zitzaidan, baina, zorionez, baiezkoa eman ziguten». Irati Gorostidiren iritziz, erronka bikoitza izan da dantza emanaldia grabatzea, batetik, «erreferente indartsuekin» lan egin dutelako, eta, bestetik, grabatzeko soilik bi egun izan zituztelako. «Lemoizen bakarrik egon ginen, oso talde txikiarekin. Nire helburua dantzariaren lanaren eta kameraren artean distantzia bilatzea izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.