Antzerkia

Laboaren kantak oinarri dituen emanaldia estreinatuko du Patxo Telleriak gaur, Loraldia jaialdian

Musikariaren kantetatik abiatuta, gogoeta eta irakurketa pertsonalak harilkatuko ditu Telleriak 'Ai, gure juaneteak' emanaldian.

Patxo telleriaren 'Ai, gure juaneteak' emanaldiko irudi bat. PIO ORTIZ DE PINEDO
Patxo telleriaren 'Ai, gure juaneteak' emanaldiko irudi bat. PIO ORTIZ DE PINEDO
Inigo Astiz
2024ko martxoaren 15a
05:40
Entzun

Adibide bat jarri du Patxo Telleria antzerkigileak. Argiena: Txoria txori. «Hegoak ebaki banizkio/ nirea izango zen,/ ez zuen alde egingo./ Baina/ horrela/ ez zen gehiago txoria izango,/ eta nik…/ txoria nuen maite». Gaztetan entzun, eta txoria maite duen maitalearekin edota txoriarekin berarekin identifikatzen zen Telleria bera, baina, dioenez, orain, urteekin, kanta berriz entzun, eta gogoeta tristeagoak pizten dizkio abestiak. «Orain eskatzen diot kantari, mesedez, inork ez dezala jakin, baina hegoak ebakitzeko, mesedez, hegan egiteak beldurra ematen didalako. Bizitzak bertigoa ematen dit». Baina adibide bat baino ez da hori. Guztira Mikel Laboaren hamabi abesti hartu baititu Telleriak Ai, gure juaneteak emanaldia sortzeko, eta kantek piztutako gogoeta eta aitortzak josiko ditu musika, antzerkia eta poesia uztartuz. Gaur estreinatuko du lana, Bilboko Itsas Museoan, Loraldia jaialdian, eta jadanik ez da sarrerarik geratzen.

Berrirakurketa bat da saioa. Laboaren musikaren berrirakurketa bat, noski, baina baita Telleriarena berarena ere. Antzerkigileak onartu duenez, bereak baitira emanaldian plazaratuko dituen gogoeta eta sentsazioak. «Gaztea nintzenean, Laboaren kantak entzuten nituenean, pentsatzen nuen Laboak jiganteentzat kantatzen zuela, kolosoentzat, titanentzat, eta gaur egun ulertu dut gizabere galdu bat besterik ez naizela, gaztetan baino txikiagoa, gaztetan baino jakintsuagoa ere bai, eta orain bai ulertzen dut Laboak jiganteentzat ezetz, gu bezalako gizabere galduentzat kantatzen zuela».

Neurri batean, «biluzte ariketa bat» izango da saioa horregatik: «Biluzte emozionala, eta biluzte ideologikoa ere bai. Kanta batzuen ildoa eta gaia norbere sentimenduei buruzkoa izango baita, Negu hurbilak esaterako, edo Lili bat, edo Hegazti errariak. Baina, gero, Bedeinkatua-ren edo Izarren hautsa kantuen kasuan, gehiago da biluzte ideologikoa».

Nork bere burua salatzea

Beste adibide bat. Joxanton Artzeren poema bat oinarri duen kanta bati buruzkoa hori ere. Nere juaneteak. Kantuaren letra lehenik. «Zapalketa gorriaren/ erailketa biluziaren aitzinean/ entzungo diezu erruki hitza aipatzen/ xurgatze amorratuaren jende gosetien aurrean/ entzungo diezu karitate hitza goraltzen/ lantegiak geldiaraziz/ herria kaleratzen denean/ entzungo diezu bakea, bakea deiadarkatzen/ zapalduak oro batzen direnean eta lurra ikaran ezarri/ entzungo diezu: ai, nere juaneteak!».

Eta Telleriaren hitzak ondoren. «Hor Artzek kanpoan jartzen zuen kritika, une hartan handikiak eta goi mailako burgesiaren hipokrisia kritikatzeko, eta nik kanta hori lehenengo pertsonan jartzen dut. Azken finean, hipokrita hori ni izan naiteke, eta kontraesan horiek dituena ere ni izan naiteke». Eta gero, errematea. «Lehen, salaketa beti egiten zen kanporantz, eta nik, batzuetan, neure burua ere salatzen dut kanta batean baino gehiagotan».

«Barrea, momentu batzuetan sortzen bada, ez dut ukatuko, baina ez diot barreari biderik ematen. Hori oso-oso berria da niretzat».

PATXO TELLERIA Antzerkilaria

Telleriak aitortu duenez, duela sei hilabete, aldi ilun samar batean zegoela sortu zuen emanaldiko testua; «krisialdi batean». Eta arrastoa utzi du horrek emanaldian ere. Izango baitira pasarte ironiko batzuk tarteka, egongo baitira irribarreak ere inoiz, eta, agian, litekeena baita barre algararen bat edo beste entzutea ere, baina Telleriak dioenez, ez baitu horren bila jo. «Hori oso-oso berria da niretzat», onartu du. «Barrea, momentu batzuetan sortzen bada, ez dut ukatuko, baina ez diot barreari biderik ematen».

Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez musikariak ere izango dira oholtzan, eta, Telleriaren hitzetan, Laboaren kanten hitzak ez ezik, Laboaren musika ere berrikusiko dute hiruren artean. «Birmoldatu egin ditugu, beste erritmo eta beste harmonia batzuk bilatuz».

Hitz esana

Spoken word emanaldi bat izango da funtsean. «Esaniko hitza» deitzen dio Telleriak. Zuzeneko poesiaren formatu bat da, berez, eta, halako saioetan ohiko den moduan, esaten duenaren erritmoa eta errima zainduz arituko da publiko aurrean hizketan Telleria ere.

Beste adibide bat. Azkena. Izarren hautsa, Xabier Leteren hitzekin. «Berak mistika agnostiko batetik idatzi zuen kanta, eta nik saiheska hartzen dut kanta hori, eta izarren hautsen irudiarekin geratzen naiz, herentzien kontua lantzeko». Eta emanaldiko testuarekin jarraitu du gero azalpena. «Hauts beretik sortuak gara denok, baina ez gara denok anaiak, ez zaigu hauts kopuru bera tokatzen denei. Banaketa horretan suerteko bazara, konpai, ba, topatuko dituzu aukerak nonahi, biziko zara lasai, edozer egiteko gai. Baina gutxi tokatu bazaizu, jai! Ekin eta ekin, bilatu arren, miseria izango duzu zain. Ez errai, ez sustrai, ez sabai, ez mahai».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.