Laborantza munduko jendeez

Daniel Landartek 'Jendeak' idatzi du. Irakurketa antzeztuaren bidez aurkeztuko dute, igandean

Ildoka antzerki taldekoek eginen dute irakurketa, igandean, Uztaritzen; Jendeak liburuko bederatzi kontakizun irakurriko dituzte, eta zenbait antzeztu. ILDOKA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2017ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
«Gizartearen adierazle diren» istorioak kontatzea gustuko du Daniel Landartek, eta hor dago Jendeak (Elkar) liburuaren abiapuntua. Ildoka talde berriak irakurketa antzeztu baten bidez aurkeztuko du liburua, igande honetan, Uztaritzeko Lapurdi salan, 16:30ean. Liburuaren lehen aurkezpena izanen da. Asmoa da hamar bat aldiz ematea.

Orotara 34 kontakizun ditu biltzen liburuak. Horietarik bederatzi hautatu dituzte taula gainerako. Zati batzuk irakurriko dituzte, besteak antzeztuko. Taula zuzendaritza lan bat eskatu diela horrek, Landart ukan dute laguntzaile horretan. Funtsean, hark du taldearen izena bera ere asmatu: Ildoka. Sei antzerkilari biltzen dira hor, horietako zenbait Iduzkilore taldekoak.

Liburuak laborari mundu bat du kontatzen, bereziki Ipar Euskal Herriko barnealdean girotua, XX. mendeko bigarren zatiko «iragan hurbil» batean. «Ikusten da duela denbora gutiko gizarte bat. Biziki kanbiatu den mundu bat». Kanbiamen horren lekuko izan nahi du liburuak: «Ikaragarriko kanbiamenduak izan dira. Tresneria sartzearekin, aldaketa handiak gertatu dira. Lehenago, auzo bereko laborariek elkar laguntzen zuten. Biziki etxe gutxitan segitzen dute zerri hiltzen. Baratze anitz utziak izan dira... Gero, elizaren eragina arrunt apaldu da. Eta hori biziki senti da».

Kontakizun horietan baditu arrunt asmatuak Landartek. Baditu ere egiazki gertatu direnak, baina horiek berriz idatziak ditu. «Istorio franko arinak» baldin badira ere, «gehienek beltz aire bat badute. Eta heriotza usu hor da». Nostalgia puntu bat ba ote den galderari, «hain segur ere» erantzun dio idazleak. Guztia jendeen arteko harremanen bidez kontatu nahi izan du Landartek. «Bi anaiatxoren tirabirak, errainaren gogoetak, mendi-mendian gertatu istripua, bi laborari elkarren artean haserretu, bakoitzaren sekretu bat edo beste, herriko bozak, soldadutzan gertatutakoak, alkoholak beretu gaztearen dohakabetasuna, neskatxa baten bortxaketa, gezurrezko akusazioa, eta apezek ere badute aipamen bat baino gehiago». Horra, idazlearen hitzetan, liburuan aurkitu daitezkeen kontakizun zenbaitzuen bideak.

Formula egoki bat delakoan

Irakurketa antzeztu hau egokia egiten zaio Landarti, eta pentsatzen du errepikatu daitekeen formula bat izan daitekeela.

Etxea eta etxekoak euskal literaturan liburuarekin (Euskaltzaleen Biltzarra) —non 62 autoreren idazkiak biltzen baitzituen Landartek— esperimentatu zuen irakurketa publikoarena. Dozena bat irakurketa antolatu zituen pare bat lagunekin. Irakurketaren eta musikaren bidez aritu ziren orduan. Publikoaren harrera ona sentiturik, hor hartu esperientziak ekarri dio gogora irakurketa formula horren berresteko. Baina, aldi honetan, antzerki gehiago sartuz, mugimendu gehiago.

Landarti iruditzen zaio antzerki baten muntatzeak galdetzen duen lanari begira, batzuentzat zama izan daitekeela, formula hau eskuragarriago izan daitekeela. «Erdibide bat da. Antzerkilariek lan gutiago dute memorizatzeko». Eta, aldi berean, pentsatzen du publikoa ez dela baitezpada galtzaile, taula gaineko lan bat baita. Baita irakurketarako ere, irakurtzean ere «doinu bat behar dute atzeman». Helburua da «memento goxo bat pasatzea».

Liburuak irakurtzen ez dituztenengana hurbiltzeko bide bat ere ikusten du hor Landartek. «Liburuaren irakurtzeko, behar da ohidura bat. Anitzentzat beti nekez egiten den gauza bat da. Hor, iruditzen zait alegia pasatuko dela errazkiago. Eta gero, agian, liburua nahiko dute leitu». Berearekin bezala, beste idazle batzuen testuekin formula berrestea nahiko luke Landartek, dela Leon Leon, Piarres Lafitte, Piarres Larzabal eta beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.