Laburbirak euskarazko bederatzi film labur erakutsiko ditu herriz herri

Bergaran egingo da gaur 27 emanaldietan lehena, eta sortzaileekin solasaldiak egingo dituzte saio gehienetan

Asier Altunaren Artalde ikus-entzunezko lan laburra dago zirkuituan erakutsiko diren lanen artean. ZINEBI / BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Euskarazko sorkuntza sarri ikusezina izaten da, baita euskaldunak garenontzat ere; euskaraz egiten den zinemak ez du promoziorik herri honetan». Errealitate hori gainditu nahi du Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, eta Laburbira antolatu du horretarako, zortzigarrenez. Euskarazko ikus-entzunezko lanen urteko uzta ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko, bederatzi lan labur erakutsiko dituzte, herriz herri izango diren 27 emanaldietan. «Euskal kulturari, kasu honetan ikus-entzunezkoari, plaza eman nahi diogu», azaldu du Manuel Moreno Topaguneko ordezkariak. Gaur iluntzean Bergaran (Gipuzkoa) hasiko da zirkuitua, eta Oskotzen (Nafarroa) amaituko da, apirilaren 16an.

«Euskararen erabilerarako guneak eta uneak sortzea» da Topagunearen xedea, Morenok adierazi duenez. Horretarako, euskarazko kultur jarduerak antolatzen ditu, Laburbira tarteko, euskarazko eskaintzaren «ezagutza, hedapena eta kontsumoa» sustatzeko. Euskarazko ikus-entzunezkoen sorta bat aukeratu eta herritarrei hurbilduko dizkie zirkuituak, tokian tokiko euskara elkarteekin elkarlanean. Halaber, bederatzi lanak ikusi ostean, 21 saiotan sortzaileekin solasaldiak egingo dituztela nabarmendu du Morenok. «Guretzat berebiziko garrantzia du egileak eta ikus-entzuleak harremanetan jartzea».

Egile berrien eta eskarmentu handiagoa dutenen lanak aukeratu dituzte zirkuiturako. Hala, Asier Altunaren eta Angel Aldarondoren lan berrienekin batera, Kepa Errastik, Jon Artolak, Saioa Aizpuruak, Aitor Artolak, Irune Gurtubaik eta Ibai Vigil-Escalerak ondutakoak ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Sortzaile berrien plaza izateko asmoa du egitasmoak. Hori dela eta, iazko udazkenean Ermuan (Bizkaia) egindako Kameratoia-n sortutako hiru film labur ere erakutsiko dituzte. Topaguneak antolatzen du Kameratoia, gazteentzako ikus-entzunezko rallya: lau eguneko epean, lan labur baten ideia idatzi, irudiak grabatu eta edizioa egin behar dute lehiakideek, aurrez emana zaien gaia oinarri hartuta. Zapatilla Films, Trastaka eta Kontraplano taldeek iaz sortutako lanak herriz herri erakutsiko dira orain.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa zeharkatuko ditu Laburbirak. Ohiko zinema eskaintza izaten duten hirietan eskainiko dira emanaldi batzuk, tartean, Irun, Gasteiz, Durango, Arrasate edo Barakaldon. Baina urtean zinema euskaraz ikusteko aukerarik ez dagoen herri txikiagoetara ere iritsiko da, Arespalditza, Murgia, Laguardia edo Zizurkilera, esaterako. Hainbat herritan Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan aurkeztuko da saioa.

Aurreko urteetan bezala, Euskal Herritik kanpo ere izango da emanaldirik. Lehenago Bartzelonan edo Shanghain bezala, aurten Londresen egongo da euskarazko film laburrak ikusteko aukera. Oxford Housen izango da emanaldia, apirilaren 12an, London Basque Societyk antolatuta.

Zabaldu beharreko proiektua

2004an jarri zuten martxan euskarazko film laburren zirkuitua, eta, ordutik, askotariko 60 lan erakutsi dituzte, argumentuzkoak, sormenezkoak, dokumentalak, bideoklipak nahiz animaziozkoak. Zortzi urteotan 250 emanaldi egin dira herriz herri, eta 30 zuzendarik edo taldek parte hartu dute.

Asier Altuna da horietako bat. Bergaran, jaioterrian aurkeztuko du gaur Artalde, «gaur egungo gizartean artaldean mugitzeko dugun joerarekin» jolas egiten duen lana, haren hitzetan. «Bergaran ez da egoten aukera handirik film laburrak edo herriko seme baten lanak ikusteko; azkenean kanpoan buelta gehiago ematen ditugu geure lanekin bertan baino». Horregatik, halako egitasmoak beharrezkoak direla uste du zuzendariak. «Zirkuitu komertzialetan gu oso txikiak gara, eta herrietara iristea garrantzitsua da, gero eta gehiago. Handiak gero eta handiagoak dira, eta txikiek bere lekua hartzea ere inportantea da».

2008an Armiarma gizona lanarekin Kameratoia-n bigarren saria irabazi ondoren, Esku-titi lana erakutsiko du Saioa Aizpuruak zirkuituan. Bere lana zabaltzeko Euskal Herritik kanpo gehiago deitu diotela dio. «Eskerrak orain Laburbirarekin mugituko den». Morenoren hitzetan, emanaldiak antolatzeko herrietatik eskaera asko jasotzen dituzte, baina guztiei erantzuteko baliabideak falta dituztela azaldu du. Bitarteko gehiagorekin urte osoan emanaldi gehiago egin ahalko liratekeela adierazi du, eskaera egon badagoelako. «Nori dagokio hori sustatzea? Ez dakigu, baina gu prest gaude».

@Informazio gehiago bildu edo herriz herriko egitaraua ikusi nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.topagunea.org/laburbira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.