Ofizialki Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka deitzen zen aurten arte. Egun, ordea, azokak ez ditu soilik diskoak eta liburuak erakusten. Hortaz, izena aldatu, eta Durangoko Azoka deituko dute aurten estreinakoz. Laburragoa da, baina baita zabalagoa ere, Gerediaga elkartekoen, antolatzaileen, iritziz. Zabalagoa, urteak pasatu ahala diziplina gehiago biltzen dituelako. Zabaltasun horren erakusle dira haien artean ondo bereizitako zortzi guneak. Iazko aldiarekin alderatuta aurrekontua %10 murriztu behar izan duten arren —520.000 eurokoa da aurten—, guneei eutsi diete, eta 130 emanaldi egingo dira horietan. Gaur hasi eta igandean amaituko da, eta 353 nobedade egongo dira mahaietan eskuragarri.
Sarrera hitzaldirik ez dute irakurriko gaur Landako guneko Areto Nagusian, baina han bertan egingo da inaugurazio ekitaldia, 18:30ean. Herrialde gonbidatuko, Eskoziako, ordezkaritzak parte hartuko du horretan — orain arteko gonbidatuak Eslovenia (2006), Georgia (2007), Finlandia (2008), Katalunia (2009), Kurdistan (2010), Galizia (2011) eta Ijitoen kultura (2012) izan dira—, eta John Stewart gaita jotzailea eta John Boldaun gitarrista arituko dira. Argizaiola saria, berriz, ikerlari estatubatuar batek, William Douglassek (Reno, Nevada, 1939), jasoko du, bihar, 20:30ean, San Agustin zentroan. Modu horretan, euskal kultura sustatzeko egindako lana eskertu nahi izan dio Gerediaga elkarteak antropologoari.
Hain zuzen, San Agustinera eraman dute aurten Szenatokia arte eszenikoei dagokien gunea. Irudienea ikus-entzunezkoen kokagunea ere lekuz aldatu dute, eta aurten Zugaza zinema aretoak aterpetuko ditu diziplina horietako ekintzak. Izan ere, 2008an Ahotsenea sortzaileen gunea hauspotu zutenetik, azoka hedatzea, durangartzea, izan da antolatzaileen helburuetako bat, eta 2011n onartutako plan estrategikoak ere hari berari tira egin zion, gune gehiago eratuz ondorioz. Irudienea, Szenatokia, Ahotsenea eta Areto Nagusiaz gain, Kabi@ digitalaren plaza, Saguganbara txiki eta handien plaza, Plateruena Kafe Antzokia kontzertu handiena eta Landako bera dira gainontzeko guneak
Landakok jarraituko du azokaren erdigunea izaten, eta iaz baino hamabost erakusmahai gutxiago edukiko ditu: 238 guztira. 353 nobedadeetatik, 226 liburuak dira; 68, diskoak; 36, aldizkariak; bost, bideoak; eta hemezortzi, bestelakoak.