Laburrean, asmoak luze

Begiradak elkarteak sortu film laburren Hendaia Film Festibalaren lehen aldia izanen da urriaren 17, 18 eta 19anHizkuntza gutxituak, gutxiengo kultural eta sozialak izango ditu gai nagusi

Lehiaketen barnean dauden filmen artean, Telmo Esnalen Hamaiketakoa eta David Muñozen About Ndugu daude. BEGIRADAK.
Nora Arbelbide Lete.
Hendaia
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hendaia Film Festibalak bere lehen edizioa hasiko du ostiralean zortzi, eta hiru egunez iraungo du. Oraindik hauskor, nola aterako den doi bat zalantzatsu, baina, aldi berean, lehen aldia burutu eta aitzina segitzeko indar eta gose handiz dator, aurrekontu txikiarekin baina lagun sare sendoak josia duela eta Begiradak elkartea duela oinarrian. Indartsu, hasiz bertako zuzendari nagusi Angela Mejias argazkilariarengandik. Haren ideia batetik abiatu da asmoa. Bere argazkietan arazo sozialak dituela batez ere islatzen, iruditzen zitzaion jorratu gaiez ikusleak zinez jabearazteko erakusketak ez zirela aski. «Usu erraten da irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela, baina ez da beti hala. Memento batean hitzak behar dira. Ulerrarazteko». Hortik sortu zen «bizi diren irudiak» emateko ideia, hots, jaialdia. Hitzordu nagusi bat, hendaiarren gogoan atxikitzeko.

Hizkuntza gutxituak eta, oro har, gutxingo kultural eta sozialak dira jaialdiko gai nagusiak. Zehazki, jaialdiak 50 film labur ekarriko ditu Hendaiako pantailetara, bi lehiaketa nagusitan banatuak. Batetik, nazioarteko film laburren lehiaketa izanen da; bestetik, Akitania-Euskadi deitua.

Nazioarteko lehiaketarako, 120 film jaso dituzte, eta hamabost bat hautatu. Hizkuntza gutxituetan ekoitzi film gutxi daudela pena dute antolatzaileek; gaurko banaketarako zailtasunen isla da. Halere, lortu dituzte.Afrika ekialdeko swahilia, korsikera, Italia iparraldeko friulera eta banbara daude ordezkatuak. Badira hizkuntza gutxituak izan ez arren Mendebaldeko pantailetan gutxi entzuten direnak ere: koreera, Libanoko filmak… Euskarazko film bat ere sartu dute sail horretan: Baxter and Rojosen Bost litro. Horien begiratzeko, epaimahaiak Eduardo Manet idazle kubatarra izanen du buru.

Bigarren lehiaketa nagusia, Akitania-Euskadi izenekoa da. Izen hori dauka izen bereko egituratik etorri delako dirua. Berez, aurten hasteko, Euskal Herriko film laburrak dira nagusi. 65 bat film jaso dituzte eta hamabi hautatu, erdiak euskaraz. Selekzio lanetan aritu dira, besteak beste, Eider eta Arrate Rodriguez ahizpak, idazlea bata, artista bestea. Hautatu filmen artean, batzuk badira jadanik beste jaialdi batzuetan sarituak izan direnak, eta badira ere lehen filmak ere. Besteak beste, Telmo Esnalen Hamaiketakoa, Kote Camachoren Elkartea, Ruben Perezen Walkie Talkie, Marion Despouysen Lettres d'Algérie, Koldo Almandozen Deus et machina, Jesus Maria Palacios Casa vacía eta Lander Garroren Zomorroak. Epaimahaiburua Clenia Ventura dokumental egilea da.

Frantsesez eta euskaraz

Itzulpenenei dagokienez, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko filmek frantsesezko azpidatziak izanen dituzte, eta frantsesezkoek, euskaraz.

Bi lehiaketa nagusi horien ondoan, beste hitzordu zenbaitek osatuko dute jaialdiaren hiru eguneko programazioa. Batetik, Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketaren bigarren aldia. Euskarazko filmak promozionatu baino gehiago, ideia da euskaraz bizitzeko nahia duten film laburrak proiektatzea. Oraindik zabalik dago lehiaketa, eta interesatua den orok urriaren 11 arte du filmak bidaltzeko.

Limitis Forum lehiaketa ere antolatu dute: mikrobideo lehiaketa, 12 eta 18 urte arteko 120 gazteri zuzendua. Eskolentzako egitarau berezitua ere badu jaialdiak, Hendaiako eskola guztietako haurrentzat pentsatua; besteak beste, Kanadatik etorri hainbat film. Eta baita Kiriku eta sorgina ere, euskaraz. Film hori Hendaian proiektatzeko aukera izateko egin behar izan duten lana adierazgarria da. Euskarazko itzulpenekin soilik Espainiako Estatuaren mugen barruan du proiektatua izateko baimena; Hendaian, horrenbestez, ezin. Hainbat gutun elektronikoren trukaketen ondoren, produkzio etxearen baimen berezi bati esker lortu dute proiekzioa. Horrelako arazoak usu gertatzen dira, eta, euskal zineman partikularzki, arazo konkretu horiek gainditzeko tresna bat sortu nahian dabiltza. Urriaren 18an profesionalen arteko mintegia daukate, banatzaileak hor izanen direla, eta sektoreko profesionalei ateak irekiko dizkie. Asmoa da heldu den urteko tresna berezi bat sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.