Laburrean eta euskaraz

Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketak bi sail izango ditu, eta sei sari banatuko dituzte.Lanak irailaren 8ra arte aurkez daitezke

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berritasunekin dator aurtengo Euskaraz Bizi Nahi Dut film laburren lehiaketa. Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean antolatu du aurtengoa Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, eta inoiz baino sari gehiago emango dituzte hirugarren lehiaketan. Bi sailetan banatu dute, mota guztietako parte hartzaileei lekua eskaintzeko, eta sei sari banatuko dituzte, guztira. Sailkatutako lehen hamar film laburrak, gainera, Zinemaldian emango dituzte. Lanak bidaltzeko epea irekita egongo da irailaren 8ra arte.

Film profesionalak eta amateurrak banatuko dira lehiaketan, eta parte hartzaileek bi kategoria horietako batean aurkeztu beharko dituzte lanak. Antolatzaileen arabera, parte hartzeko gogoa dutenei eta profesionalki ekoizten dutenei eskaini nahi diete lekua banaketa horrekin. Aurretik estreinatu gabeko lanak izatea da parte hartu ahal izateko baldintza bakarra. Sail bakoitzean hiru sari emango dituzte: film profesionalik onenak 2.000 euro jasoko ditu BERRIAren eskutik; bigarrenak, 1.000 euro Zineuskadiren eskutik; eta hirugarrenak, 500 euro Hamaika telebistaren eskutik. Amateurren sailean, berriz, film onena 1.000 eurorekin sarituko du Kontseiluak, bigarrena 500 eurorekin Argia aldizkariak eta hirugarrena 250 eurorekin Central eskolak.

Lehen aldia da Kontseiluak eta Zinemaldiak bat egiten dutena lehiaketa honetan, eta biek eskertu dute elkarkidetza. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren esanetan, Zinemaldiaren babesak lehiaketari presentzia emango dio: «Lehiaketa honen helburu nagusia euskarazko elkarbizitza hedatzea da. Horren harira, zinemak hizkuntzaren eta sentipenen bozgorailu lana egin dezake; mundua aldatzeko ahalmena dauka. Horregatik, guretzat garrantzitsua da Zinemaldiak eskaini digun aterkia. Horren jaialdi entzutetsuarekin parte hartzeak proiektuaren ideia hedatzen lagunduko digu».

Lehiaketarekin batera, euskarazko zinemarekin lotutako hainbat jarduera egiteko asmoa azaldu du Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek. «Kontseiluaren proposamena bat dator euskarazko zinema sustatzeko dugun helburuarekin. Etorkizunean iragarriko dugun moduan, jaialdiak leku berezia egingo dio aurten euskarazko zinemari. Luxuzko espazioa eskainiko dio». Kontseiluarekin parte hartzearekin batera, Zinemaldia lehiaketako epaimahaiko kide izango da. «Lehiaketa hau oso interesgarria iruditzen zaigu, helburu bikoitza duelako: batetik, euskarazko lanak sustatzeko balio du, eta, bestetik, sailkapen berriarekin, Euskal Herrian dauden film laburren ekoizle profesionalak erakarri nahi ditugu, kalitate handiko lanak egiteko gai direlako».

Hizkuntzaren bozgorailuak

Lehiaketaren gaia nahiko librea da, eta euskaraz bizitzeko nahiaz mintzatzen den edozein motatako egoera deskriba dezake. Bilbaoren esanetan, gogoa eta sentipenak dira hizkuntzaren erabileraren atzean dauden elementuak. «Zinema tresna egokia da elkarbizitzaren zati diren une horiek islatzeko, hala nola poza, porrota, konplizitatea... Errealitatea modu bizian islatzeko balio du».

Lehiaketaren aurreko aldietan 30-40 film labur inguru bildu zituzten, eta aurten kopuru hori gainditzeko itxaropena daukate. «Hizkuntzaren erabileraren normalizazioan eragin zuzena dute aurkeztutako lanek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.