MUSIKA

Lagun ikusezina (SA)

2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Irratira ailegatu, eta «paketetxo» bat daukadala esan dit Sorkun telefonista jatorrak. Zer ote?

Bai hitz polisemikoa, «paketetxo» delako hori... (tira; eta Sorkun, eta telefonista, eta jatorra...). Garai batean diskoak izango zituen barruan paketetxoak, noski, baina aspaldion... ezta «irratsaio espezializatuotan» gabiltzanoi ere ez digute ia ezer bidaltzen diskoetxeetatik, diskoaren industria -ezagutzen genuen moduan- suntsituta ote dagoen beste arrasto bat.

Baina esan bezala, aspaldiko partez badut armairuan zerbait zain; eta bai, barruan disko bat daraman paketetxoa da.

Posta arruntaz heldu da.

Granadatik.

Hunkigarria.

Granadako norbaitek eskuz sartu du diskoa paketetxoaren barruan -lan hori hartu du- eta gero paketetxoa itxi du pegatina bat erabiliz. Pegatina bat, non eta diskoa bidali didan zigiluaren izena irakur daitekeen bi hitzetan.

Wild Punk.

Wild Punk deitzen da lan hori guztia hartu duen zigilua.

Maitagarria.

Imajinatzen ari naiz, Wild Punk zigiluko mutil edo neska gaztea, paketetxoa prestatzen niretzako. Edo okerrago; mutil edo neska gaztea barik berrogei urtetik gorako wild punk batek hartuko zuen lan hori, eskuz, hemen inork inoiz erosiko ez duen disko baten alea (alien alea) nire eskuetara ailegarazteko.

Negarra eragiteko modukoa.

Izan ere, ni naiz musikaren inguruan bizi diren ez-musikari horietariko bat, musikari gehienek ezin baitute musikaren inguruan bizi... hain zuzen musikariak direlako.

Eta bat-batean akordatu naiz hemengo beste zenbait lagunekin ere, egungo musikaren bide -itxuraz- huts hauetan txinaurriaren deliberamenduaz dabiltzanak.

Lehen, gabonak hurreratu ahala lan handiak hartzen zituzten, Olentzeroren laguntzaileen antzera, euren disko metak hain zuzen Durangoko atarira eramateko.

Eta maisua hil zenetik bi urte bete diren honetan, ozenkiesan nahi dut bueltan direla, indarberriturik, sekula joan ez zirenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.