Lagun topaketa atipikoa

'Imanol: Donosti-Tombuctú' diskoan parte hartu duten artistek omenaldia egin diote kantariari Kursaalean. Donostiatik abiatuz Lisboa, Madril eta Kataluniara egindako bidaia musikal bat izan da.

Suburbano talde madrildarra, Kursaaleko Ganbera aretoko agertokian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Imanol: Donosti-Tombuctú diskoan parte hartu dutenen izen zerrendak lagun talde nabarra erakusten du, 2004an zendutako kantariarekin harreman pertsonal eta artistiko estua izan zuten musikari eta abeslariz osatua neurri handi batean —ia denak Euskal Herritik kanpokoak—, baina baita bestelako adin, jatorri eta estiloetako ordezkariei irekia ere (Ismael Serrano, Joao Afonso, Maria Berasarte, Nacho Campillo,Aurora Beltran...). CD-DVDa joan den abenduan argitaratu zuten, hainbat instituzioren, ETBren eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren laguntzaz, eta ostegunean Kursaaleko Ganbera aretoko agertokira eraman zuten. Ezinezkoa gertatu zen diskoan aritutako denak elkartzea, baina, hala ere, ia bi ordu eta erdi luze iraun zuen emanaldiak, Imanol Larzabalen kantuak ez ezik norberarenak ere kantatu baitzituzten gonbidatu gehienek. Diskoa bezala, ekitaldia ere atipikoa gertatu zen.

ETBko kamerek grabatu behar zutenez, telebistako gala baten itxura hartu zuen kontzertuak, aurkezle bikotea eta guzti: Joxe Kruz Gurrutxaga aktorea eta Susana Martins aktore eta abeslaria. Gurrutxagak Xabier Euzkitze ordezkatu zuen, aurkezle lanetan ez ezik kantari lanetan ere bai, eta hasiera-hasieratik erakutsi zuen ondo prestatuta zegoela, Ilun-ikarak-en ahapaldi bat abestu baitzuen a cappella lehen gonbidatua azaldu aurretik. Suburbano talde apalak lagundu zituen kantari gehienak, eta horien artean lehena Maria Mendizabal sopranoa izan zen. Mendian gora eta Barne kanta abestu zituen, eta bereziki bigarrenean nabarmendu zen, bere ahotsaren distira erakutsiz.

Pablo Guerrerok sartu-irten azkarra egin zuen, Que no, que nunca, nunca Pablo Nerudaren letrarekin egindako abestia emateko, eta segidan Susana Martinsek Poeta kaxkarra kantatu zuen —erdaldunetatik bera moldatu zen ondoen euskararekin—, Amaia Zubiriak bigarren ahotsean lagunduta. Zubiriak Oroimeneko portua —letraren egileak, Joseba Sarrionandiak, kartzelatik Imanolen bozgorailu batean gordeta ihes egin zuela gogoratu zuen Gurrutxagak, eta txalo gutxi batzuk eragin— eta Zure tristura abestu zituen, ohi duen hunkiduraz.

Luis Pastor madrildarra gehien txalotu zutenetako bat izan zen, Lurdes Guerrarekin ahots hutsez Euskadin Kastillan bezala abestu zuenean eta Qué fue de los cantautores poema errezitatu zuenean. Maria Berasarte fado kantari donostiarrak eta Gorka Hermosa akordeoi jotzailearen hirukoteak saiorik berritzaileena egin zuten, flamenko gitarra, perkusioak eta Argentinako ukitu norteño-a batu zituztelako Kopla berriak-en.

Carmen Paris aragoiarrak Jose Antonio Labordeta ordezkatu zuen diskoan, Lau haizetara abestuz. Gurrutxagak lagundu zion Kursaalean. Eta, horrez gain, «aitonari» asko gustatzen zitzaion kantu bat interpretatu zuen pianoan: Jotera lo serás tú. «Ea inor kapaz den jota, txotis edo rantxera den esateko», egin zion erronka publikoari.

Joao Afonsok Maitiak galde egin zautan kantatu zuen, eta Marina Rossellek Lete, Laboa eta Imanol izan zituen gogoan. «Haiek erakutsi zidaten Euskal Herria maitatzen». Xalbadorren heriotzean abestu zuen, Amaia Zubiriarekin. Aurora Beltranek Baionatik Bilbora eta Silencio kantu berria jo zituen, eta Luis Eduardo Aurtek itxi zuen gonbidatuen zerrenda. Egia garestia dala eta Al alba kantatu zituen madrildarrak, azken hori a cappella. Artistak guztiek agertokian Imanolen irudiari txalo eginez eta Mayo abestuz amaitu zuten ekitaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.