Literatura

Lagunen beroan agurtu dute

Herenegun hil zen Iñaki Segurola idazle eta hiztegigilea, 60 urterekin. «Sekta bakar batera» ez mugatzearen aldekoa zen; hizkuntzaren ezagutza sakona goraipatu diote.

JON URBE / @FOKU.
Uxue Rey Gorraiz - Itziar Ugarte Irizar
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bertsoak, argazki segida, kantuak eta adiskide minen hitzaldiak. Hala agurtu zuten atzo Iñaki Segurola, jaioterrian, Azpeitian (Gipuzkoa); oroitzapenak eta haren azkenaldiko berriak gurutzatuz. Herenegun hil zen idazle, hiztegigile eta zenbait irratsaiotako esataria, 60 urte zituela, eta Carmona ehorztetxeko agurren aretoa txiki gelditu zen jende guztia hartzeko. Senide eta lagunez gain, kultur munduko jende ezaguna ere bertaratu zen, eta ordu erdi inguruko emanaldi soilean eman zioten azken agurra.

Bizialdian alor ugaritako kideak izan zituen hurbilSegurolak. Horien artean da Ibon Sarasola euskaltzaina; gidari izan zen Segurolak parte hartu zuen hiztegigintza proiektuan, eta urteetan izan dira elkarren ondoan —Euskaltzain urgazle zen Segurola 1991tik—. Sarasolaren esanetan, Segurola «giltzarri» izan da Orotariko Euskal Hiztegia ontzeko prozesuan, eta haren euskararen kalitateari zor zaio hori, batik bat. «Euskararen gaineko ezaguera ikaragarrizkoa zuen», adierazi du. Proiektuan parte hartzeko jende bila ari zela, zalantzarik ez zuen izan han behar zuela Segurolak: «Hari egin nion lehenengo deia». Dudak izan dituenetan emandako laguntza ere nabarmendu du Sarasolak: «Problemaren bat izan dudanean, zalantzarik izan dudanean, harengana jotzen nuen lehenengo».

Askok miretsi izan dute Segurolaren euskara, ertz ugaritatik. Fermin Etxegoien idazle eta kazetariak bati baino gehiagori entzun izan dio Segurolak parekorik ez zuela euskara batuan, aldi berean «herri hizkeraren» alde egin arren. Dioenez, berari begiak zabaldu zizkion Segurolak hizkuntza baliatzeko zuen moduak: «Batzuek defendatzen dute hizkuntza batean aritzeak, edozein dela ere, kosmogonia jakin bat dakarrela, mundu ikuskera bat. Ni nahiko eszeptiko sentitu naiz horrekiko, baina Iñakiren gauzak irakurrita laketu egiten nintzen pentsaera horrekin, adiskidetzen, hor bai ikusten nuelako ikuskera bat islatzen zela».

Dozena erdi bat sektatakoa

Hainbat liburu utzi ditu idatzita Segurolak: Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirikegingo saiakera eman zuen 2005ean (Alberdania), eta ondotik ondu zituen Nere gorringotik (2008, Alberdania), Arrazoia ez dago edukitzerik (2012) eta Sed quia sua (2020, Erein). Gauza onei buruz idaztekoa bainoago, «zornea ateratzeko» joera zuela onartzen zuen—«nire edo gure modukoei dagokiguna hori da: gauza txarrak edo gustatzen ez zaizkigunak astintzea edo auzitan jartzea»—, baita inguru jakinetara ez mugatzekoa ere: «Ni sekula ez naiz oso ondo ezkondu zerbait jakina izan behar horrekin, sekta bakar batekoa izatearekin. Uste dut hobe dela dozena erdi bat sektatakoa izatea».

2021ean eman zuen azken lana: Koiteretzia eleberria (Alberdania). Itxialdi osteko giroan, hiru lagun jarri zituen hizketan. Muturreko posizio irmoez gaindi, kritikoki pentsatu beharraz aritu zen orduan BERRIAn: «Ofizialismotik dena sinisten da, esaten dute: 'Honaino, muga hauekin', eta amen-amen. Ez dago arrazoimenik, dago sinesmena. Beste ertzean dago edozer: 'Aldaketa kosmikoaren fase estratosferikoaren jasa kuantikoa'. Hori ere ez dut uste, errazegia da. Eta dena sinistea ere errazegia da. Ez dut sinistuko ekonomista batek esaten didan dena pixka bat kritikoa baldin banaiz. Hemen ez: hemen izan da amen; dakienak daki. Ekonomista bati ez diot dena sinistuko, epidemiologo bati bai. Ezin liteke, arrazoiari uko egiten ari zara».

Lan horietan maiz izan zuen ondoan Alberdaniako Inazio Mujika Iraola editorea. Segurola pertsona «oso berezia» zela azpimarratu du hark, eta haren testuen maila «bikaina» oroitu: «Ia ezinezkoa zen ezer zuzentzea; iruzkinak egitera mugatu behar izaten nuen askotan, testuak harekin iruzkintzera, gustura oso». Maiz izaten zituzten hizkuntzaren gaineko hizketaldiak, baita Whatsapp bidez ere. «Hitz batzuei buruzko kontsultak egiten genizkion elkarri. Gaur [atzo] kontsultatu dut egin zidan azkena, joan den astekoa: 'Kaba. Erabili al duk inoiz?' Hitza oinazearekin dago lotuta, hain zuzen».

Goizalde Landabasok, bestalde,doluminak igorri dizkie hurbilekoei, Euskal Idazleen Elkartearen izenean. «Solaskide aparta zen, ironia eder batekoa. Erraza zen harekin eztabaidatzea, eztabaidatzeko modu osasuntsua baitzen berea; gaur egun hainbeste falta dugun hori zuen, hain justu».

Idazten ez ezik, ahozkoan ere oparo jardun zuen Segurolak. Hamar urtetik gora egin zituen Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok zuzentzen dutenArratsean saioan (Euskadi Irratia), Sermoia tartean. Eta irrati libreetan ere utzi du arrastoa; besteak beste, Hankak lurrin saioan (Kontrako Eztarrixe).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.