Laguntasunari elegia bat

'Larrazkeneko argi-ilunetan' poema liburua kaleratu du Luigi Anselmik, Pamiela argitaletxearekin. Poema gehienak bere lagunei eskaini dizkie. Jose Enrique Urrutiaren irudiak daude tartekatuta

Luigi Anselmi idazlea, bere lan berria esku artean duela, Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, liburuaren aurkezpen egunean. GORKA RUBIO / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Donostia
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Olerki bilduma bat den ala lagun bilduma bat. Zalantza hori du Luigi Anselmik Larrazkeneko argi-ilunetan lana zer den azaltzeko garaian: «Oroz gain, elegia da. Galdutako lagun mina gogoan idatziak dira bertako zenbait poema». Besterik badela ere aipatu du, adiskidantzari egindako «kantu» bat iruditzen baitzaio, oraindik ere bizirik dituen zein jadanik hil diren idazlearen lagunei eskainitakoa. «Zaila» egiten zaio Anselmiri esplikatzea zer den garrantzitsuena haren lanaren oinarrian, lagunak ala poesia: «Nik uste dut bietatik duela».

Txema Larreak, haren lagunak, esaten omen zuen adiskidantza zela haren benetako erlijioa: «Eta horretara konbertitu gintuen inguruko zenbait lagun». Garrantzi handia izango zuen, azaldu duenez, duela berrogei urte sortu zen Pamiela argitaletxeak ere: «Aldizkari izan zen lehenengo, argitaletxe gero, eta urte luze askotan izan da adiskideen biltoki eta lagunartea».

Liburuan dagoen olerki bat irakurri du: «'Ene aberria adiskideak biltzen direneko leku hori duzu', dio hemengo olerki batek eta, neurri batean, liburu osoak ere leku hori izan nahi luke: lagunarte bat». Segitu du, esanez, haren adiskide asko topatuko dituela irakurleak bertan: «Ez denak, zoritxarrez, lekua mugatua baita, eta lagun guztiak sartu edo kabitu ezin direlako. Gainera, ahanztura da adin honetan etsai handienetako bat. Horregatik,badira memoriaren arrakaletan ezkutaturik geratu direnak nonbait».

Liburua nonbaitetik hasi eta bukatu behar denez, kanpo utzi ditu zenbait lagun, eta idazleak «barkamena» eskatu die eskaintzetatik kanpo utzi dituenei: «Baita agindu ere, hurrengoetan —halakorik balego— bere lekua, bere poema izango dutela dagokien tokian. Ez dezatela etsi. Ez dezatela ahaztu beti izango dutela txoko bat ene gogoan eta bihotzean».

Aipatu dituen gaiez gain, baditu liburuak beste hamaika ertz. Haren aurreko liburuetan sarri agertu izan dira gaua, alkohola eta hiria, adibiderako: «Naturatik ateratako metafora eta irudiak ez dira faltako. Edo mitologiatik heldu direnak. Grezia eta Erroma zaharretakoak, jakina, baina Erdi Aroko literatura germaniarretik datozenak ere bai, Borgesen eskutik gehienbat», azaldu du idazleak.

Mitologiaren haria erabili du idazleak gogorarazteko zein zen Eros edo Kupido izeneko jainkoaren mitoa: «Haurtxo jostalari eta itsu hori —edo begiak bederen tapaturik daramatzana— arku eta geziz armaturik egon ohi da gizakiak maiteminez zauritzeko asmoarekin. Zenbaitetan pentsatu dut poetak antzeko eginkizuna daukala. Hor dabil bera arkulari, munduan zehar gizakien bihotzak zauritu nahian. Poeten helburua, ordea, ez da amodioa, edertasuna baizik».

Emily Dickinsonen aipuari tira egin dio hori esplikatzeko, «edertasunagatik hil nintzen», esan baitzuen hark, eta Anselmik gehitu du «berdin-berdin» esan zezakeela Dickinsonek «edertasunagatik bizi izan nintzen». Itsutasuna erabili du hori zehazteko: «Zeren poeta ere itsua da sarritan, eta bere geziek jomugatik urrunago edo gertuago jo dezakete. Itua zein den badakigu. Asmoa argi dago. Baina, tamalez, ez da erraza xedea bete-betean jotzea».

Poesia, baita irudiz ere

Liburuan dauden irudiei gorazarre egin nahi izan die azkenerako: «Leonardo da Vincik esan omen zuen pintura, margoa, poesia isila zela, hitzik gabeko poesia. Beste lagun min batek eginak dira liburu hau apaintzen eta dotoretzen duten irudiak. Lagun hori zorionez bizirik dago oraindik, nahiz eta hemendik urrun ibili. Karibe aldean edo».

Jose Enrique Urrutia Capeau dela zehaztu du ondoren. Haren irudiak poemekin tartekatuta doaz liburuan: «Lan ederren egile den margolari trebe hau, idazle fin eta goren mailakoa ere badugu, Pamielan eman dituen hainbat liburuk erakusten duten legez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.