Berez zientzietakoa (geologoa) izanagatik, kultur kudeatzaile eklektikoa da Fernando Saenz de Ugarte. Urte askoan izan da Barañaingo (Nafarroa) Auditoriumeko koordinatzaile eta kudeatzaile; Espainiako Antzoki Sareko kide eta sare horretako prestakuntza arloko koordinatzaile ere izan da; eta, gainera, askotariko txostenak idatzi ditu kultur kudeaketari, arte eszenikoei eta gizarte parte hartzeari buruz. Maiatzean izendatu zuten Dantzaz konpainiako zuzendari, eta konpainiak Arteleku zentroan duen egoitzan dabil lanean geroztik.
Nola egiten du Dantzaz konpainiak dantzari amateurren eta mundu profesionalaren arteko zubi lana?
Gure lana dantzari gazteei lehenengo aukera profesionala ematea da, eta gu, hortaz, konpainia profesionala gara. Era berean, saiatzen gara dantzariek birziklatzean pentsa dezaten, zer egin dezaketen ibilbide profesionala uzten dutenean: ea sentsibilizazioan aukerarik duten, argiztapenean, koreografiak egiten, produkzioan... Dantza munduko ogibide guztiak ezagutzeko aukera daukate. Horrek ez du esan nahi ez garenik profesionalak, kontrakoa baizik: gure ekoizpenetan mundu osoko koreografoak gonbidatzen ditugu,champions-en jokatzen dugula esan daiteke. Gainera, oso zenbaki onak ditugu. Une honetan, bost lanpostu sortu zaizkigu nazioartean, eta, hala, beste bost lagun bilatu behar izan ditugu irailerako. Dantzari bana etorriko da Euskal Herritik, Kataluniatik, Britainia Handitik, Suediatik eta Herbehereetatik.
Zein pauso eman behar ditu dantzari izan nahi duen batek zuen konpainian sartzeko?
Jendea etortzen zaigu, esanez eskolaren bat hartu nahi lukeela gurekin. Ez ditugu hautagai denak entzunaldi bakarrean pilatzen, prozesu jarraitua da, noiznahi etor daitezke, eta zerrendan sartuko ditugu. Urte erdi honetan, hamabi herrialdetako 52 pertsona pasatu dira hemendik, publizitate berezirik egin gabe. Hori bai, horietatik hiru besterik ez ziren Euskal Herrikoak, eta horrek kezkatzen gaitu. Asmoa daukagu datorren denboraldian hemengo jendearengana jotzeko, hamasei urteren inguruan dabiltzanengana, haien maila pixka bat igotzeko, eta hartara konpainian sartu ahal izateko.
Ikastetxeetan ere egin dituzue sentsibilizazio kanpainak. Dantza garaikidea sustapen beharrean al da Euskal Herrian?
Bai, eta horretarako gaude gu. Gutxi gorabehera mila ikasle aritu dira gurekin koreografia tailerretan, eta 150 bat saio egin ditugu orotara. Bereziki haientzat prestatutako emanaldiak ere prestatu ditugu, koreografiaz eta dramatizazio pixka batez osatuak, uler dezaten zer egiten duen dantza konpainia batek egunero. Hori bai, hitzak oso pisutsuak izaten dira sarri. Garaikidea zer den, edo klasikoa... Kontua da dantza lantzea eta zabaltzea. Ni, adibidez, antzoki batetik nator, eta dantza nerabeekin erabiltzen nuen, batez ere. Askotan ematen du adin horretan hip hopak bakarrik funtzionatzen duela, baina harri eta zur geratzen dira Dantzaz edo antzeko konpainia baten aurrean. Oso zuzena da, oso plastikoa, eta azkar heltzen da. Kalitatezko emanaldiak eskaintzen badituzu, dantza zabalduko da. Betidanik izan da arterik pobreena, ez da hainbeste programatzen. Aldiz, denoi gustatzen zaigu dantzatzea. Azken finean, hasten bazara dantzarekin erlazionatzen, esperientzia gisa oso erakargarria da. Etekin izugarria ateratzen da eskoletatik.
Azkenaldian, besteak beste, Naufragoak eskaintzen ari zarete. Joseba Sarrionandiaren testuekin osatutako kantuei koreografia berritzaileak gehitu dizkiezue. Zer toki du tradizioa berritzeak zuenean?
Gai horixe landu nahi dugu datorren urtean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian antolatzen dugun Dantza Klubean. Azken finean, nondik datoz egiten ditugun mugimenduak? Auskalo, bakoitzak izanen du bere istorioa. Euskal dantzetako hainbat pauso presente daude balletaren hastapenetan. Tradizioa errealitatean oraindik presente badago, dantza garaikidean ere egongo da. Beste kontu bat da ahantzitako pausoen bilaketan aritzea, eta abar; gu ez gara etnografia lan horietan aritzen. Baina ondare garaikidearen beste ezaugarri baten moduan, guk ere erabiltzen dugu dantza tradizionala. Egia da antzokietarako prestatzen ditugun espektakuluetako koreograforikgehienak atzerritarrak direla, baina hemengo kutsuak beti sumatzen dira.
Zer-nolako harremana duzue instituzioekin?
Oso ona, eta eskertu beharrekoa. Subentzio nominatiboa daukagu Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan, eta Donostia Kulturarekin ere harreman estua. Konpainia publikoa gara, azken finean, instituzioek dantzaren sentsibilizazioarekin dituzten helburuak geuretzat hartzen ditugu, eta lan hori egiten dugu. Nik, Nafarroatik etorrita, desberdintasun ikaragarria antzeman dut alde horretatik. Hori bai, gauza jakina da garai latzak datozela, eta hor dugu erronka, nola segi bizirik krisi garaiotan. Proiektuak pentsatzen ari gara, harremanetan sakontzen, crowdfunding aukera aztertzen. Hori guztia, noski, balioei eutsiz.
Hiru hilabete dira kargua hartu zenuenetik. Aldaketarik egin al duzu?
Kokatze lanetan aritu naiz, eta ez da gutxi. Aurrera begira, konpainia definitzeko beste hitz batzuk erabiltzea nahi nuke. Gazte konpainia izateari utzi, eta lan merkaturatze zentro bat izan behar dugu; krisialdiak behartzen gaitu gero eta zabalduago izatera gizartean. Gizarteratu, hori da gure hitz gakoa. Eta gizartea gugana ekarri. Krisialdian diru laguntzak beti kolokan baitaude, eta edozein unetan desager baitaitezke. Bestalde, niretzat, konpainia altxor bat da, eta gehiago ezagutarazi behar dugu. Anekdota gisa, honako hau kontatuko dut: ekainaren amaieran Poloniara joan ginen, munduko beste hainbat konpainiarekin batera jaialdi batean parte hartzera. Bukatzean, esan ziguten jaialdiko izarrak izan ginela. Gainerakoak izugarrizko konpainiak ziren, baina berezia da gazteekin lan egitea, haien energiak eta freskotasunak publikoari eragiten dio. Hori gorde eta indartu nahi dugu. Ongi legoke dantzariek, emanaldia bukatzean, agertokitik jaitsi eta publikoarekin hitz egitea. Poloniako esperientziatik, surrealistena zera da 40 edo 50 dantzari inguruko konpainia batek eskatu zigula gure konpainian sartzea! Noski, alderantziz behar lukeela esan genien.
Fernando Saenz de Ugarte. Dantzaz konpainiako zuzendari nagusia
«Lan merkaturatze zentro izan behar dugu etorkizunean»
Zuzendari kargua hartu eta hiru hilabetera, euskal gazteen artean dantza nola zabaldu asmatu nahian dabil. Krisi garaiotan, irauteko formula bila aritzea nahikoa ez, eta 'champions'-en jokatzen jarraitu nahi du, konpainiaren balioei muzin egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu