«Lanik autobiografikoena atera zait, diskoei buruz idazten saiatu naizen arren»

Iban Zalduak gustuko dituen hainbat disko hautatu, eta bakoitzari lotuta ipuin bat idatzi du 'Biodiskografiak'-en

Iban Zaldua (erdian), Giorgio Bassmatti eta Beñat Sarasola alboan dituela, atzo, Bukowski tabernan. J. C. RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Disko bat, ipuin bat. Hainbat disko hautatu, eta bakoitza ipuin bati lotu dio Iban Zalduak Biodiskografiak lan berrian (Erein). 39 talderen lanak hartu ditu abiapuntu gisa ipuin bakoitza sortzeko. Lan «paradoxikoa» egin zaio Zalduari: «Nitaz kanpo dauden objektuei buruz, diskoei buruz saiatu naiz idazten, baina nire lanik autobiografikoena atera zait azkenean, edo agian ez, hori ere pentsatzen baitut batzuetan». Autobiografikotik baduen arren, fikzioa ere lagun izan du. Beraz, «paradoxaren paradoxa gisa», lan berria bere beste edozein ipuin liburu bezain fikziozkoa dela dio egileak.

«Asmo esperimental» batetik abiatu arren liburu «nahiko konbentzionala» sortu duela uste du idazleak. Baita musika entziklopedia baten itxura hartu duela ere, asmo hori ez bazuen ere. Nabarra aldizkarirako hasi zen «esperimentua», diskoak sorburu hartuta ipuinak idazten. «Esango nuke disko edo album formatuaren nolabaiteko gorazarre nostalgikoa eta ziurrenik anakronikoa izan nahi dutela ipuinek».

Haiek aukeratzean, ez zuen historiako pop disko onenen zerrendarik egin nahi, ez eta berak gustukoen dituenena ere. «Nire irizpidea izan da idazten jarri naizen bakoitzean istorio bat sortzeko edo oroitzapen bat esnatzeko gaitasuna izan duten albumak hartzea». Rock entziklopediekiko zaletasunagatik —gehien irakurri dituen liburuetako bat El País-ek aspaldi atalka ateratako Historia del rock dela aitortu du— ordena kronologikoan zerrendatu ditu, The Beatlesen Revolver diskotik (1966) Paul Wellerren 22 Dreamslanera (2008). Azala jarri du ipuin bakoitzaren hasieran.

Liburuan aipatzen dituen disko gehienak 80ko hamarkadakoak dira. «Nire nerabezaroaren panorama pop musika zen, entzuten ikasten aritu nintzen musika, rock sinfonikotik new wavera, eta techno popetik after punkera». Bizitzaren musika hura fikzionatu du, beraz, idazleak.

Bizitzaren musika

Biodiskografiak-en aipatzen diren zenbait kantu gitarrarekin lagunduta kantatu zituen Giorgio Bassmatti musikariak atzo, liburuaren aurkezpenean. Literatura eta musika munduko hainbat lagun elkartu ziren Donostiako Bukowski tabernan, besteak beste, Uxue Apaolaza, Felipe Juaristi, Jabier Muguruza, Xabier Montoia eta Mikel Hernandez Abaitua, zeinak liburuaren hitzatzea idatzi duen. Beñat Sarasola idazle eta literatur kritikariaren laguntzaz aurkeztu zuen lan berria Zalduak.

Sarasolaren ustez, aurreko liburuetan bezala, pop kultura nabaria da Zalduaren lan berrian, baina distantzia batekin ere agertzen dela azpimarratu du. «Umorea, jolas metafikzionalak, kritika fina, giza harremanen arteko korapiloak, ezinezko gertaerak... horiek ere aurki daitezke hemen». Merituen artean,errepikakorra ez izatea lortu duela aipatu zuen, eta horretarako teknika narratibo ugari baliatzen dituela. Aipatzen den musika jakin hori gustuko ez dutenek ere liburuarekin gozatuko dutela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.