Juanma Latorre eta Jorge Gonzalez. Vetusta Morla taldea

«Lanordu asko eta kezka kostu handia dakar askatasunak»

Batzarrean funtzionatzen dute, eta haiek ekoitzi dituzte beren hiru diskoak; horraino normal. Hala eta guztiz ere, Espainiako pop talderik ezagunenetariko bat direla da kontua. BECen izango dira ostiralean.

Inigo Astiz
Bilbo
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Salbuespena da Vetusta Morla: filmeko tipo onak. Hamar urte inguru eman zituzten entsegu lokalaren itzalean Un día en el mundo diskoa kaleratu eta ezagun egin ziren arte. Milaka kopia saldu, eta Mapas diskoa ere haiek ekoiztea erabaki zuten. Bestelako lan guztiak utzi eta La deriva atera ostean ere, batzarrean hartzen dituzte erabakiak. Indie eszenan errespetatzen dituzte, baina publiko zabalarengana ere heltzen dira. Beren ibilbideko kanta guztiak biltzen dituen zuzeneko ikuskizunarekin dabiltza orain areto handietan biran, eta Barakaldon (Bizkaia) izango dira etzi. Seikotea dira. Jorge Gonzalez tekla jotzailea eta Juanma Latorre gitarra jotzaileak erantzun dituzte galderak.

Salbuespena zaretela diote. Hala sentitzen zarete?

JORGE GONZALEZ: Guretzat, ikasketa prozesu bat izan da ibilbide hau. Eroso sentitzeko moduko bide bat eraikitzen joan gara, barruan duguna adierazten uzten diguna, eta hori jendeari heldu zaio. Ez dugu aurrez erabaki halakoak izatea; gauzak egin ahala, eroso sentiarazten gintuzten proposameneibaietz esan diegu, eta eroso sentiarazten ez gintuztenei, ezetz. Halako erabakiak dira taldearen nortasuna garatzen dutenak. Sei pertsona gara, oso iritzi eta zaletasun ezberdinak ditugu, eta, beraz, guztiok eroso sentitzeko moduko gune bat sortzea da erronka.

Lehen diskoa kaleratu arte, hamar urte eman zenituzten estudioan. Azken diskoa sortzeko, ordea, intuizioa izan zenuten gidari.

JUANMA LATORRE: Lehen kolpean grabatutako disko bat da, lehen inpresioek gidatutakoa. Aurrekoak baino askoz ere gehiago. Kanta horiek, gero, kontzerturako egokitu genituen, eta, orain, bigarren buelta batekin ari gara. Gure ustez, une zehatz bat erakusten duten argazkiak bezalakoak dira abestiak. Une hori ordezkatzen dute, baina denborak aurrera jarraitzen du, eta musikari eta pertsona gisa garatzen jarraitzen duzu. Guretzako interesgarriena orain da iragana berraztertzea egun bizi dugun momentutik. Lehen diskoko abestiak diskoan dauden modura joko bagenitu, arraro sentituko ginateke. Gorputzak kanta horiek aldatzea eskatzen digu. Kanta horietan guretzat bizirik jarraitzen duena erreskatatu, eta orainaldira ekarri ditugu. Hiru diskoetako kantekin egin dugu ariketa hori. 2015eko udaberrian garenarekin eta egin nahi dugunarekin bat egiten duten kantak dira hautatu ditugunak. Ziklo itxiera baten aurreko ariketa mental moduko zerbait ere bada hau, baina oraindik ez dugu horretaz hitz egin.

Erosketak egiten nenbilen batean, zuen kanta bat entzun nuen supermerkatuan. Zuen hedapenaren neurria ematen du anekdotak, baina, irakurria dizuedanez, inoiz ez zaituztete irrati formuletan jarri.

J.GONZALEZ: Inoiz jarri gaituzte, baina beti irratiak nahi izan duelako, ez guk bultzatu dugulako. Urte askoz, baztertu egin dute hautaketa eta filtro lana egiten zuen kazetariaren lana. Denbora luzez, irratia ekonomikoki gehien laguntzen zuena jartzea izan da irizpidea. Gu ez gara sekula sartu hor. Baina nik ere inoiz entzun izan dut neure burua dilistak erosten nenbilela, eta oso gauza arraroa da [barreak]. Noski, guretzat oso interesgarria da hori, orain hamazazpi urte egiten genuen bera eginda ere eta filosofia bera mantenduta ere, denborarekin entzuten gaituen publiko mota gero eta zabalagoa delako. Guri energia ematen digu jendea gure emanaldietara etortzeak, eta nahi dugun musika sortzen jarraitzeko behar dugun askatasuna lortzen laguntzen digu. Egoera ideal bat bizi dugu oraintxe.

Zabalpen hori gaztelaniaz kantatuta lortu izana nabarmendu dute maiz kazetariek.

J. LATORRE: Nazioartera heldu nahi bazenuen ingelesez kantatu beharra zenuela uste zen garai batetik gatoz. Garai hartan, Amerika latinoa ez zen aukera bideragarri bat; gaur egun bai. Guretzat oso erraza izan zen hautua. Gaztelania da esan nahi duguna esan nahi dugun bezala esateko eta esan gabe utzi nahi duguna esan gabe uzteko kontrolatzen dugun hizkuntza bakarra. Ingelesez badakigu, baina ez dugu abesti melodiko eta erritmiko bat bilakatuko den poema bat idazteko beste kontrolatzen.

J. GONZALEZ: Gaztelaniaz abestea erabaki genuenean, diskorik ere ez genuen. Gerora ikusi dugu hori jende kopuru handi batengana heltzeko modua ere izan daitekeela, eta Latinoamerikan ere bideragarri bilakatu dela.

Askatasuna ere aipatu duzue helburutzat. Kezka sortzen dizuen gaia da?

J. LATORRE: Zorionez, ez dugu inolako mugarik. Geure buruari ezarritako irizpideen menpe baino ez gara aritzen lanean seiok, beste aparteko inolako irizpideren menpe aritu gabe. Hori bedeinkapen bat da. Garesti ordaintzen dugun bedeinkapena, kezka handia dakarrelako horrek, eta baita lan ordu eskerga ere. Baina merezi du, azkenean. Hori ezin da ordaindu. Garai batean, errazagoa zuten irizpide komertzialak-eta inposatzea. Errazagoa zuten zer musika egin behar duzun esatea, adibidez. Baina askatasuna ez da soilik zure musika egitea. Horrez gain, zure musika aurkezteko modua aukeratzeko askatasuna ere hor dago. Bideoklipa nolakoa izango den, diskoak zer formatu izango duen, azalean kobre kolore zehatz hori nahi duzula... Altxor bat da daukagun askatasun maila hori edukitzea.

Bilbon egon zineten orain urte pare bat, BBK Live jaialdian. Igo zineten oholtzara, eta...

J. LATORRE: Eta bai. «Gabon, Donosti» esan genuen.

J. GONZALEZ: Ez, ez. Guk ez genuen esan: kantariak esan zuen!

J. LATORRE: «Ga-bon, Do-nos-ti!». Joder... Denok zuri-zuri gelditu ginen! [Barreak]. Eta zer eta euskaraz! Denok, abeslariari begiratu, eta oihuka hasi ginen: «Bil-bo! Bil-bo!». 40.000 pertsonaren aurrean! Baina aurikularrak genituen jarrita, eta ezin elkarrekin hitz egin mikrofonotik ez bazen! Eta, noski, mikrofonotik zerbait esanez gero, mundu guztia enteratuko zen! Ez zuen zuzenketarik egin, baina, azkenean, nahiko barregarria izan zen dena. Hori bai... Hasieran...

J. GONZALEZ: Une arraroa izan zen oholtzan, bai. Abeslaria ez zen ohartu ere egin esan zuenaz. Kontua da Mapas diskoa Andoainen grabatu genuela [Garate estudioan], eta, oholtzara igo aurretik, estudiokoak etorri zitzaizkigun bisitan. Abeslariari zirkuitu laburra sortu zitzaion hor, eta horregatik eskapatu omen zitzaion Donostiakoa. Ziur berak uste zuela Bilbo esan zuela.

J. LATORRE: Oso dibertigarria izan zen, azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.