Larrain, Garrone eta Seidlen lanak aurkeztu dituzte Cannesen

Filmak emakumeen bakartzeaz, Txileko diktaduraz eta 'reality show'-en inguruko errealitateaz ari dira

Agentziak
Cannes
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pablo Larrain, Mateo Garrone eta Ulrich Seidl zuzendarien azken lanak ikusteko aukera izan zen atzo Cannesko zinema jaialdiko atal ofizialean. Publikoak txalo artean jaso zuen Larrainen filma. Txileko diktaduraren inguruan ari da No bere azken lana. Garronek berriz, reality show-en errealitatea erakusten saiatu da Reality komedia garratzean, eta Seidlek Mendebaldeko emakume helduen bakartzearen gaia ekarri du Paradise: Love pelikularen bidez. Animazioak ere tartea izan zuen atzo, izan ere, Madagaskar film-trilogiaren azken pelikula aurkeztu zuten.

Gael Garcia Gonzalez aktore mexikarra buru duela, No filmak 1988an Augusto Pinochet diktadorea Txileko gobernutik bota zuen erreferendumaren inguruko istorioa kontatzen du. Jaialdiko publikoaren oso harrera ona izan zuen pelikulak, goizeko emanaldian.

Garronek, aldiz, ametsak eta errealitatea uztartu ditu Reality-n. Gomorrako zuzendariak, camorra napolitarra urrun utzi du bere lan berrian. Horretan, Big Brother reality show-ean parte hartzearekin amesten duen gizonaren inguruko istorioa kontatu du. Komedia italiar handiei omenaldi txiki bat egin die, nahiz eta ukitu garratza ere eman dion lanari.

Mendebaldeko emakume helduen bakardadea jorratzen du Paradise: Love Seidlen lanak. «Mendebaldeko emakumeek,adin zehatz batetik aurrera bizi duten bakartzea modu zintzoan islatzen saiatu naiz», azaldu du. Hala, Kenyara turismo sexualean doazen zenbait emakumeren istorioa kontatu du. «Zoriontasunaren desira, sexualitatearena, eta maitasuna eta atentzioa jasotzekoa» erakutsi nahi ditu filmak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.