Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ekitaldi ugari antolatu dituzte gaurko Euskal Herriko museoek. Arantza Arzamendi Eusko Jaurlaritzako Kultura saileko Ondare zuzendariak (Astigarraga, Gipuzkoa, 1956) Bilboko Arte Eder museoan erantzun die galderei.
Museoen Eguna, besteak beste, museoak gizarteratzeko eguna da. Alde horretatik, nola ikusten dituzu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako museoak? Herritarrengana iristen asmatu dute?
Helburu horri begirako prozesuan daudela esango nuke. Beste mota bateko kultur ekipamenduei ere gertatzen zaie. Orain arte barrura begira lan egin dute, batez ere. Baina azken urteetan pauso handia eman dute zabalpenari dagokionez. Museoek, liburutegiek eta artxibategiek, oro har, herritarrengana iristeko prozesuan pausoak eman dituzte azken urteetan. Museoak, esaterako, gazteentzako eta helduentzako jarduerak antolatzen hasi dira; bisita gidatuak, mintegiak eta halakoak.
Zestoako Lili jauregia Historiaurreko museo bihurtzeko zuen proiektua bertan behera utzi du Gipuzkoako Aldundiak. Horren ordez Irungo Uri pabiloian gordeko dute kultur ondarea. Baina batak ez du bestea ordezkatuko. Hau da, Historiaurreko museorik ez da egongo, Irungo Urik ez baitu funtzio hori beteko. Beraz, zer gertatuko da Historiaurreko museoarekin? Ez da halakorik egongo?
Ez dakit zer-nolako garapena izango duen honek guztiak. Lili jauregian Historiaurreko museoa egiteko proiektua ez zegoen guztiz definiturik. Ekainen osagarri moduan aurkeztu zuten. Irungo Uri pabiloia kultur ondarearen gordailua izango da. Bi funtzio beteko ditu, batez ere. Batetik, gordailua izango da; eta bestetik, ikerketa bultzatzeko gunea. Baina oraindik denbora behar da guztia definitzeko.
Aurki jakingo da Unescok Gizateriaren Ondare izendatuko dituen Ekaingo, Altxerriko eta Santimamiñeko kobak. Horretaz ba al dakizue zerbait?
Uztailean egingo dute biltzarra Quebecen. Orain arte aurkeztu ditugun dokumentu eta txostenak ontzat eman dituzte, eta biltzarrean banan-banan aztertuko dituzte. Biltzarra egin arte, beraz, ez dugu ezer jakingo.
Praileaitzi dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren dekretua aldatzeko aukerarik dagoela uste duzu?
Une honetan Ur Agentziaren espedientea aztertzen ari dira. Praileaitzen zatirik handiena babestuta dago. Mendi hegal osoa babesteaz ez da erabakirik hartu oraindik.
Baina Eusko Legebiltzarrak berak eskatu dio Jaurlaritzari harrobia gelditzeko eta mendi hegal osoa babesteko.
Bai, bai, badakigu. Eta mahai gainean daukagun gaia da hori. Baina ez dugu aztertu oraindik.
Iruña-Veleiako aurkikuntzek zer garrantzia dute Euskal Herriko ondare arkeologikoaren barruan? Jaurlaritzak parte hartuko du aurkituriko aztarnak ikertzen? Babestuko du Iruña-Veleia? Diruz lagunduko du?
Babestua, babestua dago. Oraingoz ez dugu beste berririk. Arabako Aldundiaren esku dago Iruña-Veleia; erakunde horren esku daude indusketak. Ikerketen emaitzen zain gaude. Une honetan ikerlariak daude hor lanean.
Baina Iruña-Veleian lanean ari diren arkeologoek instituzioei eskatu diete aztarnategiaren aldeko apustu sendoagoa egiteko.
Unea iristen denean aztertuko dugu Iruña-Veleiarekin zein motatako planteamendua egin. Aurkikuntzak egiterakoan, lehen pausoa horiek aztertzea izaten da. Arkeologoek denbora behar izaten dute lan sakona egiteko, aurkiturikoak zer garrantzia duen ezagutzeko. Ez bakarrik arkeologoek, hizkuntzalariek, historialariek... Hori guztia argitzen denean hartuko ditugu erabakiak.
Euskadiko Liburutegi Nazionala Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean jartzeko asmoa agertu du Jaurlaritzak. Zer muga izango ditu horrek? Eta zer onura?
Koldo Mitxelena kulturuneko funtsak Euskadiko Liburutegi Nazionalaren esku uzteko asmoa agertu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Balio handiko funtsak ditu Koldo Mitxelenak. Digitalizazioaren alorrean hasi dituzten lanak ere onuragarriak izango dira Euskadiko Liburutegiarentzako. Ez dut mugarik ikusten. Ez dut uste Liburutegi Nazionala Koldo Mitxelenan jartzeak mugak dituenik.
Etxepare institutua, berriz, Tabakaleran kokatuko duzue. Liburutegi Nazionala han jartzea baztertu zenuten irudiari begirako gunea izango delako. Irudiarena kontuan hartuta, beraz, ez da arraro samarra Etxepare institutua Tabakaleran jartzea?
Tabakalerak badu beste lan ildo bat, irudiari loturikoaz gain: nazioartekotasuna. Eta nazioartekotasun horren barruan egoki kokatzen da Etxepare institutua. Horregatik jarriko da Tabakaleran.
Museoen Legea onartuta, museoen sistema nazionala sortzeko oinarriak finkatu zenituzten. Sistema osatu duzue? Badago sarerik gaur egun?
Museoen artean sare informatikoa sortzea izan da lehen pausoa. Eta horretan ari gara lanean orain. Jaurlaritzako Kultura saileko arduradunak eta zenbait museotako ordezkariakk ari gara proiektu horretan lanean. Sare informatiko hori oso garrantzitsua izango da, aukera emango baitu museo guztien ondarea datu base bakarrean gordetzeko. Museoen arteko lankidetza errazagoa izango da sareari eskerrak. Eta herritarrentzako ere webgune erreferentea izango da, museo guztien eskaintza azalduko baita Interneteko atari horretan. Baita bilduma eta katalogoen informazio guztia ere.
Zer azalpen ematen diozu Balentziaga fundazioan eta Guggenheim museoan gertatutakoari?
Kasu desberdinak dira. Jaurlaritza ez dago Balentziaga fundazioan.
Bai, ordea, hura kudeatzen duen Berroeta-Aldamar sozietate publikoan.
Balentziaga fundazioan jazotakoa epailearen esku dago, eta Berroeta-Aldamar ari da bere proiektu museografikoa garatzen. Duela gutxi, esaterako, barruko lanak zein enpresak egingo dituen erabaki du.
Iruzur ekonomikoak astindu ditu biak, Berroeta-Aldamar eta Guggenheim. Ez al zaizu larria iruditzen?
Bai, baina halakoak ohikoak dira gizartean.
Baina Guggenheimen gertaturikoa aurretik kontrol mekanismoak ezarrita ekidin zitekeen.
Bai... Baina enpresa pribatuetan ere gertatzen dira halako iruzurrak. Gertatzen direnean, aurre egin behar zaie, neurriak hartu behar dira. Baina argi dago gauzak hauek gertatzen direla.
Zeintzuk plan ditu mahai gainean Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzak? Zeintzuk lehentasun ditu?
Museoen Legea eta Liburutegien Legearekin lan handia izan dugu. Orain Artxibategien Legea prestatzen ari gara. Barruko dokumentazio guztia prestaturik daukagu, eta albait arinen Gobernu Batzordean aurkeztu nahi dugu. Bestalde, Euskadiko Liburutegia sortzeko ari gara lanean, baita Bilbon irekiko dugun Artxibo Historikoan ere.
«Larria da Guggenheimen gertaturikoa baina halakoak ohikoak dira gizartean»
Herritarrengana heltzeko eta hezkuntza tresna izateko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako museoek urrats sendo eta garrantzitsuak egin dituztela dio Arzamendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu