Las brujas de Zugarramurdi Alex de la Iglesia bilbotarrak zuzendutako pelikulak eskuratu ditu sari gehien Espainiako Zinema Akademiak banatutako Goya sarien 28. edizioan. Guztira, zortzi sailetan nagusitu da: zuzendaritza artistiko (Arturo Garcia eta Jose Luis Arrizabalaga), jantzi (Francisco Delgado), muntatze (Pablo Blanco), soinu (Charly Schmukler eta Nicolas de Poulpiquet), ekoizpen zuzendaritza (Carlos Bernases), efektu berezi (Juan Ramon Molina eta Ferran Piquer), makillaje (Francisco J. Rodriguez Frias, Maria Dolores Gomez Castro, Javier Hernandez Valentin eta Pedro Rodriguez) eta taldeko emakumezko aktorerik onenarenetan (Terele Pavez).
Nolanahi ere, filma ez zen saritua izan sail nagusietan. Vivir es facil con los ojos cerrados pelikulak eskuratu zituen sari nagusiak —besteak beste, film onenarena—, guztira sei jasota.
Izan da saritutako euskal ordezkari gehiago ere. Bi Goya eskuratu ditu besteak beste Koldo Zuazuak ekoiztutako La herida-k. Eusko Jaurlaritzaren eta EITBren babesa ere jaso du filmak.
Dokumental laburrik onenaren saria irabazi du Raul de la Fuentek zuzendutako Minerita-k, eta fikziozko film laburrik onenarena, berriz, Gaizka Urrestiren Abstenerse agencias-ek.
Bestalde, Ramon Agirre aktoreak jaso du Amour pelikulari emandako Europako film onenaren saria.