'Las buenas compañías' saritu du Giza Eskubideen XX. Zinemaldiak

Silvia Munten lan luzeak ikusleen saria lortu du. The Lost Souls of Syria' filmari eman diote Amnesty International erakundearen saria

Las buenas compañías filma. NICCO DE ASSAS.
Miren Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
1976ko uda da. 16 urte ditu Beak (Alicia Falco). Emakume talde batean militatzen du, hain zuzen ere, feminismoa aldarrikatzeko eta abortatzeko eskubidearen alde egiteko. Miren ezagutuko du orduan (Elena Tarrats), eta laguntasun estua izango du harekin. Hain justu, Bearen bizitzan mugarri izango da harreman hori. Istorio hori kontatzen du Silvia Munten Las buenas compañías filmak. Donostiako Giza Eskubideen XX. Zinemaldiko ikusleek lan horri eman diote jaialdiko sari nagusia.

Amnesty International erakundearen saria, berriz, Stephane Malterre eta Garance Le Caisneren The Lost Souls of Syria filmari eman diote. Siriako erregimeneko artxibo ezkututik lapurtutako 27.000 argazkiren inguruko film bat da. Hartan kontatzen denez, 2014an atera ziren argitara artxibo ezkutuok. Atxilotuak eta torturatuak ageri dira horietan; eta biktima horien senideak eta aktibistak justiziaren alde ari dira borrokan, Europa osoko auzitegietako ateak joz.

Afganistani keinu

Gazte epaimahaiak film laburrik onenari emandako saria, berriz, Elham Ehsas zuzendari afganiarraren Yellow lanak lortu du. Laliren istorioa kontatzen du filmak. Hain zuzen ere, talibanek kontrolatutako Afganistanen bizi da, eta, bere etorkizun berriari aurre egiteko, aurreneko belo integrala erosiko du Kabulgo burka denda batean. Horixe du abiapuntua filmak. Lanaren kalitate zinematografikoa eta giza eskubideen arloan «sentsibilizatzeko duen gaitasuna» nabarmendu ditu epaimahaiak, zeina berrogeita hamar kidez osatuta baitago. Hala azaldu du Oihane Gonzalo de Nava epaimahaiko kideak: «Ia hitz egin gabe istorio eder bat ulertarazteaz gain, giza eskubideen aldarrikapen argi eta sentibera aurkezten duela uste dut».

Atzo iluntzean banatu zituzten sariak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Zinemaldiko itxiera filma pantailaratu zuten ondotik: Beatrice Polleten Toi non plus tu n'as rien vu (2022).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.