Latinoamerikako zinema azken bultzadaren bila etorriko da Donostiara

Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailerako hamahiru film hautatu dituzte. Erdiek lotura dute aurreko Zinemaldiekin, eta denek izango dute aukera 35.000 euroko saria jasotzeko

La idea de un lago filmean argazkilari batek bere iragana miatuko du, argazki bilduma baten bitartez. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hamahiru film arituko dira lehian aurtengo Horizontes Latinos sailean, Donostiako 64. Zinemaldian. Osorik edo neurri batean Latinoamerikan ekoitzitako eta Euskal Herrian oraindik argitaratu gabe dauden film luzeek osatzen dute saila, postprodukzio fasea amaitzeko bultzada emateko. Parte hartzen duten pelikula guztiek dute aukera Horizontes Latinos saria lortzeko; 35.000 euroko saria jasotzen dute zuzendariak eta banatzaileak. Halaber, zuzendariaren lehen edo bigarren lana bada, Gazteriaren Eroski saria lortzeko aukera ere izango dute filmek.

Aukeratutako hamahiru pelikuletatik erdiek lotura daukateaurreko Zinemaldiarekin: bost zinemaren ekoizpena bultzatzeko asmoarekin sortutako Zinema Eraikitzen sailean egon dira —lau Donostiakoan eta bat Okzitaniako Tolosakoan—, beste batek Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen, eta zuzendarietako baten film laburrak iazko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan saria irabazi zuen.

Hamahiru zeruertz

Film guztietatik bik izan dute herrialde bakar baten esku hartzea, eta Argentinako ekoizpenak dira biak. Daniel Burmanen hamabigarren film luzea da El rey del once, eta iragana atzean uzteko ezintasunari buruzko endredo komedia bat kontatzen du. La larga noche de Francisco Sanctis-ek, ordea, bulegari baten bizimodu lasaia du ardatz, eta bere bizitza arriskuan jarriko duen ala ez erabaki beharko du. Francisco Marquez eta Andrea Testaren lehen film luzea da.

Pepa San Martinek ere bere lehen film luzea du Rara, Zinema Eraikitzen sailean izandakoa; filmean, Txileko epaile bati alaben zaintza kentzen diote, bere orientazio sexuala dela eta. Iaz, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan lehen saria irabazi zuen Kiro Russok Nueva vida film laburrarekin. Aurten, bere lehen film luzea aurkeztuko du Horizontes Latinos sailean: Viejo Calavera. Ana Cristina Barraganek ere Alba bere opera prima aurkeztuko du, ia ezagutzen ez duen aitarekin bizitzera joan beharko den neskato baten istorioa.

Era o Hotel Cambridge koprodukzioak errefuxiatu talde baten kontaketa egiten du, eta Donostiako Zinema Eraikitzen saileko Industria Saria irabazi zuen iaz. Sail horretan parte hartu zuen ere Alejandro Fernandez Almendrasen Aquí no ha pasado nada; auto harrapaketa batean susmagarri izango da gazte bat. Rober Calzadillaren El Amparo, ordea, Zinema Eraikitzen sailean izan zen, Sobrevivientes izenburupean, eta baita Christopher Murrayen El cristo ciego ere; azken horrek Tolosako jaialdian hartu zuen parte. La idea de un lago, aldiz, 2013ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Forotik igaro zen, bai eta Locarnoko jaialdiaren sail ofizialetik ere.

Juan Andres Arangoren X Quinientos filmean, dolu sentimendu bera eta hark ez kontsumitzeko premia partekatzen dute hiru nerabek. 60 urteko idazle homosexual baten bizitza kontatzen du, berriz, Carlos Lechugak Santa y Andrés pelikularekin; Kubako gobernuaren aginduz 30 urteko baserritar batek zaintzapean izango du hura. La región salvaje Horizontes Latinos sailerako aukeratzen den Amat Escalanteren hirugarren filma da, eta haren Heli ere TheAct of Killing atzera begirako tematikoan izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.