Lau bikote beteranoren trikiti doinuak bildu dituzte 'Faborez 05+1' diskoan

Astiasaran anaiak, Sahatseta eta Berastegi, Uitte eta Lutxurdio, eta Mentxu eta Gema aritu dira bertan

Mentxu eta Gema, Faborez 05+1 lana aurkezten. JUAN CARLOSRUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Badira sei urte trikiti pieza zaharrak berreskuratzeko asmozEuskal Herriko Trikitixa Elkarteak Faborez bilduma argitaratzeari ekin zionetik. Logikari jarraituz, hortaz, aurtengo bildumaren izenak Faborez 6 behar luke, baina ez da hala gertatu:izenari eta partaideei erreparatuta aldaketa garrantzitsuak izan direnez, seigarren aleari Faborez 05+1 deitzea erabaki dute. Izan ere, aurten beteranoek hartu dute parte diskoan, eta belaunaldi desberdin bateko bikoteek desberdin egiten dute diskoa, Aitziber Otegi elkarteko kideak azaldu duenez.

Lau bikoteak —Astiasaran anaiak, Sahatseta eta Berastegi, Uitte eta Lutxurdio, eta Mentxu eta Gema— urteetan plazarik plaza ibilitakoak dira, eta horietako batzuk, oraino estudiotik igaro gabeak. Otegiren aburuz, bilduma oso da garrantzitsua, erromeriaz erromeria hainbat urtetan entzun ahal izan diren kantuak euskarri seguru batean gordetzeko aukera ematen baitu.

Villabonako Astiasaran anaiek aspaldidanik dute sona trikiti munduan. Luis Eleuterio Tapia zenarekin hasi zen soinua ikasten, eta Joxe Mari, berriz, garai hartan Eleuterio berarekin pandero jotzen zebilenez, laster osatu zuten bikotea. 1971n Euskal Herriko Trikiti Txapelketan parte hartu zutenetik, hamaika herri zeharkatu dituzte gisa guztietako festa eta ospakizunak aitzakia hartuta. Egun, laukote moduan dabiltza, Joan Mari Beltran eta Luisen alaba Leire Astiasaranekin batera.

Nikolas Eizagirre Sahatseta-k eta Juan Ezenarro Berastegi-k ere egin dute beren ibilia. Auzoak izanik, umetatik dute elkarren berri, eta, hain justu, SahatsetaBerastegi-ren etxeko soinuarekin hasi zen lehendabiziko notak jotzen. Gero, Arroako Mardu eta Faustino Azpiazu izan zituen maisu, besteak beste. Loiolan eskaini zuen estreinako erromeria, Arritterekin batera, Benito Lertxundiren jaialdiko atsedenaldian.Orain, lagun artean soilik aritzen da soinuarekin, urtean hiru bat aldiz. Berastegik, berriz, gurasoen zilarrezko ezteietan jo zuen panderoa lehen aldiz, Madarixa Txikixe soinu jotzailearekin batera. Azken urteetan, Kupela taldeko bateria jotzaile dabil, besteak beste.

Migel Alberdi Uitte-k eta Eugenio Gisasola Lutxurdio-k umetan ezagutu zuten elkar. Uittek soldadutzara joan aurretik heldu zion trikitiari, eta, berak esan izan duenez, beti izan da taberna giroko soinu jotzailea. Aspaldian erromeria girotik urrun dabilen arren, lagun artean aritzen da tarteka. Lutxurdiok soinua, panderoa eta bateria jotzen ditu, eta Faborez bildumako laugarren alean Otegirekin berarekin batera hartu zuen parte.

Mentxu Alkorta eta Gema Sistiaga, azkenik, 1986an hasi ziren bikote modura Oiartzungo Dantza tailer eskolan. Diotenez, gehiago dira piezen moldatzaileak, sortzaileak baino. Normalean, gustuko kantuei hitzak egokitzen dizkiete. Mentxuk 30 urte zituela trikitia jotzen hasi nahi izan zuen, baina erosteko dirurik ez. Orduan, oroitu zen aitona zenak bazuela soinu bat, gerora osabak Venezuelara eraman zuena. Mentxu soinuaren bila joan zen hara, baina osabak ezezkoa eman zion, seme-alabek ikasteko asmoa zutela eta. Handik urtebetera, Mentxuren amak osaba bisitatu zuen, eta trikitia aldean ekarri zuen bueltan. Konpondu, eta horrekin hasi zen Mentxu. Diskoko azalean agertzen da trikiti zaharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.