ALJERIAKO GERLA

Lau idazle gerlan

Orain dela 61 urte hasi zen Aljeriako gerlaren lekuko zuzen izan ziren Txomin Peillen, Jean-Louis Davant, Piarres Aintziart eta Xipri Arbelbide idazleak; gerlak eraginak «purgatu» eta egiari bere bidea egiten laguntzeko dute erabili literatura. Laurak bildu ditu BERRIAk. [Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2328/[/Berriatb]

Nora Arbelbide Lete.
2015eko martxoaren 15a
12:40
Entzun

Aljeriako gerlak (1954-1962) Aljeria independente egin zuen, eta 10.000 lagun hil. Rachid Taha artista aljeriarraren hitzak berriz hartuz, oraindik «Aljeria zintzurretik ezin irentsia dauka Frantziak». Garaian zerbitzu militarra segitzera behartuak ziren Frantziako Estatuko gizon gazte guztiak. Ipar Euskal Herritik 20.000 gazte joan zirela Aljeriara kalkulatua du Xipri Arbelbidek.

Eta horien erdian, lau idazle euskaldun. Laurek idatzi dute horretaz. Belaunaldi izoztu baten ordezkari, nolabait. Hala deitzen du beren belaunaldia Jean Louis Davantek. Gerlak belaunaldi oso bat «izoztu» duela dio. Aski ezezkorra da. Politikan ez duela deus eman, haren iduriko: «Belaunaldi horrek ez du jaso behar den ikasgai politikoa. Asko sartu dira gerlari ohien mugimenduan, mentalitatean. Frantziar nazionalismoaren errekuperazio bat izan da». Besteak, berriz, baikorrago daude, euskal abertzaletasunaren hastapen haietan, gutxiengo horretan Aljeriakoak zenbait oraindik gehiago konbentzitu zituelakoan edo. Hasteko, laurek argi, Euskal Herriaren historia ulertzeko, gerla hartan gertatua, gazteek jasana eta jasanarazia ulertu behar dela. «Guk 20.000 euskaldunek bizi izan dutena dugu aipatu. Ez da erraten ahal ez dela Euskal Herria hori», azaldu du Xipri Arbelbidek. Eta Piarres Aintziartek borobildu: «20.000 soldaduek ez dute aipatu, guk aipatu dugu. Euskal Herriarentzat idatzi dugu». Hori eta gehiago izan dute solasgai lau idazleek, Arbelbidek, Davantek, Aintziartek eta Txomin Peillenek. BERRIAk elkartu ditu, Kanalduderen laguntzarekin.

Ofizier kargua ukaturik

Laurei proposatu zieten Frantziako armadako ofizier kargua. Eta laurek ukatu. Ikasketak eginak zituztelako proposatu zitzaiela pentsatzen du Arbelbidek: «Klasean hiru baginen batxilergoarekin. Eta hirurak automatikoki sartu gintuzten ofizier izateko eskolan. Baina bik ez genuen onartu». Koronelak deitu zuen ondoren, zergatia eskatuz. Apez gisa Afrikara joateko asmoarekin justifikatu zuen Arbelbidek: «Ni joaten banaiz Afrikara eta han gerla baldin bada gero, ene jendeen kontra eginen dut gerla? Ez dut ari izan nahi horrela». Eta koronelak ihardetsia irriz gogoratzen du: «Zozotzat hartzen gaituzu, ala?».

Aintziart zigortu zuten kargu hori errefusatzeagatik. Baina ez da damutzen. Karguaren ukatzea garrantzitsua zitzaion: «Ez nuen arduradun izan nahi gerla horretan. Eta nahi nuen soldadu xumeekin egon». Davantek ere arrazoi berarengatik baztertu zuen proposamena: «Ofizier izanez, 30 gizonen buru ginen. Eta hor zer egin behar genuen? Presoak fusilarazi, torturarazi, horrelako ardura baten azpian sartzen ginen». Eta gizonak, gainera, hauexek: «Inkontziente ziren gazte batzuk», azpimarratu du Arbelbidek. Davanten adibidearen haritik, Hoztako gazte baten lekukotasuna bildua du bere liburuetan: «Ez zen behin ere jalgia bere herritik. Oinez joan zen Bunuzerat, Mauleko bidea hartzeko, autobusa hartzeko. Bunuzera heltzean, so egin zuen ezker, so egin zuen eskuin: 'Ze mundu zabala!'. Imajina ezazu mutiko hori Aljerian gertatu delarik, kaka horietan. Nondik nahi duzu iharduki dezan? Ez da posible. Guk bagenuen kultura bat eta prestakuntza bat haiek ez zutena».

Zahartxoago ere bazirela dio Davantek: «Guk hogeita zenbait urte bagenituen». Peillenek: «Kurritu ginen». Davantek: «Bai, hori. Eta irakurri genuen. L'Express orduan arras Aljeriako gerlaren kontra zen. Bi sos banituelarik France Observateur edo Temoignage Chretien erosten nituen aldizka. Eta hor gauza horiek agertzen ziren: han ez zela ordenaren zaintzea, han gerla zikin bat zela. Eta tortura bazela. Edonor garbitzen zutela».

Ororen buru, ikasia armadak armadaren alde erabiliko zuela espero bazuen, hauek laurek izpiritu kritikoa zorrozteko zuten erabili.

Ekintza lazgarrien lekuko

Lauretako inork ez zuen zuzenki torturatu, ez hil. Aintziart izan zen bakarra, izatekoz, kasik hil zuena: «Tiratzear nintzen. Baina nik xantza ukan dut. Gure batailoian urte bat barne 28 hil izan dira. Marokoko muga ez zen urrun, eta pasaia bazen. Handik heldu edo hara joaten ziren fellaghak [Aljeriaren independentziaren aldeko soldaduak]. Nik xantza ukan dut. Lehen aldiz tiro bat entzuten delarik izutzen da. Baina ez zen deus. Bi hornitzaile ziren erreka batean gordeak. Izutu ziren, eta haiek zuten lehenik tiratu. Ene aitzinean zen sarjentuak zituen zutiarazi. Baina beldurra, ez dut besterik ukan, beldurra».

Aldiz, laurak lekuko izan ziren. Hasteko, torturenak. Aintziartek ez zituen ikusi zuzenean, baina bai «entzun». Murruaren bestaldean: «Hor zituzten egiten galdeketak, delako informazio zerbitzuetako ofizierrek. Gu leher eginak jinak, nahi genuen lokartu. Baina garrasiak abiatzen ziren». Ondorioak, ordea, ikusi zituen: «Biharamun batean ikusi genuen fellagh bat jalgitzen. Ez zuen atorrarik eta bizkarra urratua zuen ganibet ukaldiz edo. Oroit naiz nola soldaduak joan ziren ikustera halako kuriositate batekin». Omonierrak nola justifikatu zituen ekintzak ere gogoan du Aintziartek: «Arabiarrak ez zirela gizakiak erranez. Gisa batez ofizier zen, soldadu, apez izan baino lehen. Baina gerla zen».

Peillen erizain gisa izan zen lekuko. Sarjentu baten ikustera bidali zuten informazio bulegora. Hara iritsi, gelako atea jo, sartu eta hor ikusi zuen: «Bazen gizon bat biluzik, lotua. Bazituen elektrodo batzuk barrabiletan, beste bat ahoan. Eta elektrika sorgailu batekin elektrizitatea egiten. Eta gizona lehertzen ari. Animalia bat hiltzen ari delarik bezala ikusi dut hori». Arbelbide bi tokitan egona zen Aljerian. Eta bi toki eta informazio zerbitzuetako ofizierrarentzat txoko bat bazen. Hura beste leku batean egoten zen mezuen transmititzen, irrati bidez. Baina hara behin baino gehiagotan agertu zitzaion sarjentu bat pilen xerka. Eta bazekien pilak elektrika sorgailuarentzat zituztela.

Torturaren larritasuna baztertu gabe, halere, Arbelbidek azpimarratu du tortura anitz aipatua bada, aitzitik, ez dakiela zergatik ez den aipatzen jendeen hiltzea. «Torturatua dena gehienetan bizirik ateratzen zen. Baina jendeak garbitzen zituzten oiloen gisan! Erran behar dira gauzak diren bezala». Oroitzapen bat badu horren lekuko. Telegrama bat bi karta postalen pausatzeko baimena eskatzen zuena. «Denek konprenitu genuen bi pertsona hil behar zituztela. Handik eta zenbait denboraren buruan, lagun bat aurkitu nuen, eta zer pasatu zen galdegin. Eta hark ihardetsi: 'Bi? Preso ziren andana bat dituzte elkartu, eta denak hil'». Beste gisa bereko oroitzapen bat badu. Orduan emazte, haur eta denak zituzten hil: «Izan dira horrela zenbat?». Davantek ere torturak ez ditu ikusi, baina... «Inteligentzia zerbitzu batean bereizia nintzen. Dosierrak ikusten nituen pasatzen. Lerroen artean irakurtzen jakin behar zen». Eta Davantek jakin.

Konplize «nahi ala ez»

Hortik eskapatzeko gogorik ote? Hori ez zitzaiela burutik pasatu aitortu dute laurek. «Norat joateko?», laburbildu du Davantek. Bizkitartean, hor daude gertakariak. Behartzen dutenak gogoetatzera. «Tortura behar da kondenatu. Frantziak egin baitu sistematikoki, eta anitzek, sadismoz. Gure informazio zerbitzuetako hark ikusi zituelarik guk preso hartu genituen biak, bi presoak hari ekartzeko galdegin zigun: 'Irri egin dezagun'. Beraz, plazer zuen», gaitzesten du Aintziartek. Baina, baina bat badu Aintziartek: «Fellaghak arrastatzen zenituelarik, bazekien hark non ziren haren lagunak. Aljeriako gerla gerrilla da. Erran nahi du ez dakizula non den etsaia. Gerrillak maleruski, objektiboki, tortura inplikatzen du. Ez da normala moralki. Baina nola egin? Ala deus ez jakin eta zeure burua kondenatu? Behar duzu jakin non duzun etsaia; bestela, zu zara hila izanen edo zure laguna». Eta horra Aintziarten galdera: «Non da galdeketaren eta torturaren muga? Noiz da hasten tortura? Gerla ez da hasi behar. Frantsesez irakurri dut perpaus bat dioena gerlak ekoizten duenaz elikatzen dela gerla. Gerla hasi eta...».

Davantek logika hori «konprenitzen» duela ihardetsi dio Aintziarti, baina ez dela «normala» berretsiz behin eta berriz. Bien arteko eztabaidatxo bat sortu eta, hona Davanten gogoeta: «Baina hori egin behar dute ofiziokoek. Ez 20 urteko Hoztako edo Larrabileko semeek. Horregatik, nik diot politikoek dutela ardura. Horiek ditut nik begietan beti. Nolaz igorri gaituzte hara? Prestakuntzarik batere gabe. Ez buru ez buztanik ez zuen gerla batera? Ez zen ongi ateratzen ahal gerla hasiz geroz. Zortzi urteko gerlaren ondotik zer gertatu da? Aljeria galdu da. Dena galdu da. Militarki irabazi da, baina beste guzia galdu da. Gerla inutil bat izan da. Gu gerla inutil batean soldadu izan gara. Gainera, gerla galtzaile gisa ikusiak gara. Zilegi ez zen gerla baten galtzaile gisa ikusiak gara. Guk zer ospatu behar dugu? Deus ez. Gure ahalkea?».

«Konplize» sentimendua hor dute. Hilketa edo torturetako aktore zuzen ez badira izan ere. «Konplize ginen, nahi ala ez. Argi eta garbi» dio Davantek. Besteek baieztatu dutena. Eta hortik hel daitekeela trauma eta idatzi beharra. «Nik hasteko hortik dut», Davantek beti.

Trauma kolektiboaz duda zenbait ditu Arbelbidek: «Ez dakit anitzek drama gisa sentitu duten. Hori besterik da oraino». Davantek berriz baietz uste: «Nire ustez, batzuek gaizki lo egiten dute. Andana batek».

Lagun baten tristura oraindik gogoan iltzatua du Aintziartek: «Ni baino bi hilabete lehenago bazuen La Quille [bizitza zibilera sartu aitzineko azken eguna, besta eguna]. Oraino ikusten dut bere ohean jarririk bere zakua prest kamioiaren beha Frantziara joateko. Burua apal, fitsik erran gabe eta triste. Eta erran nion erdaraz: 'Ohartzen zara azken eguna dela?Amaitu da! Hori guzia bururatua da!' Baina hark erran zidan ez dela gehiago lehen bezala izanen. Hortik isildu da jendea». Idaztea, oro har, belaunaldi oso baten terapia gisa ikus daitekeela baieztatu dute laurek. «Segur. Batzuek ez dute aipatu nahi», Davantek.

Horren erdian, literatura

Batzuk mintzatzeaz beldurtu badira ere, laukoteak ez du beldur hori sentitu. Zergati nagusia, traumaren haritik doa: «Lehenik, purgatzeko, tripako minen aterarazteko» Arbelbidek. «Nik ere zakuaren husteko» baieztatu du Davantek. «Behar» bat zuela: «Ene burua ikusi dut alemanak Maulen okupazioz zirelarik bezala. Nik ikusi nituen Maulen. Ene burua horrela ikusten nuen Aljerian. Hori da trauma handi bat». «Mina eztitzeko egin dut. Hitza da erremedioa gisa batez. Literatura hori da», bere aldetik, Aintziartek. Eta gero, «jakinarazteko», Arbelbidek: «Nehork ez baitzekien zer pasatu zen han zuzen. Han ibiliek ukatzen dute oraino ere». Davantek: «Ez da ez dakitela, baina ez dute nahi ere jakin». Aintziarten analisia ere bide beretik doa: «Zergatik ez den mintzatzen gerlari ohi bat? Beldur baita ez dadin sinetsia izan».

Horren guztiaren aurka, idaztea baino hoberik ez: «Nola jakinarazi, ez bada idatziz?» galdetu du Arbelbidek. «Idazten duzu ez duzulako hitz egiten», Aintziartek. Davantek: «Erraten ahal ez duguna idazten dugu». Peillen gaiaz idazten hasi bada, «tortura salatzeko»izan da. Hasieran, testu bat idatzi zuen horretaz: «Frantsesera itzuli nuen. Igorri nuen Parisera. Eta badakizu nork testuaren kontra egin zuen? Pierre Ibarrondo sozialistak. Guy Mollet eta Mitterrand errudun hutsak ziren. Nor zen barne ministroa tortura abiatu zelarik? Mitterrand».

Peillenek gogoratu du bere ipuinetan ikuspegi anitz dituela bildu, eta horien artean, batzuk «arabiarra» izan balitz bezala idatzi ditu. «Independentista gisa». Nabarmendu du hori ere berritzaile zela garai hartan. Ikusiak liburura pasatzea urrats bat baita. «Irakurtzeko interesantea behar duzu izan», dio sinpleki Arbelbidek. Eta idaztean bada denbora denaren errateko. «Mintzo zarelarik, hemen poxi bat erranen duzu, hantxe beste poxi bat. Izkiriatzean nahi duzun guzia erraten duzu».

Aintziartek: «Literaturaren bidez, beharbada, hobeki pasatzen da. Idaztean irakurlea gogoan duzu beti. Literatura, lehen kolpean, halako konfesio bat da, Rousseau eta San Agustinen zentzuan. Kontatzen duzu. Baina emeki-emeki hitzen amodioz edo hitzen graziaz, beste mundu bat sortzen duzu. Jasangarri bilakatzen duzu». Ondoko auzoari baieztapen baten xerka: «Idatzi dukalarik halere plazer bat sentitu duk? Sendatu haiz doi bat?». Davanten erantzuna, Arbelbidek errana bereganatuz: «Purgatu. Purgatzeak on egiten du. Tripa husten duk».

Mundu bibliko bat zenaz

Ahantzi nahi ez diren memento eder batzuk ere badituzte laurek. Eta horri lotua ere badute idazte prozesua nonbait: «Oroitzapen biziki onak ditut», dio Aintziartek. «Adiskidantzaren oroitzapenak. Ez dut egundaino geroztik horrelako adiskidantza sentitu lagunen artean. Kalapita bat ez da urte batez izan. Gauza bera bizi genuen, eta zinez elkar maite genuen. Zinez. Humanoki hori aberastasun izugarria da. Liburuetan irakurtzen da hori, eta bizi izan dut. Eta orain ere aipatzean halako plazer bat sentitzen dut. Zoriona ene baitan».

Davantek ere ñabardura hau ekarri nahi izan du: «Nik, bitxi bada ere, Aljeria maitatu dut». Beste hirurek baieztatu dutena. «Eta musulmanenganako errespetu handia dut». Haur aljeriarrei noiztenka goxoki eta bixkotxak ematen aritzen zen Aintziart: «Hunkigarria zen. Guretzat bake egunak. Gero debekatu ziguten ematea. Bixkotxa horiek hartzen zituzten jaten emateko gerlarieri». Bizkitartean, sentimendu hau nagusitzen zitzaion: «Orduan sentitu dut: 'Ni ez naiz hemengoa. Haur horiek dira horkoak'. Ez zen gure lurra». Davantek: «Hori hastetik agerian zen. Ez gaude etxean hemen».

Peillenek honela ditu deskribatu: «Bizi ziren pixka bat Palestina zahar batean. Kristoren denborako Palestina gisa ikusten nuen. Jendeak jantziak ziren Kristoren garaian bezala. Bizi ziren Kristoren garaian bezala. Beste mundu bat zen». Davanten iduriko: «Mundu bibliko bat zen. Eta gu hara gerla zikin baten egitera. Hori ez da barkatzen ahal».

Oroitzapen goxoen bila Bardeetara joaten dela aitortu du Aintziartek: «Gisa batez Aljeriako oroitzapenak deuseztatzeko». Arbelbidek baieztatzen diona: «Aljeria da han». Han «bakea»aurkitzen du Aintziartek: «Ze isiltasun. Hori plazer hutsez egiten dut. Frankotan gertatzen zait: 'To! Aljeriako alfatustak bezalakoak dituk horiek' pentsatzea. Baina hemen ez duk gerla. Bakea duk. Artzaina ikusiko diat ixtantean».

Eta euskaraz

«Behin Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian Bernardo Atxaga buruak Ipar Euskal Herriko idazleei leku bat egin zien. Eta guk batere elkarrekin mintzatu gabe Aljeriaz idatzi genuen», gogoratzen da Davant. «Eta gero, Xiberoko Bozan, gazteek erran zidaten Iparraldea aipatu behar genuela, eta ez genuela egin. Baina gu, idazle gara, eta nahi duguna idazten dugu. Xakurrak mihia ekartzen du min duen lekura. Horrela sendatzen du». Gehiago dena, ez dela kasualitatea guztiek Aljeriaz idatzi izana. Peillenek beste anekdota hau du horren haritik: «Aldizkari baterako Aljeriaz idatzi nuena ezin zutela publikatu erran zidan Ibarrondok, ez baitzen euskal gaia. Eta nik erantzun: 'Shakespeareren Julius Cesar zer da? Ni ez naiz Shakespeare, baina hark ingelesez idatzi zuen, ez latinez'. Nik idatzi dut Errumaniaz, Ceaucescuz, Alemaniazâ eta beste. Beste munduak ere ezagutu behar dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.