Lau txapeldun ohi izango ditu lehian Sotok Nafarroako Txapelketan

Iaz atseden hartu ondoren, Xabier Silveira izango da etzi Tafallan hasiko den ekitaldiko protagonistetako bat

Iazko finalistak,  lana amaitu ondoren, erdian Julio Soto txapelduna dela. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Iruñera itzuliko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala 40. aldian. Azken urteetan Lesakan eta Elizondon jokatu da, batez ere, eta, hemezortzi urteren ondoren, hiriburura itzuliko da finala aurten, Labrit pilotalekura, zehazki. Apirilaren 9an zortzi bertsolari ariko dira bertan txapela lortzeko kantuan. Ordura arte ere izango da bertsorik, ordea, finalera heltzeko sailkatu egin behar baitute lehenik kantariek. Etzi jokatuko da lehen kanporaketa saioa, Tafallan, Andre Mari parrokiako aretoan.

Guztira, 27 bertsolari ariko dirakantuan aurtengo ekitaldian. Iazko kopuru bera. Baina ez iazko berak. Errepikatu egingo dira izen-abizen asko, baina badira nobedadeak ere. Iaz atseden hartzea erabaki ondoren, itzuli egingo da aurten, adibidez, Nafarroako sei txapel dituen Xabier Silveira lesakarra. Aurrez txapeldun izan diren beste lau bertsolari izango ditu ondoan: Bittor Elizagoien, Estitxu Arozena, Julen Zelaieta eta Julio Soto —egungo txapelduna—.

Bost izen berri ere izango dira. Lehenengoz ariko dira Patxi Castillo beratarra, Josu Sanjurjo eta Iban Garro lesakarrak, eta Irati Majuelo eta Ainhoa Aranburu iruindarrak. Iazko finalean bigarren gelditu zen Arkaitz Goikoetxea da, aldiz, aurten izenik eman ez duenetariko bat.

Bi fasetan antolatu dute sailkapen prozesua. Lau azken-laurden izango dira hil honetako datozen bi asteburuetan, eta hiru finalaurreko saio martxoan. Azken laurdenetako saio bakoitzeko lehen bertsolaria zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetarako, eta puntuazioaren arabera sailkatuko dira beste 11 bertsolariak.

Bigarren fasean ere, finalaurrekoetan, antzekoa izango da sistema. Saio bakoitzeko lehena zuzenean pasatuko da finalera, eta puntuazioaren arabera erabakiko da beste bost bertsolariak zein izango diren. Bertsolari guztiak ez dira, ordea, behe-behetik hasiko. Finalaurrekoetarako zuzenean sailkatuko dira Oskar Estanga, Estitxu Arozena eta Julio Soto, iazko finalean egindako puntuazioei esker.

Herriz herriko saioak

Bertsolaritza ezagutarazi eta sustatzea da txapelketaren xedea, Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzailearen hitzetan. Horregatik, azken urteetan egin dutenez, Nafarroako hainbat herritara eramango dituzte bertso saioak. Gune bertsozale eta ez bertsozaleetara.

Tafallan jokatuko da etzi lehen saioa, eta Irurtzunen igandez bigarrena. Donezteben otsailaren 26an, eta Berriozarren 27an. Finalaurrekoak Beran, Leitzan eta Elizondon izango dira, martxoaren 12, 19 eta 26an.

Ondu eta dastatu izango da aurtengo txapelketaren leloa, eta www.nafarroakotxapelketa.com orrialdean dago saio eta bertsolari guztien zerrenda eta informazioa. Bertan jarriko dute entzungai aurtengorako Oskar Estanga bertsolari eta musikariak sortutako sintonia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.