Gaur bildu dira Donostiako Viktoria Eugenian Eneko Goia Donostiako alkatea, Josemi Beltran zinema jaialdiko arduraduna, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaria eta AI Amnesty International-eko Izaskun Fernandez kidea jaialdiaren berri emateko. Bertan jakitera eman dute Laurent Cantet zinemagileari emango diotela saria, gai sozialen inguruan "kontzientziazio" lan handia egin duelako. Bestalde, arduradunek nabarmendu dute zinema jaialdiak "kontzientziak astintzeko" gaitasuna duela: "Filmak ikustean gaizki pasa dezakegu. Baina balio dute geure baloreak elikatzeko eta kontzientzia hartzeko", azpimarratu du Goiak.
Hain zuzen, Donostiako hiriak giza eskubideekin duen konpromisoa berretsi du alkateak, eta oroitarazi du orain 70 urte sinatu zela Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala: "Jaialdian balioan jarriko ditugu orain arte egindako aurrerapauso guztiak". Aurrerapenak bai, baina oraindik egiteko lan handia dagoela azpimarratu du Vaquerok: "Munduan zehar urratu egiten dira eskubide horiek. Filmen bitartez ezagutuko dugu errealitate hori, izan ere, giza eskubideen kultura sustatu nahi dugu". 53 film ikusteko aukera izango da, eta, gainera, lau erakusketa ere egongo dira ikusgai.
Josemi Beltran Giza Eskubideen Zinemaldiko antolatzaileak nabarmendu du zinemak baduela gaitasuna errealitatea agerian uzteko: "Munduan gertatzen diren gauzak modu askotan konta daitezke. Zinema da lengoaia horietako bat, oso interesgarria, gainera". Azaldu du aurten arreta bereziz erreparatuko dietela haurrak protagonista diren istorioei. Besteak beste Maasja Oomsen Alicia, harreran dauden haurren bizipenak kontatzen dituen pelikula eta Muhi - Generally temporary Gazako (Palestina) haurren errealitatea azaltzen duen Rina Castelnuovo-Hollanderren eta Tamir Eltermanen filma izango dira ikusgai. Felix Colmenerren Shootball ere ikusi ahal izango da. Bertan Kataluniako pederastia kasuak jorratuko dituzte. Eta, hain zuzen ere, haurtzaroa ikuspegi sozialetik lantzeagatik eta giza intereseko gaiak oinarri dituzten pelikuilak egiteagatik omenduko duten aurten Cantet.
Laurent Canteti omenaldia
Ibilbide luzeko zinemagile frantziarra da Cantet, eta ikuspegi sozialeko hainbat film egin ditu. Ospea, ordea, 2008an Entre les mursfilmarekin lortu zuen. Frantziako periferiako auzo bateko institutu batean kokatzen da istorioa, eta nerabeek dituzten gora beherak azaltzen dira bertan. Saria jasotzeaz gain, zinema jaialdiko amaiera ekitaldian zuzendariaren beraren azken filmaren aurre estreinaldia izango da. L'atelier pelikulan gazteen eta hezkuntzaren inguruko auzia jarriko du mahai gainean.
Bestelako gaiei ere helduko diete Giza Eskubideen Zinemaldian. Esate baterako, ikuspegi feministatik landutako hainbat film eskainiko dituzte; Beauty and the dogseta A Better Man film entzutetsua kasu. Gainera, zinema jaialdiari hasiera emateko The Divine order filma hautatu dute. Suitzan emakumeek bozka eskubidea nola lortu zuten azaltzen da bertan. Migrazioaren auzia eta Siriako gerra ere eramango dute aretoetara. Urrutira joan gabe, ordea, Espainian bertan eskubieen urraketak gertatzen direla salatu du Fernandezek hitzartzean.
Adierazpen askatasuna hizpide
"Zinema ezinbesteko tresna da giza eskubideak aldarrikatzeko eta nahi duguna aske adierazteko" , azpimarratu du Fernandezek. Baina, azken urteetan, eskubide hori kolokan dagoela salatu du AIko kideak: "Mozal legeak bete betean urratzen du eskubide hori". Ohartarazi du, gainera, bereziki kazetariei eta aktibistei eragin diela neurri horrek. Beltranek ere hizpide izan du adierazpen askatasuna, eta azpimarratu du aurten ugari izango direla gai hori lantzen duten filmak. Hala nola, Rupert Russelen Freedom for the wolf eta Carlos Suarez, Isabel Suarez eta Pablo Gimenezen Desde el otro lado del charco izango dira ikusgai.
Azken film horren ondoren mahai ingurua antolatu dute zinema jaialdiko kudeatzaileek. Mahai inguruan Isabel Suarez zuzendaria, Josu Ibargutxi Frankismoaren krimenen aurkako plataformako kidea eta Ana Messuti Argentinako Kereilako abokatua izango dira. Bestelako ekitaldiak ere prestatu dituztela azaldu du Beltranek: haurrentzako ekitaldiak, kultur etxeetako emanaldiak eta solasaldiak ere izango dira. Egitarau osoa dago Giza Eskubideen Zinemaldiaren webgunean ikusgai.