'MARTHA GRAHAM KONPAINIA'
Konpainia: Martha Graham Dance Company. Piezak eta koreografoak:Diversion of Angels (Martha Graham), Immediate Tragedy (Martha Graham), We the People (Jamar Roberts), Cave (Hofesh Schechter). Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Maiatzaren 23a.
Martha Graham Dance Company AEBetako dantza konpainia zaharrena da: ehun urte baino gehiago ditu eta Bilboko Arriaga antzokira ekarri duen egitarauak laurogei urte baino gehiagoko tartea hartu du.
Gaualdiko lehen pieza —Diversion of Angels— 1940. urtekoa da. Grahamen koreografian zuriz jantzitako emakume zuri bat agertu da eszenaren erdian, posizio estatikoan, eta haren alboan praka marroiak eta enborra agerian zituen dantzari beltz bat kokatu da, bien artean eskultura klasiko moduko bat osatuz. Beren beregi aipatu dut arraza barietatea, AEBetako aniztasuna ondo islatu delako dantzarien konposizioan —Ekialde Urruneko jatorriko baten bat barne— horrek dakartzan esangura eta edertasunarekin.
Baina zuriz jantzitakoa ez da emakume bakarra izan, harekin tartekatuta gorriz jantzitako beste bat eta horiz jantzitakoa ere izan direlako protagonista puntualak. Haien inguruan zebiltzan gizonek lehendabizikoaren janzkera bera eraman dute, eta beste lau emakumeak kolore bereko soineko luzearekin agertu dira.
Norman Dello Joio estatubatuar konpositorearen musika garai haietako joera klasizista modernoen zorduna da, eta haren pean jardun dute dantzariek, Grahamen sinbolismo abstraktu betean eta denen prestakuntza fisiko itzelarekin Antzinaro klasikoaren perfekzioa bilatuz —greziar eskulturak bainoago, etruskoenak etorri zaizkit gogora—. Koreografoaren esanetan, emakume protagonisten hiru koloreek gaztetasuna, pasioa eta amodio espirituala ordezkatzen dituzte, baina lan honetatik gehien gogoratuko duguna dantzaren bidezko edertasun puruaren bilaketa izango da.
Immediate Tragedy Espainiako Gerra Zibileko emakumeen omenez sortu zuen Grahamek, baina gero galdutzat eman zen, eta orain ikusi duguna Janet Eilberrek berrosatu du 1937ko emanaldi bateko argazkiekin eta bestelako artxiboekin. Taula gainean Yi-Chung Chen aritu da bakarrik, Christopher Rountreeren piano musikan bilduta. Chenen gona luzea beltza zen kanpotik eta gorria barrutik sinbolikoki, eta zinta gorri batek apaindu dio ilea. Espainiari buruzko estereotipoei jarraituz, flamenkoari egindako erreferentzia urrunak antzeman zitezkeen musikan, eta dantzariaren eboluzioetan sufrimendua, kemena, tragedia eta duintasuna izan dira nagusi.
Jamar Roberts koreografoaren We the People pieza 2024an estreinatu zen eta lau zatitan banatu da. Haietariko bakoitza isilean dantzaturiko solo batekin hasi da —ez dute ekarpen berezirik egin, hala ere— eta gero etorri diren zati dantzatuetan AEBetako iruditeriaren janzkera eta folk musika eboluzionatua izan dira nagusi talde-koreografia sinkronizatuetan. Azkenik, Hofesh Schechterren pieza bat etorri da, baina palestinar herri birrinduaren elkartasunez ez dut israeldar koreografoen lanei buruz idazteko asmorik.