Europako Batasuneko herritarrek zuzen-zuzenean aukeratzen duten erakunde bakarra da Europako Legebiltzarra. Legeak ateratzen ditu, milaka pertsonaren bizimodu arruntean eragina dutenak, baina gutxi batzuek dute Europako Parlamentuak Bruselan, Luxenburgon eta Estrasburgon dituen egoitzen irudi zehatz bat.
Horregatik, Goethe-Institutuak, Thomas Huber eta Jorg Koopmann komisario taldearekin batera, Batasuneko hamar herrialdetako argazkilariak gonbidatu zituen 2006an eta 2007an, bi asteko lan saio bat egitera, Europako Legebiltzarraren araketa fotografikoa egitera. Artista hauek hartu zuten parte:JH Engstrom (Suedia), Pierre Faure (Frantzia), Toby Glanville (Erresuma Batua), Lukas Jasansky / Martin Polak (Txekiar Errepublika), Aino Kannisto (Finlandia), Martin Kollar (Eslovakia), Bettina Lockermann(Alemania), Erica Overmeer (Herbehereak), Xabier Ribas (Espainia) eta Krzysztof Zielinski (Polonia).
Proiektuaren helburua ez zen izan aipagarrienak diren gertaera politikoei buruzko argazkiak ateratzea. Parte hartu zuten artistek, hain zuzen, arreta pitzarazi zieten motibo, gai edo egoerak harrapatu ahal izan zituzten euren kamerekin. Parlamentuko eguneroko bizimoduaren alderdi eta une arruntak ageri dira argazki horietan, komunikabideek arretarik jartzen ez dieten egoerak. Neurri berean, askotariko intentzio artistikoak islatzen dira: argazkigintza dokumental klasikotik hasita, arduratsu prestatutako argazkigintzaraino. Erakusketa mundu osoan izan da ikusgai 2007. urteaz geroztik. Orain, Zarauzko Photomuseumen ikus daitekeekainaren 5era bitarte, Argazkien Bilera jaialdian.
Gabriel Celaya
Zarauzko Itxaropena argitaletxean argitaratu zuen Gabriel Celaya idazleak bere aurreneko lana: Marea del silencio. Orain, Argazki Bileren ekimenez, Zarauzko bertako Sanz-Enea kultur etxeak Celayaren oroitzapena berreskuratu du argazki erakusketa baten bidez. Gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiko Koldo Mitxelena kulturunean dauden zenbait album pribatutako irudiak bildu dira erakusketa horretarako. Gabriel Celaya eta haren emazte Amparitxu Gaston dira irudietako protagonista nagusi. Ekainaren 15era arte dago zabalik erakusketa.
Bakartasunak
Sestaoko Garage Lux argazkilarien kolektiboko kidea da Santi Ayuso (Portugalete, 1973). Soledades (Bakartasunak) izeneko sailarekin, han-hemenka laudorioak jaso ditu argazkilariak. Argazki horiek inork gobernatu ezin dituen barneko flash-ak direla esan izan dute adituek, egunerokotasuneko gauzarik arruntenek eragiten duten ezintasun askoren adierazpen bisualak. Sarri bakardadean sentitzen direnak, eta kasu honetan argazkilariak bere jardunaren bakardadetik atzeman dituen irudiek osatzen dute Zarauzko Torre Luzean ekainaren 5ra arte ikusgai egongo den erakusketa.
Espazioa
Espazioa, argia eta denbora. Hiru elementuok eta haien arteko harremanak ezinbestean hartu behar ditu kontuan argazkilariak. Kontzienteki edo inkontzienteki. Baina zer da espazioa? Zeintzuk dira haren ezaugarriak? Ba al da espaziorik denborarik gabe? Eta argirik gabe? Kezka eta galdera horiek buruan zituztela ekin zioten duela urtebete sei artista nafarrek Espazioa izeneko egitasmoari.
Andres Basiliok, Laura Barojak, David Saez de Ibarrak, Estibaliz Diazek, Jorge Aranak eta Zigor Elorriagak, argazki sorta baten bidez, bakoitzarentzat espazioa zer den azaldu behar zuten. Hausnarketa denbora baten ondoren, «kanpo lanari» ekin zioten: «Garrantzitsua iruditu zitzaigun hasieran argazkilari bakoitzak bere lanari ematen zion ikuspuntua ez ezaguztea, horrek azken emaitzan eragin eduki zezakeelako».
Ariketa horren emaitza ikusgai dago Zazpi galerian, maiatzaren 22ra arte.
Argazki saloiak
Zuri-beltzeko argazkiak, 60ko hamarkadaren gizartearen, lekuen eta gizartearen islak. Hamarkada horretan Iruñean egin ziren argazki saloietan hainbat eta hainbat argazkilarik ateratako argazkien bilduma atera du Photomuseumek bere funtsetatik, eta maiatzaren 8ra arte ikusgai egongo da Bidea galerian.
Legebiltzarra argazki iturri
Europako parlamentarien egunerokoa jasotzen du Zarauzko Argazkien Bileren bost erakusketetako batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu