Historia

Lehen aldiz, Amaiurko gazteluari buruzko erakusketa egingo dute Iruñean

Aranzadi zientzia elkarteak azken hamar urteetan egindako indusketetan bildutako eta orain arte ezagutu gabeko arrasto arkeologikoak jasoko ditu

Amaiurko gazteluko monumentua. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
joxerra senar
2016ko irailaren 16a
16:56
Entzun

Amaiur azken gaztelua izenburupean, urriaren 29tik datorren urtarrilera bitartean, Kondestable jauregian 1522ko uztailean Gaztelako armadak eraitsitako gazteluari buruzko erakusketa antolatu du Iruñeko Udalak. Lehen aldiz, azken urteetan azaldutako arrasto arkeologikoak bilduko ditu eta gazteluak sorreratik amaieraraino izan zuen bilakaeraren berri emango du.

Horregatik, Joseba Asiron Iruñeko alkateak “mugarritzat” jo du erakusketa. Lehen aldia da halako erakusketa egiten dela. Bere aldetik, 2006an hasitako indusketa arkeologikoen zuzendariak, Aranzadi zientzia elkarteko Juantxo Agirre-Mauleonek, gazteluaren garrantzi sinbolikoa nabarmendu du: “Amaiur ez da toki fisiko bat soilik, 1522tik toki hori nafar guztien memorian baitago”. Jose Maria Jimeno Jurio historialariak aipatu zuen "Nafarroaren sinbolo" zela gaztelua.

Memoria kolektiboan izan duen garrantzi horregatik, setioaren garaitik gaurdaino idazleek gazteluari buruz idatzi dituzten pasarteak jasoko ditu erakusketak: “Gure ikerlariek aztertu dituzte Amaiurri buruzko dokumentu guztiak eta guztiak transkribatu dira. Nafarroan erresistentzia erakutsi zuen azken gaztelua izan zen eta garaiko eskutitzetan ikusten da barruan zirenen artean bazegoela kontzientzia bat. Hau bukatu da, gu gara azkenak, akabo”, aipatu du Agirre- Mauleonek.

Erakusketaren hiru zatiak

Hala, erakusketak bere lehen zatian 1982ra arteko idatziak bilduko ditu: hala nola, Jose Maria Jimeno Jurio, Lauaxeta, Arturo Kanpion, Serapio Esparza, Julio Altadill, Victor Pradera...Bigarren zatian, gazteluari buruzko artisten begirada jasoko du: “Kondestable jauregiko patioa artearen eta sormenaren gunea izango da. Egungo artisten margoak, ilustrazioak, urmargoak eta grabatuak erakutsiko dira, eta gaztelua hartuko dute inspirazio iturri".

Erakusketaren hirugarren zatiak alor historikoa azpimarratuko du. Aspaldidanik Baiona eta Iruñea arteko bidea zaintzeko muinoan eraiki zen gaztelua eta haren bilakaera azalduko du. Erdi Aroan Nafarroako gaztelu bateko bizimoduaren berri ere emango dio ikusleari.

Jada XVI. mendean, konkistaren hasierarekin batera, gazteluak bere fisonomia aldatu zuen, eta Erdi Aroko gaztelu izatetik garaiko teknologia militarrari aurre egiteko gotorleku bihurtu zen. Garai horretako arrastoak ere jasoko ditu erakusketak. “Adibidez, harlanduan eta harri azpian, ezpata oso bat topatu genuen, eta horrekin batera artilleria zatiak, zeramika zatiak eta aizkora bat. Normalean ezpatak aurkitu ohi ditugu hil ospakizunen testuinguruetan, jauntxoak bere ezpatarekin lurperatuta. Hemen, aldiz, aurkitu dugu ezpata gerra testuinguruan”, azpimarratu du Juantxo Agirre-Mauleonek.

Gotorlekua gaztelu inguruan

Beste bi ideia interesgarri ere azpimarratu ditu Aranzadiko ikerlariak. Historialariek aipatu zieten, dokumentuen arabera, Logroñokoaren antzera, 1522ko gaztelu hura inguratzen zuen gotorleku erdibiribil bat zegoela, baina orain arte hori ez zen azaldu in situ halakorik. “Inkognita hori genuen. Lur azpian ez genuen topatzen baina aurten, azkenik, aurkitu dugu. Tonaka hondakin mugitu ditugu eta jada oso urruti geratzen zaitu hasieran genuen gaztelu txiki haren irudia”.

Bestetik, behin gaztelua eraitsita bere bilakaera izan zuen tokiak: 1631ean, obra handi bat egin zen eta Aranzadiko ikerlariak Stockholmeko artxibo militarrera joan ziren haren berri izateko; gero ermita bihurtu zen; XVIII. mende amaierako Konbentzio gerran iraultza kuartel izan zen; erresistentzia eremu izan zen gerra karlistetan eta 1940en bunkerrak eraiki ziren. Toki berean, hainbeste pasarte historiko biltzeak denetariko arrastoak utzi ditu, Agirre-Mauleonen arabera: “Gaztelu honen paradoxetako bat da. Adibidez, Anis las Cadenas botilla zatien alboan Enrique IV.aren garaiko urrezko dukat txanpon bat topatu dugu”.

Joseba Asironek bereziki eskertu nahi izan du Aranzadi zientzia elkarteak 2006tik egindako lana eta, harekin batera, hala Baztango Udalak nola Amaiurko herriak emandako laguntza eta babesa. Juantxo Agirre-Mauleonek aurreratu du lehen aldia dela halako materiala gizarteratzen dela eta garrantzi berezia eman nahi izan dio. Etorkizunean, Amaiurren zerbait berezia egiteko aukera aipatu du.

Bere aldetik, Maider Beloki Iruñeko kultura zinegotziak azaldu du erakusketak 50.000 euroko aurrekontua izango duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.