«Lehen aldiz herra gainditzea lortu dut»

Memoriaz hausnartzera gonbidatzen du Patricio Guzmanek 'La nostalgia de la luz' dokumentalean

Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Izarrak, desertua, eta, horren erdigunean, milaka eta milaka pertsona torturatu, hil eta desagerrarazi zituen diktadurak, 1973an hasi eta hamazazpi urte iraun zuenak. Txileko iparraldean, 3.000 metroko altueran dagoen Atacama basamortuak usaian lotzen ez diren astronomia, arkeologia, giza eskubideak, iragana, oraina eta geroa uztartzeko aukera eman dio Patricio Guzmani. La batalla de Chile dokumental politiko eta mugarriaren egileak bazter kosmiko, mineral eta begetalak dokumentalaren zerbitzura jarriz, poesia eta espiritualtasun handiko lana osatu du, La nostalgia de la luz, eta Miarritzera ekarri du, Latinoamerikako kulturen jaialdira. Dokumentalen saileko lehian aurkeztu du.

Basamortu horretan mundu osoko astronomoak biltzen dira, euren teleskopioekin. Zeru gardenetakoa baita hangoa. Arkeologoek ere biziki preziatzen dute lekua, Kolonen aurreko marrazki eta momiak biziki ongi kontserbatuak baititu basamortu lehorrak. Eta, bizkitartean, paradoxa mingarri ezin gainditua. Iragan urruna iragan hurbila baino errazkiago aurkitzen dute han. Gertukoa «iragan akusatzailea» delako, dokumentalean diotenez. Teleskopioak basamortuari so jarriko balira? Basamortu horrek ere bere barnean gordetzen baititu diktadura militarrak desagerrarazi hainbat hil. Horrelako zerbait egin du Guzmanek kamerarekin. Desertuan baitabiltza hainbat senide, gorputz galduen bila eta bila. Ezinegon handia, lekukotasunetik lekukotasunera osatzen ahalegintzen da Guzman.

Basamortuan jarriak, Pinocheten garaiko kontzentrazio kanpalekuetako presoarekin hasten da dokumentala. Horietako batean presoak astronomia lantzen aritu ziren, zur puskekin egin neurtzeko tresna bati esker. Askatzeko bide bat izan zuten. Arkitekto preso ohi batek, aldiz, kanpalekuak neurtu, buruz ikasi eta marraztu izan ditu, hortik jalgi eta bertan egin zirenak salatzeko.

Eta hor dago, guztiaren lokarri, aita eta ama hil eta desagerrarazi dizkioten Valentina Rodriguez, gaur egun astronomoa. «Gaia izatez alda daiteke, baina atomoak nehoiz ez dira hiltzen. Hori metafora bat bezala erabiltzen du, guraso desagertuen atomoak Esne Bidean daudela erraiteko. Denak duelako osatzen kosmosa, guztiak gara izarren hautsak», azaldu du Guzmanek, gogoeta bere eginez. «Horrek laguntzen du bake espirituala aurkitzen. Eta, aldi berean, laguntzen du memoriaren bidea jarraitzen. Valentinak ez du ahantzi, eta zoriona aurkitu du. Orain guraso da. Hori da dokumentaleko erantzun beroenetako bat».

Herri baten zauriari dimentsio kosmikoa ematen dio, horren bidez halako lasaitasun bat aurkituz. «Lehen aldia da herra gainditzea lortu dudala. Egia da, 38 urte pasatu dira, eta ez naiz gehiago duela hamar edo hamalau urte bezain erremindua. Baina ez dut oraindik gainditua memoria gosea. Memoria hain da inportanta, segitu behar dugu lanean. Egia azaldu behar da. Nehoiz ez dut abandonatuko». Eta hori, kritika guztien gainetik, nahiz eta batzuek leporatu beti gauza berberaz ari dela, badela besterik. «Segur naiz batzuek pentsatzen dutela eroa naizela, baina niri bost axola. Memoriaren gaia bururaezina da. Eta ez du bakarrik historiaren esku izan behar, eguneroko bizitzaren barne da. Iragana berreskuratzea ezinbestekoa da. Horri esker bakarrik egin daitezke gauzak hobeki. Pisua handiegia da bestela». Dokumentala berriz erakutsiko dute larunbatean, Kasinoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.