Euskadiko Orkestra

Lehen geltokian asmatuta, hurrengora jauzi

Mila lagun baino gehiago bildu dira Euskadiko Orkestraren birako lehen kontzertuan, Varsoviako Filharmonia Narodowa entzunaretoan

Euskadiko Orkestraren kontzertua, atzo, Varsoviako (Polonia) Fhilarmonica Narodowa auditoriumean. BRUNO FIDRYCH
Miren Mujika Telleria.
2023ko martxoaren 29a
07:54
Entzun

Arratsaldeko zazpietarako bete da Varsoviako Fhilarmonia Narodowa auditoriumaren ataria (Polonia). Ordu erdi barru hasiko den Euskadiko Orkestraren kontzertuaren zain daude bertan bildutakoak. Sarrerako leihatilan utzi dute gehienek berokia; aurretik duten bi ordu eta erdiko emanaldia eroso aditzeko.

Bete dira, poliki-poliki, goizeko entsegu orokorrean hutsik zeuden besaulki gorriak. Batetik bestera dabil Oriol Roch, orkestraren zuzendari nagusia, dena ondo atera dadin, azken uneko kontuak fintzen. Handia da entzuleriak Beethoven jaialdiaren kartelburuaren gainean jarri duen espektatiba; eta, hain zuzen ere, horiek bete daitezen lan egin du, denbora luzez, taldeak. Horixe ziurtatu du goizean Robert Treviñok, orkestrako zuzendariak.

Haren batuta noiz altxatuko zain daude auditoriuma leporaino bete duten mila lagun inguru; hark oholtza zapaldu orduko txalo gogotik jo dutenak. Hitzemandako orduan zerbitzatu dio taldeak publikoari lehen platera: Maurice Ravelen Pavane pour une infante défunte. Bukatu orduko entzun diren txaloek adierazi dute gustuko izan dutela lehen pieza hori, eta horrexek piztu die, hain zuzen ere, gehiagorako gosea. Orkestrak baditu gose hori arintzeko beharrezko diren osagaiak, eta dosiz dosi eskaini dizkio publikoari.

Orain arte, baina, oholtza gainean ez zeuden biolinak eta haizezko instrumentu batzuk besterik, eta, hain justu, zeharkako txirula baten doinu lotsati batek egin dio bandako gainontzeko kideei oholtzara igotzeko gonbita. Banan banan sartu dira denak, txalo artean oraingoan ere, Ravelen Boléro ezaguna interpretatzera.

Atsedena egin dute segidan, eta publiko poloniarrak izan du ordura artekoa aldamenekoarekin komentatzeko astirik. Gustatu zaie, antza. Ez dakitena da, ordea, bigarren zatian datorrela platerik indartsuena: Gustav Mahlerren 5. sinfonia. Treviñok berak aitortua da lan hori hautatu izana ez dela kasualitate hutsa. «Orkestran nagoenetik, sinfonien ziklo osoa egin dugu elkarrekin, eta haren musika interpretatzeko dugun moduak ezagutzera eman gaitu; bai orkestra, eta bai ni. Gure espezialitateetako bat da Mahler». Bernabe Garcia Morente tronpeta jotzaile gaztearen talentu bereziak eman dio hasiera piezari. Ordubetez baino gehiagoz jardun dira hura jotzen, baina bistan da denbora luze horrek ez duela musikarien energia xahutu. Izan ere, bi bala geratzen zaizkie oraindik karabinan: Jesus Guridiren Amorosa eta Geronimo Gimenezen La boda de Luis Alonso.

Azken horrek jarri dio ginga kontzertuari; orduantxe atera baititu taldeko Igor Arostegik maukapean gordeta zituen kriskitinak, eta gogotik gozarazi du horrek publikoa, besaulki gorrietatik altxarazteraino. Bost bat minutuz jardun dira txaloka, eta esker onez agurtu ditu talde osoak parean izandako entzuleak.

Tentsioa lagun

«Urduritasunak mendean hartzen ez duen orkestra da hau». Hala adierazi du Treviñok emanaldia amaitu orduko, bekokiko izerdia zapi batekin lehortzen ari zela. «Lan handia egin du taldeak gaur hemen kontzertu puska hau egiteko». Nolanahi ere, protagonistetako batzuentzat ezinbestekoa zen nolabaiteko kili-kiliak sentitzea emanaldia baino lehen. Itziar Prieto biolin jotzailearentzat, esaterako. Gozatu duela dio. Pozarren agertu da emaitzarekin: «Publiko zoragarria izan dugu aurrean, auditoriuma ere primerakoa da, oso ondo entzuten da. Benetan gozatu dugu».

Lehen geltokian asmatuta, beraz, hiru kontzertu dituzte oraindik aurretik, martxoaren 31ra bitarte: Wroclawn, Krakovian eta Katowicen, hurrenez hurren.

Ikusi gehiago:Oihalaren atzeko lan musikala

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.