Aberatsa izango da aurtengo Durangoko Azoka. Behin eta berriz azpimarratu du hori Mujikak, eta hala azaltzen du 53. aldirako aukeratu duten leloak ere: DA! asko dira. «Azken hilabeteetan euskal kulturak utzitako uzta oparoaren isla izango da: 304 liburu, 93 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta bestelako 23 lan berri izango dira. Autoekoizleen plaza ere izango dugu bosgarren urtez: 17 lan izango dira». Iazko aurrekontu antzekoa izango du Durangoko Azokak aurtengoan: 659.912 eurokoa izango da. Ekitaldiak kultur industrian eta inguruko ekonomian duen inpaktua nabarmendu du Mujikak. «Euskal kulturaren transmisioari eta zabalkundeari dagokionez, batetik; eta, bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari eragiten diona».
Bestalde, etzi abiatuko den Euskaraldia dinamikan parte hartzeko deia egin du Gerediagako lehendakariak Landako gunetik. «Durangoko Azoka ere leku aproposa da hizkuntza ohiturak aldatzeko, baina baita kontsumo ohiturak eraldatzeko ere, euskarazko euskal produktuak kontsumitzeko plaza eskaintzen baitu».
SORTZAILE BERRIEI BEGIRA
Sortzaile berriei begira jarri da Durangoko Azoka, eta, bide horretan, Sormen beka da aurtengoak dakarren nobedadeetako bat. Abenduaren 6an jakinaraziko dute nori emango dioten. Euskal kulturari egindako ekarpena saritu izan du Gerediaga elkarteak orain arte, Argizaiola sariaren bitartez. Iaz, baina, planteamendua irauli, iraganeko ibilbideak saritzeari utzi, eta iragarri zuten etorkizunekoei laguntzen hasiko zirela. Literatura da aurtengo Sormen bekaren gaia, eta 28 lan aurkeztu dituztela azaldu du Mujikak. «Oso pozik gaude deialdiak izan duen harrerarekin eta jasotako lan kopuru zein kalitatearekin». Egitasmo sarituak datorren urteko azokan aurkeztuko du bere lana. «Euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen lagunduko dugu, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte».AURRESTREINALDIAK
Euskal zinemagintzaren egoeraren isla da Irudieneak prestatu duen egitaraua; indartuta baitator aurtengoan. Urtero bezala, Durangoko Zugaza zineman kokatuko da, eta, egunero, 11:00etatik 21:00etara bitarte izango da zabalik. Hartu-emanerako eremua izango dela azpimarratu du Johana Olabarria guneko arduradunak. «Sortzaileak, aktoreak eta zuzendariak bertan izango dira gerturatuko diren herritarrekin solasaldia egiteko».Orain arte ikusi ez diren filmak erakutsiko dituzte Irudienean: Telmo Esnalen Dantza dokumentalean oinarrituta ondu duten dokumental sailaren lehen atala eta Koldo Almandozen Oreina ardatz hartuta landu dituzten hiru film labur, kasurako. Horrez gain, hiru lanen aurrestreinaldiak ere iragarri dituzte: Fernando Bernuesek zuzendutako Soinujolearen semea, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa eta Oier Aranzabalek ekoitzitako Margolaria. Azoka egunetan zehar, gunean bertan banatuko dituzten gonbidapenak eskuratzea beharrezkoa izango da emanaldietara sartzeko.
Urte osoan aurkeztu diren beste hainbat lan ikusteko aukera ere izango da. «Azken urteetan ikusi dugu euskal zinemagintzan nolako lanak aurkeztu diren. Irudieneak aniztasun hori irudikatu nahi du». Gure Oroitzapenak film kolektiboa, Paul Urkijok zuzendutako Errementari eta Josu Martinezen Jainkoak ez dit Barkatzen filma, besteak beste.
MUSIKAREN DURANGO
Ahotsenean parte hartzeko ehun eskaeratik gora jaso dituzte gunearen bere 11. urtemugan. «Oraindik ere ari gara jasotzen». Unai Pelayo Ahotseneko arduradunak azaldu duenez, orotara, 70 kontzertu programatu dituzte. «Zuzenekoetan, talde hasi berriak, ibilbide luzekoak eta erretiratutako talderen bat ere egongo da». Horrez gain, 42 solasaldi ere izango dira gune horretan. Batez ere euskal idazleen azken lanak gertutik ezagutzeko aukera izango dela azaldu du Pelayok.Ahotsenea ez da izango, ordea, kontzertuak bilduko dituen gune bakarra. Plateruena antzokian formatu handiko bost emanaldi izango dira: Huntza taldea izango da oholtzara igotzen lehena, abenduaren 5ean; 6an, Esne Beltzak eskainiko du kontzertua; hilaren 7an, Modus Operandi talde berriak bere lana aurkeztuko du; abenduaren 8an, larunbatean, Anestesiaren emanaldia izango da; eta Olatz San Salvador abeslariak itxiko du kontzertuen zikloa.
Hautsi Bolumena saio berriaren berri eman du Ihintza Orbegozo Plateruenako arduradunak. «Azoka Telebistarekin elkarlanean, saioa egingo dugu eguerdi guztietan. Talde eta musikariekin elkarrizketak eta zuzeneko saio txikiak eskainiko ditugu». Aurtengoan, ibiltaria izango da Azoka TB, eta azokako gune guztietan gertatzen dena jasotzea izango du helburu, Oihane Agirre arduradunaren hitzetan.
EGONKORTUTAKO GUNEA
«Espazioa partekatzetik proiektua partekatzera pasatu gara». Antzerkia eta dantza dira Szenatokia gunearen esparrua, eta egonkortuta dagoen egitaraua eskaintzen dute urtez urte San Agustin aretoan, Arantza Arrazola arduradunaren arabera. Egun bakoitzean emanaldi bat egongo da aurtengoan. Hika antzerki taldeak Txarriboda kabareta eskainiko du abenduaren 6an, eta dantzak hartuko du gunea 7an: Gasteizko Larrua proiektuaren Baserri pieza erakutsiko du. Hiru ikuskizun labur eskainiko dituzte 8an: Atx teatroaren Tomiris, Amancay Gaztañagak zuzendutako Agur eta dolore obra eta Anodino teatroaren Schrodinger-en katua. Benetan Be antzerki taldearen Inondik Inora piezarekin itxiko dute azoka, abenduaren 9an.IPUIN KONTALARI MARATOIA
Transmisioa da Saguganbara gunearen ardatz nagusia: haur eta gazteengan jartzen du arreta espazioak, eta aurtengoan ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte; sormen tailerrak eta musika ikuskizunak, tartean. Aurten, baina, berrikuntzekin dator gunea, Itsaso Gangoiti guneko koordinatzaileak azaldu duenez. «Ahozkotasunari garrantzia eta balioa eman nahi diogu, eta azken egunean, igandean, ipuin kontalarien maratoia egingo dugu».Kokalekua aldatuko du Kabi@ guneak aurten; Landako gunetik kanpoko espazio batean izan da orain arte, eta Azoka gunera sartuko da aurten. Gorka Julio arduradunak azaldu duenez, askotariko egitaraua prestatu dute 53. aldirako. Abenduaren 5ean, ikasleen egunean, programazioa irakasteko Jolasmatika mahai jokoarekin jardungo dira. Wikipediaren egitasmoa ezagutarazteko tailerra egingo dute 7an, eta komunikazioaren esparruari lotutako proiektuak aurkeztuko dituzte 9an: Itsulapikoa.eus eta Izarkom telekomunikazio kooperatiba, kasurako. Azken egunean, Uztaritz Beteluren erakusketa jarriko dute.