‘Ikuspuntuak. Ellas’ erakusketa

Lehengo emakumezko artistak eta egungoak, elkarrekin lotuta

‘Ikuspuntuak. Ellas’ izenburupean, Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako zortzi margolanen inguruan hausnartu dute zortzi emakumezko artistak. Ikus-entzunezko proposamen bat da emaitza, eta Tamara Garcia zinemagilea aritu da gidari. Bihartik aurrera egongo da ikusgai.

'Ikuspuntuak. Ellas' ikus-entzunezko proiektuan parte hartu duten artistetako batzuk, gaur goizean, Bilboko Arte Ederren museoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko otsailaren 28a
14:22
Entzun

Joan den urteko arrakastaren ondoren, Ikuspuntuak egitasmoa antolatu du bigarrenez Bilboko Arte Ederren Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza sailak. Museoko bildumako zortzi obra aztertu dituzte zortzi emakumezko artistak, eta horien inguruan hausnartu dute. Tamara Garcia zinemagilea aritu da zuzendari lanetan, eta bideo sorta bat da emaitza: Ikuspuntuak. Ellas. Bihartik aurrera egongo da ikusgai, museoaren eraikin zaharreko 17. aretoko ikus-entzunezko gunean; baita museoaren Youtubeko kanalean ere.

Orotara, estilo eta adin ugaritako zortzi artistak parte hartu dute proiektuan: Estibaliz Sadaba, Mabi Revuelta, Elena Goñi, Maider Aldasoro, Malus Arbide, Bego Anton, Amaya Suberbiola eta Lorea Alfaro. Horietako bakoitzak honako margolan bat aletu du: Emakumea eserita haurra besoetan duela (Mary Cassatt), Passage des miroirs (Maria Helena Vieira da Silva), Izenbururik gabea (Isabel Baquedano), Santa Katalinaren ezkon-hitz mistikoak (Sofonisba Anguissola), Costume pour Gaby (Sonia Delaunay), Sarrioa etzanda (Rosa Bonheur), Nukleo organiko plastikoa (Mari Paz Jimenez) eta Femme assise (Maria Blanchard).

Hamabi minutu inguruko zortzi bideo sortak osatu dute ikus-entzunezkoa. Atal horietako bakoitza, gainera, bi zatitan banatu dute: obraren inguruko dokumentu erregistratu bat eskaintzen dute hasieran, eta elkarrizketa bat ondoren. Kamera bakarrarekin filmatu dute, narraziorik gabe, eta gaztelaniaz ikusi ahal izango da. «Euskarazko eta ingelesezko azpitituluak ere izango ditu», aurreratu dute.

Finean, artistak obraren inguruan hausnartzera bideratu ditu Garciak, bakoitzaren testuinguru kulturalak zein sozialak abiapuntu gisa hartuta: «Behaketaren ohiko kodeak desegin eta museoko bilduma era aske eta subjektiboan interpretatzea izan da asmoa».

Artelan batzuk

Emakumea eserita haurra besoetan duela margolana aletu du Sadabak. «Harrituta geratu nintzen obra ikustean: nik egiten dudanarekin zerikusi handia du. Etxe barrualde bat erakusten da, eta emakumearen rola erakusten da: zaintza, etxeko lanak egin beharra…»

Aldasorok, kasurako, Sofonisba Anguissola artistaren Santa Katalinaren ezkon-hitz mistikoak obraren inguruan egin du gogoeta. 1588. urteko margolan bat da, eta bertan erakusten diren ehunei zein koreografiari erreparatu die: «Oso esperientzia aberasgarria izan da. Halako hausnarketa bat egiten dudan lehen aldia izan da, eta obra bera beste ikuspuntu batetik begiratzeko aukera eman dit. Nire lanaren eta berearen arteko nolabaiteko energia bat aurkitzeko balio izan dit».

Berez, joan den urtean aurkeztu zuen museoak lehenengoz ikus-entzunezko proposamen hori. Ikuspuntuak I. Gorputzak izenburupean, hamasei emakumek zortzi obraren inguruan hausnartu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.