Lehoia errege euripean ere

Van Morrisonek 4.000 lagun inguru bildu ditu Sondikan, Music Legends Fest jaialdian. R&B, jazz eta soul doinuekin giroa epeltzea lortu du. Ruper Ordorika eta Motxila 21 aritu dira aurretik.

Music Legends Fest jaialdiko kartelburuetako bat izan da Van Morrison. Ordu eta erdiko kontzertua eman zuen herenegun, Sondikan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Sondika
2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Euriak nabarmendu gura izan arren, protagonista bakarra izan zuen ostiraleko gauak: Van Morrison handia. Emanaldiaren hasierara arte gelditu gabe zebilen ekaitzak su-etena ematea lortu zuen, gainera. Horrek kapusaiak kentzera animatu zuen jendea. Sondikan (Bizkaia) egin den bigarren Music Legends Fest jaialdiko plater nagusia zen Belfasteko lehoia. 4.000 lagun inguru bildu zituen jaialdiak herenegun; batez ere, jende heldua.

Abesti berriak ezagunekin tartekatu zituen musikariak: Too Late, Moondance, Wild Night, Someone Like You... Ordu eta erdian 21 abesti interpretatu zituen, erritmo bizian. Morrisonek saxofoia eta harmonika menperatzen dituela erakutsi zuen, eta 71 urterekin (abuztuan 72 beteko ditu) sasoiko dagoela argi utzi zuen. Pirotekniaren edo trikimailuen laguntzarik gabe, baina musikari talde trinko baten babesarekin jardun zuen. Lehenbiziko abestietan, Georgie Fame kideak ere lagundu zuen. Alta, teklatu jotzailea ez zen gonbidatu bakarra izan. Atzo jaialdi berean parte hartzekoa zen Imelda May gehitu zitzaien Bring It On Home To Me abestian, eta txalo zaparrada ugari eragin zituen horrek.

Ibilbide osoko harribitxiak aletu zituen Morrisonek, Baby Please Don't Go eta Precious Time, besteak beste. Gaua erori zenean, argi jokoek are gehiago epeldu zuten giroa, eta kontzertuak goia jo zuen Brown Eyed Girl eta Gloria klasikoekin. Jendearen irribarreak ikusita, hara bilduak aseta geratu zirela agerikoa zen.

Helduen topagunea

Arraroa da Van Morrisonek Ola bezalako gune batean kontzertua ematea. Jazz jaialdietara edota areto itxietara ohituta dago, eta salbuespena zuen herenegungo kontzertua. Zuhaitzez beteriko berdegune batean dago Sondikako Ola, eta paraje ederra eta lasai askoa eskaintzen du. Beharbada, horrek arindu zion Belfasteko lehoiari muturbeltz fama.

Jainkoa izatera jokatzen saiatu zen Morrison, publikoari eskuko telefonorik ez erabiltzeko exijituta. Oharrak, baina, ez zuen eraginik izan, eta sakelako ugari ikusi ziren; halere, segurtasun taldeko kide bat abisua ematen aritu zen, banan-banan, arau urratzaile guztiei; azkeneko abestietan gertatu zen hori.

2015ean etorri zen azkenekoz Euskal Herrira Belfasteko lehoiak. Iaz, Keep Me Singing (Caroline) diskoa kaleratu zuen, eta beste garaikide batzuek ez bezala, Van The Man ez da konformatu bere klasikoak berrinterpretatzearekin.

Gaua amaitzeko, Rubia taldeak kontzertu atsegina eman zuen. Euririk ez egiteak ere mesede egin zion. The Game laugarren lana estreinatu zuten. Ordurako, gazteenak edo parranda gogoz zebiltzanak baino ez ziren geratzen Olako inguruetan.

Hodei beltzak zeruan

Jardunaldia hasteko, Motxila 21eko kideak igo ziren taula gainera. Bizitasuna darie nafarrei, eta publikoak eskertu zuen bizigogo hori, euria mehatxu hutsa baino gehiago zelako ordurako. Van Morrison beraren There Stands The Glass abestiaren bertsioa egitera ausartu ziren, gainera.

Jarraian, Ruper Ordorika taularatu zen, bere taldearekin batera. Oñatiarrak azken laneko abestiak klasikoekin uztartu zituen, euriari desafio egin zioten ehunka lagunen gozamenerako. Emanaldi amaierarako zirimiria hasia zen, eta Georgie Famen kontzertua hasi orduko, ekaitza nabarmena zen. Halere, publikoa dantzan jartzea lortu zuen hirukoteak. Ikusleek 1930eko eta 1960ko hamarkadetara bidaiatu zuen haiekin. Berriki zendu den Roger Moore aktorea ere omendu zuten.

Euriaz gainera, tabernetan eta tiketak saltzeko postuetan egin ziren ilara luzeek hainbaten pazientzia agortu zuten —deigarria hutsegitea, adin tarte batetikgorako ikusleentzako jaialdia dela kontuan hartuta—; hala eta guztiz ere, oro har, giro polita sortu zen.

Bigarren jaialdia du aurtengoa Music Legends Fest honek. Atzo,besteak beste, Imelda May, Gov't Mule eta Alpha Blondy & The Solar System reggae legendek eman zituzten kontzertuak. Iaz, berriz, Jethro Tull, Graham Nash eta Bob Geldof aritu ziren beste askoren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.