Leinu baten erakusle

Juan, Maria, Eduardo eta Pedro Txillidaren lanak bildu ditu Donostian Ekain galeriak, 4 Txillidak izenpean. Lauren obren laginak ikus daitezke

Pedro, Juan, Maria eta Eduardo Txillida, atzo, Donostiako Ekain galeriako erakusketan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ander Perez Argote
Donostia
2016ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Maria, Eduardo eta Pedro Txillida Eduardo Txillida eskultorearen (Donostia, 1924-2002) seme-alabak dira. Juan Txillida, Gonzalo Txillida margolariaren (Donostia, 1926-2008) semea. Elkarren anaia, arreba, lehengusu eta lehengusinak dira. Arteak elkartu zituen laurak, halabeharrez, jaio ziren familian jaio zirelako. Eta aiten bideei eutsi zioten, norbere eran eta diziplinan. Oraingoan, arteak elkartu ditu berriz, Donostiako Ekain galeriako Rita Unzurrunzagaren ekinbidez. Atzo aurkeztu zuten 4 Txillidak erakusketa, eta han izan ziren arte leinuaren lau erakusleak. Gaur inauguratuko dute jendearentzat erakusketa, 19:30ean, eta ekainaren 11ra arte izanen da zabalik.

Ez da artelanak elkarrekin erakusten dituzten lehen aldia: 1998 edo 1999an —ez datoz bat urtea gogoratzean—, erakusketa bat jarri zuten Huescan (Espainia) lau lehengusuek eta bi aitek. Oraingoan, ordea, lehen aldiz erakutsiko dituzte obrak batera bigarren belaunaldiko lau Txillidek bakarrik.

Oro har, azken urteetan egindako obren lagin bat aukeratu dute artistek Donostiako galerian erakusteko. Pedro Txillidak giza gorputza izan ohi du inspirazio iturri eta gai nagusi. Ekain galerian paratutako koadroetan ere ageri da gorputza, ardatz eta elementu nagusi gisa. Collage estilora egindako lanak dira, marrazkian dutenak abiapuntua, eta nahastutako akrilikoz osatuak. Paperek ere, paper berezi eta kalitatezkoek, presentzia handia dute obretan, eta baita testuek ere. Koadroekin batera, egurrez eta burdinez ondutako bi eskultura ere eraman ditu artistak Ekain galeriara.

Maria Txillidak «beti» egin duenari eutsi dio azken urtean egindako lanetan ere. Paper bereziak Txinako tintaz marraztea da beti egindako hori. Aurreko lanetan bezala, forma «orekatuak» osatu ditu, «simetria mantenduz». Kolorearekin jolastea gustatzen zaiola aitortu zuen atzo margolariak, nahiz eta «diskretuago» ibili azkenaldian.

Eduardo Txillidak koadro handi bat paratu du galeriaren erdian, beste bi txikiago aldamenean, eta azken bat aretoaren beste pareta batean. Estilo eta gai bera dute lau lanek: Igeldoko (Gipuzkoa) estudiotik ikusten den Donostiako ikuspegia islatu du artistak, bi planotan; lehenean, estudioa agertzen da, pinturarako tresnaz betea. Bigarrenean, paisaia bera. Oinarrian, kolore askotako akrilikoak dituzte koadroek —«ez zait gustatzen zuriaren gainean margotzea»—, eta haren gainean olioz eginda daude irudiak.

Juan Txillidak, azkenik, kutxa forman egindako egiturak paratu ditu. Alanbrea da nagusi haren lanetan, material horrek «askatasuna» ematen diolako. Obra guztietan, izarrak, batasunak eta distantziak izan ditu gaitzat, «espazioak bilatu eta itzalekin jolasteko».

«Artea baloratzen den mundu batean biziz gero, errazagoa da arterako joera izatea». Hala erantzuten du Pedro Txillidak, familiaren eraginaz galdetuta. Baina argi du ez dela horrekin nahikoa: bide propioa egin behar du norberak, artista izango bada. Hala egin dute lau Txillidek. Eta ez dira azkenak: artean dabiltza hirugarren belaunaldiko beste hainbat senide ere. Denak dira enbor bereko ezpalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.